Brasilgo Munduko Kopa

Ideologoa

Klinsmannen alboan hasi, eta haren oinarria beste maila batera igo du Loewek. Alemania gaztea, bizia eta ausarta trebatu du. Orain etorkizuna da erronka.

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Eskuak poltsikoetan eta zerura begira. Alemaniako federazioko hautatzailea bainoago, FIFAren nazioarteko diplomatiko bat zirudien Maracanan. Munduko Kopa altxatzera behartu zutenean euforia pixka bat azaleratu zuen. Ez gehiegi; diskrezioa eta dotorezia. Itzaletan egotera ohituta dago Joachim Loew (Schoenau, Alemania Federala, 1954), eta gustuko du rol hori. Ez baita exekutore, pentsalaria baizik, ideologoa.

Itzala du gustuko, itzaletan iritsi zelako Alemaniako selekzioko aulkira. Jurgen Klinsmann 2006ko Munduko Kopa prestatzen ari zela, Jogi Loew bere lagunarekin oroitu zen 2004ean. Alemaniak zortzi urteko titulu lehortea zeraman, eta etxeko Munduko Kopa nazio auzi bilakatua zen. Klinsmann izaera beroko teknikaria da, lider bat, baina lan iluna egingo zuen bekadun saiatua behar zuen. Taktika, analisia... Lan hori egiten espezialista dela esateak laburbiltzen du hobekien Loewen izaera. Uzkurra baita, ez elkarrizketazalea eta ez bereziki ezaguna Alemaniako zaleen artean. Baina emaitzak lortu ditu.

2006an hirugarren izan zen Alemania, eta Klinsmannek kargua utzi zuen. Hark gomendatu zuen Loew hasitako bideari jarraitzeko hautagai egokien gisa. Lagun hurkoak joko alai eta bizia egingo zuen selekzio baten ideia zuen buruan. Herenegun, Loew harekin oroitu zen finala irabazi osteko prentsaurrekoan: «Hau duela hamar urte hasi zen, Klisnmannen planarekin».

Loew kolpetik ezagun bilakatu zen Alemanian. 1995ean, futbolari bidea lesio baten erruz utzia zuen, eta talde teknikari gisa beste munduko distirarik ez. Kalsruhe 3. Mailara jaitsi zuen, Alemaniako Kopa irabazi zuen Stuttgartekin, joko estilo erakargarriarekin, eta Austriako Liga Vienako Rapidekin. Ageriko egin zen berehala erretzailea dela, yoga egiten duela, janzkera asko zaintzen duela —horregatik da bereziki ezagun— eta futbolaren eraginez apaiz bidea alboratu zuela gaztetan. Baina izaera lasai hura prest al zegoen selekzioa gidatzeko?

Alemaniak Klinsmannen planarekin jarraitzen zuen. Loewek Bundesligako talde guztietako entrenatzaileekin hitz egin zuen estilo baten hazia landatzeko.Munduko Kopako finalean atera zuen hasierako hamaikakoko bederatzi jokalarik Bundesligan jokatzen dute. Loewen azterketa, dena den, 2008ko Eurokopa izan zen. Alemania txapeldunorde izan zen, Espainiaren aurka finalean galduta. Selekzioaren norabidea ona zen, baina autoa motelegi zihoan zelaian: Ballack, Frings, Lehman... 1970eko hamarkadan jaiotakoak galga ziren.

2010era begira erabaki ausarta hartu zuen: beteranoak atera eta multzoa gaztetu zuen. Federazioan oso sartuta, behe mailako teknikariek gazte belaunaldi ikaragarri bati buruz hitz egiten zioten. Haize freskoari atea irekitzea erabaki ezin zuzenagoa izan zen. Phillip Lahm Alemaniako kapitainaren autobiografiak hauts asko harrotu zuen. Bere ibilbidean izandako teknikari ia guztiak larrutu zituen, eta salbatzen ziren bakanetakoa zen Loew. «Selekzioan harekin hasi ginen lan profesionala egiten».

Txapeldun izan berri den taldeak Hegoafrikan eman zituen lehen pausoak. Finalerdietan kanporatu zuten, berriz ere Espainia, baina harro utzi zuen Munduko Kopa. Partida hartan Thomas Muellerrek ez zuen jokatu, zigortuta zegoelako; bai, ordea, Neuerrek (24 urte), Khedirak (23), Oezilek (21), Boatengek (21)... Artean ez zen haien garaia. Multzoak eskarmentu handiagoa behar zuen, eta xehetasun txikiak doitzea.

Selekzioak liga kutsatu zuen. Plana aurrerantz zihoan. Louis van Gaal, Jupp Heynckes eta Pep Guardiolak, Bayern Munichen, eta Jurgen Kloppek, Borussia Dortmunden, bide hori urratzen jarraitu zuten. Entrenatzaileek mesede handia agin diote Loewi, azken finean ideia bera baitzen: baloiaren jabetza eta zentzua, eta, baloirik gabe, presioa. 2012ko Eurokopak lehen kolpea emateko garai egokia zirudien, baina Italiak eten zuen bidea, berriz ere finalerdietan. 1996az geroztik titulurik irabazi gabea zen, eta Alemaniak hiru finalerdi zeramatzan jarraian. Garai larria izan zen, krisia; estilo berriak ez zuen fruiturik ematen. Ordurako, Hoewedes, Kroose, Hummels eta Reus selekzioan zeuden.

Artelana, baina, Brasilen borobildu du Loewek. Brasilen aurkako 1-7koan jo zuen goia, eta, ordukoan ere, hautatzailea lasai, hotz; libretatxoan oharrak hartzen. Eta orain, txapeldun denean, galdera logikoa da: noiz arte? 2016ko Eurokopa osteko kontratua du, eta hiru milioi euroko soldata urtean. Esku artean talde gaztea du; Klose eta Lahm dira ordezkoa behar duten pieza bakarrak, eta badago horien tokia betetzeko jokalaririk. Goetze, Kramer... Dinastia bat hasi den ustea zabaldu da, eta ez dirudi iparra galduko duenik. Ez behintzat ideologoak dirauen bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.