Emakumeak plazan (I). Dantza

Plazak, gero eta moreago

Emakumeek gero eta plaza gehiago ibiltzen dituzte, baina euskal dantzaren alorrean ere urrats anitz daude egiteko. Herri batzuetan, gero eta presentzia handiagoa dute emakumeek; besteetan, ez. Eztabaida bizia dago.

Orain arte gizonak soilik dantzatu diren dantzetan emakumeak sartu izanak eztabaida sakona piztu du toki askotan. Elizondoko mutil dantzetan, esate baterako. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2013ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Zer toki du emakumeak euskal dantzan? Zein da haren egitekoa? Emakumeek tradizioetan oro har duten parte hartzearen inguruko gogoeta pil-pilean dago Euskal Herrian. Euskal dantzan ere aldaketak izaten ari dira. Entzutetsuenak gatazka piztu den tokietan gertatu direnak dira: Elizondoko mutil dantzetan, esaterako. Baina ez da soilik gatazka. Herri askotan emakumeak inolako arazo edo oztoporik gabe sartu dira ordura arte gizonek egindako dantzetan. Beste batzuetan, oraindik ez da eztabaida edo gogoa azaldu. Dena den, plazak gero eta moreagoak dira.

Emakumea beti dantzatu izan da. Horregatik, emakumea dantzatua izan da baieztapena ez du begi onez ikusi Oier Araolaza dantzan aditu eta dantzariak. Haren ustez, «sinetsi» egin dugu emakumea ez dela dantzatu, baina afera ezin liteke modu hain sinplean aztertu. «Egia partziala da, eta, beraz, gezur partziala ere bada, eta, kasu horretan, kategorikoa den neurrian partzialtasun horrek erabat faltsu bihurtzen du adierazpen hori». Harago doa Araolaza, eta, haren esanetan, emakumea gehiago dantzatu da XIX. mendean XX.ean baino, eta gehiago XVIII. mendean XIX.ean baino. «Beti arazoekin, beti bizitza publikoan emakumearen parte hartze normala oztopatzeko ahaleginekin, baina dantzatu da». Horren lekuko dira garai bateko testigantzak eta kronikak.

Pertzepzio hori sokadantzatik eratorria dela dio Eibarko dantzariak; are gehiago, XX. mendean nagusitu zen eredutik. «Gizonezkoek monopolizatu zuten eredu hori, eta oso gutxik ihes egin zioten horri», esan du Araolazak. Baina hori ez da beti horrela izan. XIX eta XVIII. mendeko sokadantzak «pluralagoak» eta «irekiagoak» ziren; garai hartan «modan» zegoen dantza arrunta zen. Horren froga izan liteke, besteak beste, Resurreccion Maria de Azkuek jasotako kanta bat. Gaia dantza ez bazen ere, sokadantza batean emakumea buru zela dio letraren zati batek: «Behin batez joan ninduzun Isturitzeko plazalat, andre eder bat ikusi nuen dantza buruan zohala». Dena den, ezin liteke esan emakumeek gizonek bezainbeste dantzatzen zirenik. Dantza espazio publikoaren erabilera sinbolikoa izanik, gizarte ereduek arautuko zuten seguruenik.

XX.mendean, ezkutuan

Araolazaren arabera, XX. mendean lortu zen emakumea ia erabat ezkutatzea, paradoxikoki ustez emakumearen eskubideen kontzientzia pizten zen garaian. Errepertoreo ekarpenetan, adibidez, argi ikus daiteke genero bereizketa. EAJk ezpata dantza batzokien bidez Euskal Herri osoan zabaltzea erabaki zuenean, emakumeei beste toki bat eman zitzaien. Pentsatu zuten neskek ezin zutela ezpata dantza egin, eta haientzako espresuki prestatutako dantzak, urratsak eta jantziak asmatu zituzten. Konstrukzio lan bat dago, generoan oinarrituta. «Momentu horretan sortzen dira genero markak».

