Katalunia. Elkarrizketa. Joan Queralt. Zigor Zuzenbidean katedraduna

«Badago parlamentuaren aritmetika aldatzeko ahalegin bat»

Queralten ustez, «korapilatsua» izan da Kataluniako Parlamentua osatzeko saioa, baina uste du mahaia osatzea «urrats garrantzitsua» dela. «Ez dakigu zer gertatuko den hemendik aurrera». Kritikoa da auzitegien jarrerarekin.

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2018ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Zuzenbide Konstituzionalean aditua eta Zigor Zuzenbidean katedraduna da Joan Queralt (Bartzelona, 1951). Transjus ikerketa taldeko zuzendaria eta erabakitzeko eskubidearen aldeko juristen Praga kolektiboko kidea ere bada. Kataluniako Parlamentua osatu berri denean solastatu da BERRIArekin.

Abiatu da Kataluniako Parlamentuko legealdi berria. Zer deritzozu parlamentuko letratuek inbestidura telematikoa baztertzeko erabakiaz?

Argi zegoen ez zutela utziko. Noski, badago, era berean, parlamentuaren aritmetika aldatzeko ahalegin bat. Tira, atzoko saioa korapilatsua izan zen, baina legebiltzarreko mahaia gehiengo subiranistarekin osatu da. Hori urrats garrantzitsua da, eta ez dakigu zer gertatuko den hemendik aurrera.

Puigdemont inbestitzeko aukerarik badago?

Tramite desberdinak daude hemendik aurrera. Roger Torrent parlamentuko presidenteak, alderdi politiko guztien ekarpenak entzun ondoren, hautagai bat proposatu beharko du. Gaur-gaurkoz ez ditugu ezagutzen ez hautagaia, ez alderdien negoziazioak.

Rajoyk dagoeneko jakinarazi du Puigdemont Bruselatik telematikoki presidente izendatzen saiatzen badira indarrean mantenduko duela 155. artikulua.

Espainiako Gobernua kontra egongo da, garaitua izan delako. Beraz, alderdi independentisten saiakera orok handitzen du Rajoyren gobernuaren zauria.

Zein iritzi duzu abenduaren 21ean hauteskundeetara deitzeko erabakiaz?

Hauteskundeak Generalitatea desarmatzeko eragiketa frustratua izan ziren.

Alderdi independentisten indarra berretsi eta indartu zen.

Hori bakarrik ez, esango nuke Konstituzionalaren sententziaren ondoren sortu zen joera berretsi dela hauteskundeetan. Eta berretsi da joera independentista eta ez nazionalista, batez ere. Kontakizuna izango litzateke Katalunia independentista dela ongi zaintzen ez dutelako.

Nola interpreta daiteke Ciutadansen gorakada?

Emaitzak, emaitzak dira. Herria da demokrazian subiranoa den bakarra, eta, beraz, ezin zaioazalpenik eskatu. Gertatzen dena da Kataluniako sistema politikoan zentralitatearen indarrak desagertu egin direla. Alderdien sistema desagertu da, eta zentroko alderdirik ez dago, denek babesten dutelako muturreko zerbait.

Non kokatuko zenituzke, orduan, Comukoak?

Hauteskunde hauetako galtzaile handienetakoak direla esango nuke. Ez emaitzagatik bakarrik, baita zehaztasunik ezaren biktima izan direlako ere.

Konstituzionalista gisa definitzen duzu zeure burua. Zein iritzi duzu Espainiako Justiziaren jazarpenaz?

Espainiako Justizian denetarik dago, eta garrantzitsua da bereizketa hori egitea: aste honen hasieran Palau auziaren sententzia ezagutu genuen, urriaren 1eko polizia indarkeriaren kontrako diligentziak daude, eta El País zigortu dute TV3i buruzko informazioa manipulatzeagatik. Justizia, politikaren botere tradizionalarekin alderatuta, ez da monolitikoa.

Zer deritzozu Auzitegi Gorenaren erabakiez?

Auzitegi Gorena gehiago da gorena auzitegia baino. Haren munduaren ikusmoldea ebazpenetan ageri dena da, alegia, Espainiako Gobernuaren bera, soka ideologiko beretik datozelako.

Espainiako Gobernuak esaten du botere banaketa aplikatzen duela.

Tira, zuk sinisten duzu gobernuak esaten duen zerbait? Ez da egia. Botere banaketarik dagoen edo ez halako auzietan ikus daiteke. Izan ere, auzi sinpleetan ez dago arazorik, gobernua ez baita sartzen. Erregimen demokratikoek maskara kentzen dute, eta Kataluniarekin Espainiak kendu du bere mozorroa.

Erran izan duzu eskubideen bermea kriminalizatzen ari dela.

Historikoki, Espainian disidentzia gaizki bizitu da, ezkertiarren eta eskuindarren artean. Baita gai hutsaletan ere. Nor da hobea, Athletic edo Reala? Etsaitasun handiak eraiki dira behin eta berriz, eta politikaz hitz egiten badugu, zer esanik ez.

Hainbat adituk uste zuten preso independentistak hauteskundeen aurretik aske utziko zituztela.

Nik argi nuen presoak ez zirela hauteskundeen aurretik aterako. Are gehiago, uste dut hauteskundeen ondotik ere ez direla aterako. Presoak aske geldituko dira haien ideologiak arazo izateari uzten dion egunean.

Espainiako Gobernuak hainbat hedabide itxi zituen Euskal Herrian. Katalunian halakorik ikusiko dugu?

Esango nuke ezetz, baina kontuan hartu beharra dago gaur egun iragarpenak egitea lanbide arriskutsua dela. Hemengo hedabideetan gizarteko kapa guztien inplikazio handia dago, eta, beraz, egitura kulturalaren euskarri ere badira. Horrek zailtzen du jazarpena, baina zintzoki esaten dizut epaileen erabakiekin edozer gauza gerta daitekeela.

Palau auzia aipatu duzu arestian. Nola eragingo dio Junts Per Catalunyari?

Ez dut uste eragingo dionik. Kontrakoa esango nuke: Junts Per Catalunyaren sorkuntza akuilatzen duen arrazoietako bat da Palau auziaren kontingentzia posibleetatik baztertuta gelditzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.