Joseba Zaldua. Realeko jokalaria

«Orain badakit Lehen Mailan asko eta ondo joka dezakedala»

Sasoi bikaina egin du Leganesen Zalduak, Asier Garitanoren aginduetara. Realera itzuli da, baina ez daki tokia izango ote duen. «Itxaropentsu» dago, eta «konfiantza handiarekin».

LEGANES.
Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Zubietara lehen aldiz itzuli eta autoan etxerako bidean zela harrapatu du deiak Joseba Zaldua (Donostia, 1992). Aitortu du «apur bat arraro» egin zaiola Zubietara itzultzea. «Ia urtebete pasatu da han izan nintzen azkeneko alditik, eta apur bat arraro ikusi dut neure burua berriz ere hona etorrita. Hamahiru urtean makina bat aldiz egin dut autoan joan-etorri hau, baina aspaldian ez. Zorionez, iritsi eta segituan sentitu naiz berriro etxean. Harrera polita egin didate bertako langileek. Argi dago: etxean bezala, inon ez». Hilabete pasatxo du atseden hartzeko, heldu den uztailaren 5ean hasiko baitu Realak denboraldi-aurrea. Egun horretan Zubietan egon nahi du eskuin hegaleko atzelariak, «kosta ahala kosta»

Zubietan egon zara jada. Datorren denboraldian Realean ariko zaren seinalea da hori.

Itxuraz bai, baina ez dago nire esku bakarrik.

Roberto Olabe da orain kirol arduradun nagusia. Hitz egin duzu harekin?

Bai. Duela bizpahiru aste hitz egin nuen harekin, eta esan zidan bueltan nahi nindutela. Hala ere, klubak oraindik kontu asko ditu zehazteko. Entrenatzailea fitxatuta, orain hasiko da datorren denboraldiko taldearen inguruan erabakiak hartzen.

Zuk, behintzat, egin duzu zurea: asko eta ondo jokatu duzu Leganesen denboraldi honetan. Pozik zaude egin duzun lanarekin?

Bai, noski. Asko jokatu nahi nuen, eta asko jokatu dut. 30 partidatan aritu naiz ligan. Aspaldi ez nuen horrenbeste jokatu, eta horrek mesede handia egin dit. Neure buruari erakutsi diot gai naizela Lehen Mailan asko eta ondo jokatzeko. Horren beharrean nengoen, eta behar hori ase egin dut Leganesen. Gainera, taldeak oso denboraldi ona egin du, eta sufrimendu askorik gabe eutsi dio mailari. Kopan, gainera, handia egin genuen Real Madril kanporatuta. Gozatu egin dut sasoi honetan.

Gaizki pasatu zenuen iaz Reala utzitakoan. Urtebete geroago, uste duzu merezi izan duela Leganesera joatea?

Bai, merezi izan du, zalantzarik gabe. Nik ez nuen Reala utzi nahi, baina beste aukerarik ez nuen izan. Lorenek [Lorenzo Juarros Realeko kirol zuzendaria orduan] esan zidan Alvaro [Odriozola] taldean egonda ez nuela aukera askorik izango jokatzeko, eta, horregatik, hobe nuela beste nonbaitera joatea. Kolpe oso gogorra izan zen hori entzutea, eta gaizki pasatu nuen hasieran. Bizitza osoa neraman Realean, eta uste nuen kirol ibilbide guztia bertan egingo nuela. Baina beste norabait joan beharrean izan nintzen lehen aldiz, nire betiko taldetik kanpo, eta ez nekien nola egongo nintzen. Zorionez, dena oso ondo atera da. Esperientzia ederra izan dut Leganesen.

Duela urtebete baino jokalari hobea zara?

Ez dakit hobea naizen edo ez, baina neure buruarengan konfiantza askoz handiagoa dut orain. Garai batean, min hartuta nengoenean edo jokatzen ez nuenean, zalantza egin nuen ea balio nuen Lehen Mailan jokatzeko. Bada, orain argi dut baietz, balio dudala.

«Leganesen gauzak zein ondo doazkidan ikusita, ez dakit zer pentsatu. Realera itzultzeak ez lidake ezertarako balioko itzalpean egon behar banu». Horixe esan zenion BERRIAri azaroan. Zalantza horiek uxatu al dituzu?

Bai. Batzuetan zalantza egiten duzu, baina nik oso argi izan dut beti Realean egon nahi dudala, klub hau nire etxea delako. Baina oso argi dut, era berean, Realean egoteko muturreraino lehiatu beharko dudala, lehia handia baitago nire postuan.

Zuk azpimarratu duzu: lehia handia dago defentsako eskuineko hegalean. Gaur-gaurkoz, postu horretan joka dezaketen hiru jokalari daude lehen taldean: Alvaro Odriozola, Aritz Elustondo eta zu zeu. Carlos Martinez ez dago, baina indartsu dator Andoni Gorosabel: oso sasoi ona egin du Reala B-n, eta lehen taldearekin ere jokatu du. Hautagai asko dira postu bakarrerako.