Ez da hori 1992. urtean Zuberoan pasatu zena. Orduan, Eskiulako gazteek izan zuten maskarada plazaratzeko ardura. Denak emakumeak izan ziren. Begi onez ikusi ez zuenik egon bazen ere, horrek atea ireki zien gainontzeko herrietako emakumeei. Gutxika-gutxika emakumeek gero eta pertsonaia gehiago hartu zituzten: hasieran gorriak, baina azken boladan, baita beltzak ere. Araolazak dioenez, hori 60 urte lehenago pasatu izan balitz, seguruenik ez zuten emakumeek parte hartuko. Ideologia kontua dela uste du.

Hala ere, oro har, euskal dantza gehienetan protagonistak gizonak izan dira. Uste horretakoa da Aitzpea Leizaola antropologoa. Emakumea ageri den dantzetan, normalean, bikotea dela dio. Ez da protagonista huts izan plazan; ez zuen ohorezko dantzetan parte hartzen. Bai, aitzitik, dantza sozial deitu dituenetan, «harremantzeko» balio zutenetan. Baina XX. mendearen azkenengo laurdenean aldaketa «ikaragarria» gertatu zen. «Emakumezkoak gero eta presentzia handiagoa izan zuen, kasik gizona ordezkatzeraino».

Leizaolak azaldu duenez, dantzak karga sinboliko handia du. «Dantzaren presentzia oso inportantea da maila instituzionalean: agintariek jendaurrean dantzatu behar izateak agerian uzten du dantzak gizartean duen garrantzi sinbolikoa». Horregatik, erakargarri bihurtzen duela dio, alor sozialean «aitorturik» dagoelako. Araolazak azaldu duenez, aldaketak «nahiko ziklikoak» dira; grafiko bat eginez gero, tontorrak ikusteko aukera izanen litzateke. Euskal dantzetan eragina duten boladak eta joerak izaten dira, alegia. Azken urteotan mugimendua dago berriz ere, eta aipatu du emakumeak dantzetan duen parte hartzeari dagokionez urratsak egin direla, nahiz eta «poliki-poliki» izan. Hori gizartean zabaltzen ari den berdintasun nahiarekin lotu du. Uste berekoa da Leizaola. Haren aburuz, gizartea aldatu egin da, eta aldatzen ari da etengabe. Horrek tradizioak ere etengabe aldatzera daramatza.

Euskal Herriko mapari begiratuta, ikus daiteke hainbat herritan gizonek egiten zituzten dantzetan emakumeek ere parte hartzen dutela. Ez guztietan, inondik inora, baina genero bazterketarik gabeko dantzen kopurua handituz doa. Leizaolak esan duenez, bestetako postu nagusietan emakumeen parte hartzea modu ezberdinean gertatu da Euskal Herrian. Herri batzuetan, sozialki onartu egin da hasieratik emakumeen parte hartzea. Leizaolak inauterien adibidea jarri du: Ituren eta Zubietako joaldunetan, esatera, arazorik gabe onartu da emakumea. Badira ere hasieran errezeloz begiratu baina arazo handirik gabe onartu dutenak. Horren adibide jarri du Donostiako danborrada.

Araolazaren esanetan, Baztanen, adibidez, gatazka piztu bada ere, beste askotan emakumearen parte hartzea arazorik sortu gabe normalizatzen ari da. Dena den, badira gaia mahai gainean jarri ez duten herriak ere, non gizonek baituten dantza nagusien monopolioa. Horrek ere badu eraginik gatazka gehiago sortu ez izatean. Baztanen banandurik daude mutil dantzetan pertsona guzien parte hartzea onartzen dutenak eta soilik gizonek parte hartu behar dutela uste dutenak. Araolazak dio ez dela azalpen posiblerik emakumeak borobilean ez onartzeko. Hala ere, egoera hori da, eta uste du berdintasunari kalterik handiena egin diezaiokeena gatazka betikotzea dela.

