Leila Khaled. Palestina Askatzeko Herri Fronteko militantea

«Ez dugu negoziatuko erresistentziarako eskubidea»

Al-Fatahen eta Hamasen arteko bileretatik aterako den gobernuak ez duela zertan armak entregatu uste du Khaledek, «Israelek Palestina okupatuta baitauka oraindik».

DANIEL RIVAS PACHECO.
Daniel Rivas Pachecho
Madril
2017ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Palestinarren kausak markak utzi dizkio gorputzean Leila Khaledi (Haifa, 1944). Ahotsa hainbestetan sutu zaio, ezen orain sosegatua baitu, eta oso gutxitan pizten baitzaio. Palestina Askatzeko Herri Fronteko militanteak 74 urte ditu, eta lubakian segitzen du. 1969an, bidaiari hegazkin bat bahitu zuen, eta horrek famatu egin zuen, haren argazkia Palestinako bazter guztietan zabaldu zen eta. Jendearentzat hain ezaguna izanik, kirurgia estetikoa egin behar izan zuen behin baino gehiagotan, aurpegia bestelakotzeko. Borrokaren lehen lerroan segitu nahi baitzuen. Khaleden biografiak bat egin du denboran Israelen hedapenarekin eta palestinaren erresistentziarekin. Eta, gaur egun, Hamas eta Al-Fatah adiskidetu diren honetan, Khaledek esaten duen horrek argia ematen du hamar liskar eta zatiketa urte horiek sorturiko ilunpean. Ekintzailea iraganera eta etorkizunera begira dago aldi berean. Madrilen hitzaldi bat eman ostean egin dio tarte bat BERRIAri.

Al-Fataheko politikariak Gazara itzuli dira, Hamasek hauteskundeak irabazi zituenetik lehen aldiz. Zer iruditzen zaizu Palestinako bi talderik garrantzizkoenak adiskidetu izana?

Ezinbestekoa zen berriro elkarrekin hitz egiten hastea. Bata bestearen kontra ibili garenean, okupazioak aurrera egin du, okerrera egin du. Eta batasunez jokatuz baino ezin du gainditu herri batek halako egoera bat. Horregatik, espero dugu urte honen bukaeran prozesuak bidea zabalduko digula beste borrokabide batzuei ekiteko.

Hamasen eta Al-Fatahen adar armatuen protagonismoa izan liteke ahuluneetako bat.

Alde onari erreparatu behar diogu: batasunari. Bilera hauetatik aterako den gobernuak ez du zertan armak entregatu, Israelek Palestina okupatuta baitauka oraindik. Eta ez dugu negoziatuko erresistentziarako dugun eskubidea.

Bi seme-alaba dituzu. Zure ustez, gazteak nola ari zaizkio aurre egiten okupazioari?

Nire seme-alaben belaunaldia fusila eta labana eskuan dituen hirugarren belaunaldia da, eta oraingo haurrek ere harriak botatzen segitzen dute: gerran segitzen dute. Desadostasunak daude borrokari heltzeko moduari buruz, baina ez xedeei buruz. Esaterako, komunikabide sozialek modua eman diete gure kausaren berri mundu guztian zabaltzeko, eta, hala, nazioarteko babesa handiagoa da.

Baina gazte asko talde islamistetan dabiltza, eta ez zurea bezalako laikoetan. Zerk ekarri du erlijioaren loratze hori?

Mundu arabiarrean, erlijioak kulturaren eremua hartzen du, eta horregatik lerratzen da jendea hain erraz hartara. Sobietar Batasuna erori eta gero, kapitalismoa nagusitu zen, eta Ameriketako Estatu Batuak fedea erabiltzen hasi ziren gehiengo musulmaneko estatuak zatitu eta elkarren kontra jartzeko arma gisa. Horixe egin zuen Iraken, eta horixe egin nahi du orain Sirian: sinesmenen araberako estatuak sortu. Baina, zorionez, gure lurrari erasotzen diotenean, denok berdin defendatzen dugu geure burua: okupatzaileari, sakon-sakonean, ez zaio inporta zure erlijioa.

Badirudi plana funtzionatzen ari dela eta zuen lurra erlijioaren arabera zatiturik dagoela. Horren ondorioz, irtenbidea nahitaez bi estatu sortzea da, Israel eta Palestina?

Lurra kendu dioten inongo herrik ezin onartu du bi estatu sortzea irtenbide gisa. Errefuxiatuak itzultzea eta Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak betetzea: horrek itzuliko digu gure herria. NBEren magna carta-n, onartuta dago herrien autodeterminazio eskubidea, baina ez dugu aukerarik erbesteratuak itzultzen ez badira.

Orduan, nola hitzartuko zenuke Israelekin etorkizuneko herrialdea?

Guk ez dugu Israel konbentzitu nahi: onarrarazi behar diogu irtenbidea estatu bakarra dela. Okupatzaileak ez dio kasurik egiten okupazioaren logikari, baizik eta indarraren logikari.

Nahiz eta horrek esan nahi duen borroka armatua izango dela?

Historiak erakusten du herri zapaldu guztiek armaz defendatu behar izan dutela beren burua, zapalkuntza bukatzeko. Zer egingo dugu, bestela, erasotzen diguten okupatzaile israeldarrekin? Gogoan izan besoak zabalik hartu genituela juduak II. Mundu Gerraren ondoren etorri zirenean, gure janaria eman geniela eta babestu egin genituela. Eta begira orain nola tratatzen gaituzten.

Zer iruditzen zaizu Osloko itunen ondoren lorturiko bakea?

Prozesu hura Yasser Arafaten oker estrategiko bat izan zen. Herrien armak etikoak eta bidezkoak dira, gure erresistentziaren ikur baitira, eta hori eskubide bat baita. Hala ere, borroka armatu guztiak ez dira zuzenak; hobe da hitz egiteko aukerarik baldin badago, nahiz eta desadostasunak oso handiak izan.

2011ko iraultza arabiarrekin, aldatu al da Palestinaren aliatuen eskualde mapa?

Erregimen aldaketen ondorioz, Nazioarteko Diru Funtsak agintzen du orain herrialde horietan; beraz, botere kapitalistaren muinak hor segitzen du, herriak pobretzen eta askatasuna murrizten. Lehen, ordea, estatu horiek beren arazoak ezkutatzeko baino ez zuten altxatzen ahotsa palestinarren kausaren alde.

Zer toki du emakumeak gaur egun Palestinan?

Emakumeok aurrera egiten ari gara, baina baita atzera ere. Intifadan, emakumeak eta haurrak abangoardian zebiltzan kalean, armaturik, gizonekin batera borrokatzeko. Orain, beharbada, ez da hain begi bistakoa. Baina erresistentziaren parte aktibo bat gara. Eta harro egoteko modukoa da, gure herriaren patuari atxikita baikaude: espetxeetan badira emakumeak, baita adingabeak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.