Nire ustez, oso albiste ona da Realarentzat postu berean joka dezaketen jokalari bat baino gehiago izatea. Zenbat eta jokalari gehiago egon, orduan eta lehia handiagoa egongo da, eta horrek beti egiten dio mesede taldeari. Nik barruan dudan guztia emango dut Realean geratzeko eta hasierako hamaikakoan toki bat izateko.

«Eusebio aulkian dagoen bitartean, zail izango dut Realean jokatzea». Zuk esana da hori ere. Eusebio Sacristan jada ez dago Realean, eta, haren ordez, Asier Garitano ariko da, denboraldi honetan Leganesen entrenatzaile izan duzuna. Asko aldatu da egoera.

Goitik behera. Eusebiok argi utzi zidan ez ninduela aintzat hartuko. Kolpe gogorra izan zen, baina eskertu behar diot nirekin zintzo jokatu izana. Asierrek, aldiz, hasieratik erakutsi zidan konfiantza handia zuela niregan. Telefonoz deitu ninduen Leganesera joatear nintzela, eta oso gustura geratu nintzen izan genuen solasaldiarekin. Horregatik erabaki nuen Leganesera joatea, Asierrengatik. Gero, agindu zidana bete zuen, hots, nire onena ematen banuen aintzat hartuko ninduela. Asko dut hari eskertzeko. Hari esker, urte oso polita bizi izan dut.

Hitz egin duzu Garitanorekin azken egunetan?

Realeko entrenatzailea izango zela jakin zenean, mezu bat bidali nion, zoriontzeko.

Garitanok konfiantza handia izan du zuregan denboraldi honetan. Beraz, pentsatzekoa da bere gustuko jokalaria zarela. Abantaila izan al daiteke hori?

Izan daiteke, baina Reala ez da Leganes. Beste talde bat da, eta Asierrek beste jokalari batzuk izango ditu bere aginduetara. Denboraldi honetan nire alde egin izanak ez du esan nahi datorren denboraldian postu bat ziurtatua izango dudanik. Berak eta beste kirol arduradunek erabakiko dute zer egin nirekin. Niretzat plazera litzateke Realean geratzea, baina ez dago nire esku. Hori bai, lasai dut kontzientzia. Hemen toki bat izateko egin behar nuena egin dut.

Nolakoa da Garitano?

Oso exijentea eta langilea da. Garrantzi handia ematen dio eguneroko lanari, eta hori transmititzen saiatzen da jokalariei, baita lortu ere. Hori du dohainik handiena: bere mezua iritsi egiten dela jokalariengana.

Haren inguruan esan da zehatz-mehatz aztertzen dituela aurkariak, haien gabeziak atzemateko, hots, ez duela jokamolde zehatz bat, eta aurkariaren arabera egiten duela sistema baten edo beste baten alde.

Halaxe da. Gure lanari erreparatzen dio nagusiki, baina asko gustatzen zaio aurkariei ahulguneak topatzea eta horretan min egiten saiatzea. Niretzat oso ona da hori. Argi izan behar dugu zertara jokatu nahi dugun, baina ahaztu gabe aurrean talde bat dugula, eta hark ere jokatu egiten duela. Taldeak eskertu egiten du baliabide gehiago eskura izatea: zenbat eta aberatsagoa izan baliabidez, orduan eta hobe.

Hain zuzen, horixe izan zen Eusebiori egin zitzaion kritika nagusia: bereari bakarrik erreparatzen ziola, eta aurkari guztien aurka berdin jokatzen zuela, hau da, kosta egiten zitzaiola taldearen jokamoldea aldatzea.

Eusebiok oso argi zuen nola nahi zuen jokatzea taldeak: baloia izan nahi zuen kosta ahala kosta. Aurreko denboraldian oso emaitza onak lortu zituen estilo horrekin jokatuta. Emaitza onak lortu ez ezik, oso ondo jokatu zuen taldeak: ederra zen hura jokatzen ikustea. Baina, sasoi honetan, gauzak ez dira horren ondo joan, eta kalte egin dio modu jakin batean bakarrik jokatu nahi izateak. Futbola oso konplexua da.

Garitanoren estiloa ondo egokitu daiteke Realera?

Baiezkoan nago. Uste dut Realak asmatu egin duela Asier fitxatuta.

Atzean sendo aritzea funtsezkoa da Garitanorentzat. Horrek mesede egin diezaioke Realari, sasoi honetan inon eskas aritu baldin bada, defentsan aritu baita.

Eusebiorekin alderatuta, hori da bien arteko ezberdintasun nagusia. Asierrek garrantzi handia ematen dio defentsako lanari. Asko lantzen du alor hori. Harentzat funtsezkoa da gol gutxi jasotzea.

Alor horretan izango duzu zuk egiteko nagusia.

Espero dut hala izatea. Gustura egingo dut. Denboraldi honetan asko landu dugu defentsako lana entrenamenduetan, eta, atzelaria izanik, asko eskertu dut lan berezitu hori. Ahaleginak, gainera, saria izan du azkenean, defentsako lana erabakigarria izan baita mailari eusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.