Ivan Santamaria.
GEURE KONTU

Italia: bizilagun deserosoak ate joka

2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Eurokraten artean beldur pixka bat ikusten dut. Baina ez naute izutzen». Luigi Di Maio M5S 5 Izar Mugimenduko liderraren hitzak dira. Martxoaren 4ko Italiako hauteskundeetan boto gehien eskuratu zuen alderdia da M5S. Bi hilabete geroago, herrialdea gobernatzeko bidean da Di Maio, eskuin muturreko Legarekin akordioa eginda. Balizko gobernu programari buruz zenbait filtrazio egon dira egunotan. Merkatuek erreakzionatu egin dute: Italiako zorpetze publiko handiaren interesak igo egin dira, eta burtsetan galerak izan dira. Testuinguru horretan ulertu behar da M5Sko buruzagiaren oharra.

Bitxia da, baina oso oharkabean igaro dira Italian izandako bozen emaitzak. Duela ez hainbeste, halako emaitza batek berehala erne jarriko zuen mundu guztia. Pentsa zer gertatu zen greziarrek Syriza aukeratu zutenean. Arrazoi bat baino gehiago egon daiteke hori azaltzeko.

Lehena Italiako politika konplexua dela. Ez dira gutxi izan halako akordio bat urrun ikusi dutenak. Bozek ekarritako ondorio argiena Matteo Renziren hondoratzea izan zen. Hori argi geratu zen, baina ez hainbeste gobernu alternatibo bat martxan jartzeko modua egongo zenik. Ulertu behar da Italian, M5S izan ezik, alderdi askotako koalizioak direla nagusi, eta interes talka handia izan ohi da.

Beste arrazoi bat krisi osteko giro leunagoa izan daiteke. Europako Batasunak aspaldiko hazkunde daturik onenak izan zituen iaz, aurreikuspenak gaindituta. Esparru politikoan, Frantziako eta Alemaniako bozen emaitzek arnasa eman zioten batasunaren aldeko establishment-ari, hil edo biziko bi partida irabazi izan balitu bezala. Indarrak euroguneko erreforman jarrita zeuden, hor ere orain arteko aurrerapenak oso eskasak izanagatik. Erresuma Batua irteterakoan, Italia izango da batasuneko ekonomia handienetan hirugarrena. Aurretik ere oso zaila zen adostasunak lortzea aldaketa sakonak erabakitzeko. Errepublikako gobernu berriak hartu nahi duen norabidea ikusita, ezinezkoa dirudi.

Argi esateko, M5Sk eta Legak eskubide eta zilegitasun osoa dute gobernua eratzeko, ados jarri eta beharrezko gehiengoak lortzen badituzte. Herritarren borondateari entzungor egiteak azal dezake, neurri bateraino, Europako politika azken urteotan sartu den zurrunbiloa. Zilegitasun demokratikoa mespretxuz tratatu da gehiegitan. Beste kontu bat da aliantzak iraungo ote duen. Bigarren Mundu Gerratik hona 42 aldiz aldatu du Italiak lehen ministroa, agintaldi bat 625 eguneko.

Orain, ikusi behar da zer duten eskaintzeko euren burua eliteen aurkakotzat aurkeztu duten horiek. Zarata handia piztu du euro proiektuaren kontrako jarrerak. Moneta bakarretik irteera behartzea baztertu dutela agindu dute M5Sk eta Legak. Diru paralelo bat jaulkitzeko proiektua ere bolo-bolo ibili da, baina, oraingoz behintzat, ez da izango programa politikoaren parte. EBko antolakuntzari adierazi zaion mesfidantza eta kritika ez da garatuko agindutako ekinbide zehatzetan.

Parte interesgarriena agindu diren erreformetan egon daiteke. Bote lasterrean, nahasketa deigarria jarri da mahai gainean. Hasiera batean, ezkerrak begi onez ikus ditzakeen neurriak iragarri dituzte: oinarrizko errenta gutxien dutenentzat, eta 2011ko pentsio erreformaren puntu batzuetan atzera egitea. Horri proposamen atzerakoi samarrak kontrajartzen zaizkio, hala nola errenta eta sozietate zergan tasa finkoa jartzea —denentzat bera, aberats edo pobre—, eta zerga amnistia bat eskaintzea. Arlo ekonomikotik kanpo gauza ilunagoak daude: nagusiki, Legak eskuin muturretik bultzatu nahi duen migrazio politika gordina.

Programa hori aurrera eramateko, dirua beharko du Italiako gobernu berriak. Asko. Nekez izango da bateragarria EBko arauekin, idatzita dauden bezala. Europa batuaren eraikinean etxebizitza du Italiak, eta bizilagun berriak sartu dira jabetzan. Etxebizitzan erreforma esanguratsuak egin nahi dituzte, eta, horretarako, komunitatearen arauak aldatzeko exijituko dute. Gainerako jabeak lehendik ere eztabaidatzen ari ziren nola egokitu eraikina. Espero ez zituzten bizilagun deserosoak heldu zaizkie ate joka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.