Egoera oso «konplexua» eta «zaila» da; horregatik, uste du kasu horiek tentuz hartu beharrekoak direla eta kudeatzen asmatu behar dela. «Festa, dantza eta tradizio maitale garen heinean, gatazka ahalik eta ongien bideratzea eta gatazkarik gabe berdintasunerako urratsak egiteanahi dugu», azaldu du. Dena den, gauza bat argi du Araolazak: «Inor ezin dugu gurekin festa egitera edo dantzatzera behartu». Horregatik, bi aldeak gehiago banatu beharrean haien artean gerturatzeko ahalegina egiteko beharra ikusten du. Horretarako, uste du bestea aitortu beharko litzatekeela. Adibidez, orain arte egindako lana onar daiteke. «Besteak gurekin dantzatu nahi izatea litzateke arrakasta». Beraz, emakumeak dantzetan parte hartzeko modurik onena momentuan dantzatzen dutenekin adostea dela dio. «Sua piztea sahiestu behar da; hori da garrantzitsuena», esan du. Baztanen, berandu bada ere, orain aurkakotasuna desaktibatu egin behar da. Leizaolak ere herri bakoitzean berari dagokion konponbidea bilatu behar dela dio. Baina gauza bat argi du: «emakumeak dagoeneko dantzatzen dira, eta horrek ez du atzera bueltarik».

Deban, emakumeen alde

Halaxe egin dute Euskal Herriko hainbat tokitan. Deban, kasurako, emakumeen parte hartzearen alde egin dute. Aurten, abuztuaren 16an, Sanroke ezpata dantza herriko neska-mutilek kaleratuko dute. Gauza bera pasatu zen Lizartzan. Han emakumeak dantzan hasi ziren gizonekin batera, baina ez zen zalapartarik izan. Normal hartu zuten plaza. Batzuetan eztabaiden ondoren eta beste batzuetan eztabaidarik gabe, emakumeak onartu dituzten herrien zerrenda zabala da: Andoain, Donostia, Hernani (Gipuzkoa), Cortes, Ribaforada, Monteagudo, Goizueta (Nafarroa), Eltziego, Guardia (Araba)... Arabako herri horien kasuan, gizonezkoek egiten zituzten dantzetan emakumeak sartu ziren. Nesken dantzak dira gaur egun.

Ezpata dantzen mugimenduan ere naturaltasunez sartu dira emakumeak dantzara. 2005. urtetik aurrera sortutako eta berreskuratutako ezpata dantzetan genero berdintasuna da nagusi. Eibarren, Beasainen, Andoainen, Añorgan (Gipuzkoa), Iruñean... Egoera hori ikusirik, baikor da Araolaza, gizartean borondatea badagoela uste baitu. Hala ere, oraindik urrats asko dago egiteko. «Prest gaude, baina askotan ez dakigu nola egin», aitortu du. Dantza taldeetan, esate batera, beti banatu egin izan dira emakumeak eta gizonak: dantzak, jantziak, entsaioak... Horrek «ezinegona» sor dezake aldaketak mahai gainean jartzean. Halere, uste du pertzepzioa negatiboagoa dela, hein handi batean, «hedabideen jokaeragatik».

Haren aburuz, soilik gatazketan zentratzea ez da onuragarria berdintasunean urratsak egin ahal izateko. Leizaola ere baikor dago. «Ez dut zalantzarik, emakumeek badakite dantzan, eta transmisio rola ere jokatzen dute». Gainera, aipatu du toki askotan gizonek dantza albo batera utzi dutela eta horrek emakumeei toki gehiago eman diela. Hemendik aurrera aldaketa nola egin pentsatu beharko dute dantzariek. Sinple iduri dezaketen baina sakonean buruhausteak sortzen dituzten galderei erantzun. Adibidez: nola jantziko gara?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.