Joseba Azkarraga. Sareko bozeramailea

«Adierazpenetatik ekintza zehatzetara pasatu behar da»

Joan den larunbateko manifestazioaren arrakasta oraindik gogoan, alderdiekin beste bilera sorta bat egingo dutela iragarri du Azkarragak; aldaketa eragiteko «gehiengoak» daudela dio.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Aurrekoak lan eta mugimendu handiko asteak izan dira Joseba Azkarragarentzat(Agurain, Araba, 1950) eta Sare osatzen duten herritar guztientzat. Joan den larunbateko manifestazioaren arrakasta oraindik gogoan, adierazpenetatik «parlamentuetara eraman ahalko diren formulazio juridiko eta politiko zehatzak bilatzera» pasatzeko garaia delaazaldu du Sarek. Horretarako, iragarri dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen aurretik alderdi gehienekin izan zituzten elkarrizketek —soilki PPk uko egin zion Sarerekin biltzeari— segida izango dutela datozen asteetan, eta euren proposamena eramango dutela bilera horietara.

Nolako balorazioa egiten duzue joan den larunbateko manifestazioaz?

Oso balorazio positiboa egiten dugu. Eman diren datuen arabera 80.000 lagun inguru mobilizatu ziren, eta hori, lehenagotik zeuden eguraldi iragarpenak kontuan harturik, erabateko arrakasta iruditzen zaigu. Erantzun positibo hori bultzada handia da guretzat, baina erantzukizun handia ere bai, manifestazioan eman diguten babesa ez zapuztera behartzen gaituelako.

Hutsunerik sumatu zenuten?

Ez. Suposatzen dut manifestaziora joateko deirik egin ez zuten alderdiez ari zarela, baina ez, ez genuen hutsunerik sumatu deialdia gizarteari eta etorri nahi zuten guztiei zuzenduta zegoelako. Ez zen alderdiei edo instituzioei espresuki egindako gonbidapenik izan. Manifestazioa babestu ez zuten alderdietako kide asko egon ziren han; norbera manifestazioaren buruan doanean aukera izaten du espaloietan dagoen jendea ikusteko, eta nik alderdi horietako kide asko ikusi nituen. Pozten nau horrek, bidea horixe delako.

Manifestazioaren ostean zein da hurrengo pausoa?

Orain, zehaztearen garaia da. Ez da nahikoa esatea urraketak amaitzearen alde gaudela, baizik eta konpromisoak hartu behar direla pausoak emateko beste batzuekin batera parlamentuetan espetxe politikak aldatzeari begira, hots, adierazpenetatik ekintza zehatzetara igaro behar da. Alderdien eta instituzioen erabakiei diegun begirunetik, horixe eskatzen dugu.

Alderdi gehienak agertu dira espetxe politika aldatzearen alde, baina haien jarreretan ñabardurak daude. Zuek uste al duzue badagoela adostasunera iristeko zorurik?

Bai. Azken bi hilabeteetan jarrera interesgarriak agertu dira, Ahal Dugu-rena esaterako, edo PSE-EErena, urruntze politika abian jarri zuen alderdiarena hain zuzen ere, gertatzen ari denaren kontra. Aurrera egiteko zoru bat badago. Sozialisten jarrera hori baldin bada, eta ez dut motiborik hori zalantzan jartzeko, eta Podemosen jarrera zein den ikusita—bide batez, gogoratu nahi ditut manifestazioaren harira Iñigo Errejonek eta Juan Carlos Monederok sare sozialetan adierazitakoak—, horrek esan nahi du Espainiako Kongresuan badagoela espetxe politika aldatzearen aldekogehiengo bat. Hori zehaztu behar da, baina ez borondate onaren adierazpide baino ez diren legez besteko proposamenekin; lege proposamenak behar dira, horiexek balio dutelako gobernuen politikak aldatzeko.

Dena den, batzuetan politikan adostasun teorikoak ez dira nahikoa izaten. Alderdiekin izandako azken bilera sortaren ostean, esan zenuten Sare prest dagoela «zubi lana» egiteko. Indarrean dirau proposamen horrek?

Jakina, prest gaude zubi lana egiteko beharrezkoa balitz, ez baitakigu benetan beharrezkoa izango ote den. Gu prest gaude gure ekarpena egiteko eta bide honetan laguntzeko, baina ez gara sartuko liskarretan alderdi politikoekin, bidean elkar topatuko dugula badakigulako. Erabateko begirunea diegu alderdien jarrerei, eta datozen asteetan haiekin izango ditugun harremanetan horixe helaraziko diegu.

Kanpoko eragileen faktorea ere hor dago. Batzuetan, besteen jarrerak baldintzatzeko gaitasun handia erakutsi dute.

Hala da. Hedabide batzuk lanean ari dira gai hau blokeatu nahian, eta alderdiak oso arduratuta ibiltzen dira hedabideen erreakzioarekin; horregatik hedabideei ere jarrera aldatzeko eta adostasunerako bideak bilatzeko eskatzen diegu. Biktimen elkarteak ere hor daude; gu ez gara inoiz liskarrean hasiko biktimekin, errespetu handia zor diegulako, baina ez dugu berdin jokatuko biktimak erabiltzen dituztenekin. Manifestazioaren buruan, eta manifestazioari babesa emateko agerraldian biktimak egon ziren, eta biktima horiek esaten ari dira bizikidetzarako pausoak eman behar direla.

Manifestazioa arrakastatsua izan da, baina presoen aldeko manifestazio jendetsuak egon dira lehenago ere. Zergatik uste duzue aurtengoak balio dezakeela aurrekoek lortu ez zutena lortzeko?

Aldagai berriak daudelako: lehen aipatu ditudan adierazpenak, gero eta jende gehiagok bat egitea eskakizun hauekin, lehen kontra zeuden edo iritzirik ematen ez zuten zenbait alderdiren jarrera aldaketa, EPPK-k egindako urratsak eta orain abian jarri duen eztabaida prozesua eta abar. Mugimenduak egon dira, eta orain falta da Espainiako eta Frantziako gobernuek ere pausoren bat eman dezaten. Hasteko, euren legea bete dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.