«Hemen teatroa bizi da»

Egunero hamahiru ikasle biltzen dituzte aurten Artedramak Aulestin antolatutako antzerki eskoletan, eta ikuskizunak ere antolatu dituzte arratsaldero igandera bitarte. Egitasmoa urtez urte sendotzen joan dela uste dute antolatzaileek, eta diotenez, hurbiltasuna izan da horretarako giltza.

Inigo Astiz
Aulesti
2016ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Gure terminoetan eta gure neurrietan, baina hemen teatroa bizi da. Hemen, merezi du». 11.a dute aurtengoa Artedrama Antzerki Laborategi eta Topaketek Aulestin (Bizkaia), eta hitz horiekin deskribatu du bertan bizi den giroa Ander Lipus antzerkigile eta Artedrama taldeko kideak. Eguerdiko eguzkitara, bare dirudite kaleek, baina itxura baino ez da; astelehenean hasi eta igandera bitarte argia baita programa herrian: antzerki eta dantza eskolak hartzen dabiltza egunero hamahiru ikasle frontoi alboko gelan, eta arratsaldero ikuskizunak izaten dira herriko aretoetan hara bildu nahi duen ororentzat. «Jendearen erantzunak egiten du hau posible», jarraitu du Lipusek. «Hemen ez zaude bakartuta zure ametsekin. Hemen feed-back-a dago zentzu guztietan: irakasleen artean, ikasleen artean, taldeen artean, publikoarekin...».

33 urte zituen Lipusek topaketak hasi zituztenean, eta 44 ditu orain, eta urtez urte sustraitzen igarri du proposamena. Datu bat aipatu du frogatzat. «Eskoletarako matrikula zabaldu genuenean, oso azkar bete zen zerrenda aurten, eta batzuk kanpoan geratu dira plaza gehiago ez zegoelako. Jendeak interesa dauka». Eta baietz dio Patricia Urrutia antzerkigileak ere. Kanpoan aritu da lanean, eta lehen urtea du topaketetan irakasle orain, baina Lipusek aipatutako energia bera igarri du berak ere hasiera-hasieratik. «Elkar elikatze bat eta elkarlan bat badago hemen. Bakoitzak gure egiteko modua dugu, eta oso interesgarria da egiteko modu hori ikasleekin partekatu ahal izatea».

Eskolan kanta baten azken notak entzuten dira bozgorailuetan, ikasleak badoaz inprobisatutako dantza mugimenduak pixkanaka motelduz, eta amaitutzat eman du eskola Idurre Azkue dantzariak. «Mila esker». Txaloak. Luzapenak. Eta atseden tartetxoa. Lehen aldia du Azkuek ere Aulestin, eta egunero dabil bertan irakasle. Goizeko lehen orduak dira bereak, eta bukatu berri du bere eskola orain; pozarren dagoela dio. «Konfiantza dute ikasleek, eta entregatzen dira. Oso eskuzabala da hori».

Ez da soilik irakasle lanetan joan Aulestira, ordea. Gaur arratsaldean eskainiko du Joseba Irazoki musikariarekin batera sortutako Dantzagurea ikuskizuna herrian, eta, aitortu duenez, bereziki biziak bilakatu ditu horrek egun hauek, tartekatu egin behar izan dituelako entseguak eta eskolak. «Ez ditut sekula biak batera egin, eta presio puntu bat ere sentitu dut horregatik, baina espero dut emanaldirako gainetik kenduko dudala».

Oholtza eta eskola

Baina ez da Azkue bakarrik; paper bikoitz horretan daude Aulestin irakasle dabiltzan gehienak. «Ikasleek irakaslea eskoletan ezagutzeaz gainera, oholtza gainean ere ezagutzea da helburua», azaldu du Lipusek. Hor daude adibideak. Obarixo Biaz piezarekin izan zen astelehenean Ana Elordi, esaterako, Zerura eroria antzezlana eskaini zuen asteartean Aitor Fernandinok,eta Etxekoak eta Zuek obrak eskainiko dituzte Lipusek eta Ander Fernandezek asteburuan. Baina badira emanaldi gehiago ere. Errime taldearen kontzertua izango da bihar, adibidez, eta etzi Gelajauziak pieza eskainiko du Kukai Dantza taldeak, eta K-tum-foc ikuskizun ibiltaria ere programatu dute.

Atseden unea du orain Gontzal Uribek eskolatik eskolarako tartean, eta, dioenez, Artedrama taldea izan du amua bere kasuan. Haien lana gustuko duelako eman du izena haiek antolatutako ikastaroetan. «Beti egon naiz antzerkiaren munduan sartuta; lagunekin umeentzako antzerkitxoak egiten ibili nintzen hasieran, Barakaldoko Antzerki Ikastegian ere egon naiz gero, eta Santurtziko gaztetxeko egitarauetan beti saiatu izan naiz Artedramakoen lanak jartzen. Oso gustuko ditut. Horregatik, ikastaro hauek ikustean berehala erabaki nuen izena ematea». Eta gustura dabil orain artekoekin. «Oso intentsoa da», onartu du. «Lo egitea ere kostatzen zait gauean, eguna hain adi egon ostean, deskonektatzeko denbora behar delako».

Konektatzea da Karle Beristainek bilatzen duena. Gaztetatik dabil bera ere antzerki munduan. Ondarroan hasi zen, Donostian jarraitu, eta Bartzelonan ere egin zituen antzerki ikasketak, baina denbora darama antzerkitik urrutiraturik, eta itzulera moduko bat izaten ari dira horregatik beretzat ikastaroak. «Beldurrarekin etorri nintzen, baina lehenengo orduan joanak ziren denak. Berrartze eta aktibatze bat da hau niretzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.