Mabi Revuelta. Artista

«Artean, estilistikoki, XIX. mendean gelditu da gizartea»

Bi hamarkadako lanagatik jaso berri du Gure Artea saria Revueltak. Hezkuntzan igarritako arte gabeziek kezkatzen dutela dio, eta bere artearen bidez dabil erantzun bila azken urteetan.

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2016ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Zaindua da emaitza, baina abiatu, jolasak abiatzen du Mabi Revueltaren lana gehienetan (Bilbo, 1967). Bi hamarkadatik gora daramatza artegintzan, eta, dioenez, estudioan buruan darabiltzan ideiekin jolasten hastea da gehienetan eman behar duen lehen urratsa. Gero dator teknika eta formarekiko kezka. Sorkuntza lana aitortzeko Gure Artea saria eman berri diote, eta horrez gainera BBVA Fundazioaren laguntza bat ere jaso du, eta, horri esker, urte eta erdiz xakearen inguruan lan egitea da haren asmoa. Dioenez, besterik ez darabil buruan azkenaldian. «Dena zuri-beltzean ikusten dut orain».

Jolasa da zure lanetan igartzen den konstanteetariko bat.

Artiumen iaz egin nuen erakusketan, adibidez, hori zen gai nagusia. Berezkoa zaigun zerbait da. Badirudi beti haurtzaroarekin lotzen dugula jolasa, baina gure bizitzako sasoi guztietan jolastea litzateke ideala. Jolasteko orduan libreago jokatzen duzu, eta, nire kasuan behintzat, hori izaten da prozesua: lehenik jolastea, eta gero ideiak ontzea. Bilaketan eskuzabal aritzen naiz, eta, gero,gustatzen zait gauzak oso bukatuta ematea. Formalki, behintzat.

Diseinua, tipografia, dantza eta argazkiak uztartzen zituen ballet bat sortu zenuen, 2009an. Nolakoa izan zen arte plastikoetan aritzetik arte eszenikoetara pasatzea?

Oso aberasgarria. Zoro xamarra izan zen, sekulako lana egin zen, eta 25 minutuan desagertu zen, eta, akaso, ez da beste inoiz egingo. Bideo bat geratzen da. Dantzaren behin-behinekotasun hori hain da poetikoa eta indartsua.

Maiz jotzen duzu beste diziplinetara zure sorkuntzan, eta, hain zuzen ere, hori nabarmendu du Gure Artea sariko epaimahaiak.

Gustatzen zait ezagun zaizkidan formatuetatik ateratzea. Zenbaitetan, interesgarriagoa egiten zait talde batekin lan egitea estudioan bakarrik aritzea baino.

Epaimahaiak pedagogiari buruzduzun kezka ere aipatu zuen. Sorkuntzaren parte da, zuretzat, edo bereizitako zerbait?

Biak uztartzen nabil azken urteetan. Artista gisa hasi nintzen lanean; gero, Bigarren Hezkuntzako irakasle aritu nintzen urte eta erdiz; gustatu egin zitzaidan esperientzia, lagundu zidalako arte hezkuntzari buruzko hutsune asko identifikatzen. Saiatu nintzen gartxo batzuk pizten, baina oso zaila iruditu zitzaidan, hezkuntza formala hertsiegia delako. Justu orduan, Guggenheim museoan erakusketa bat egiteko gonbita jaso nuen, eta hor erabaki nuen artearen munduan murgiltzea berriz. Baina egia da hamar urte hauetan gogoeta asko eskaini diodala arteari eta hezkuntzari. Horregatik sortu nuen Play Time.

Eta zer da Play Time?

Karta sorta bat da. Hezkuntza pedagogiarako prototipo bat. Ikaragarri gustatzen zait karta sorten formatua: poltsikoan eraman, eta jende asko aktiba dezakezu. Bada, Play Time honetan bi sorta daude. Batek alfabetoko letrak biltzen ditu, nik landutako tipografia batekin; jolas linguistikoak edo gorputz jolasak aktibatzen ditu. Beste sorta 30 triptikoz osatuta dago, eta hainbat artista, hezitzaile eta eragileri eskatu nien proposamen pedagogiko bat egiteko, karta horietako bat hartzen duen edonork talde bat aktibatu ahal izateko. Instrukzio liburu bat balitz bezala. Erabat beharrezko iruditu zitzaidan hori egitea, eskoletan edo beste edonon ere jolasteko.

Eta erabili duzue?

Batzuetan, bai; baina prototipo gisa planteatu nuen. «Gaur egun,nola hez daiteke artean?», galdera horri erantzutea zen ideia.

Eta, beraz, nola hez daiteke artean gaur egun?

[Barre] Galdera handia da hori. Horretan nabil.

Akaso errazagoa da galdetzea zein diren zure irakasle sasoian identifikatutako hutsuneak.

Ikusi nuen hezkuntzan ez zela ulertzen arteak duen potentzialtasuna, zeren eta artea izan daiteke oso tresna ona edozein alorretako edukiak lantzeko.

Jose Antonio Sistiaga artista ere ideia hori bultzatzen ibili zen bere garaian, eta hark ere jaso du Gure Artea saria aurten.

Bai! Eta Gure Artea jaso duen La Taller-eko Maite Martinez ere horretan dabil. Gaia airean dago.

Gizarte orokorraren eta arte munduaren arteko distantziak etsitzen zaitu?

Bai, baina sakonean beste edozein alorrekin dagoen distantzia bera da artearekin dagoena. Kontua da jendeak balekotzat hartzen dituela medikuen gomendioak, ulertu ez arren, eta ez dituela kuestionatzen, baina erreparo handiak dituela arte garaikidea bere egiteko. XXI. mendean artistak egungo gaiak lantzen dabiltza, eta, aldiz, estilistikoki, gizartea XIX. mendean gelditu da. [Kazimir] Malevitxek Atze zuriaren gainean karratu beltza sortu zuenetik 100 urte joan dira, baina oraindik ere hori kuestionatzen da. Ikaragarria da.

Bilboko BAD antzerki eta dantza jaialdirako kartela egin zenuen, 2009an, eta ordukoa da zure esaldi hau: «Merkatuak mugatzen gaitu, eta arriskua galtzen da».

Orain, arte merkaturik ez dagoenez, askatasun askoz ere handiagoa dago. [Barrez]. Zorionez, ni ez naiz merkatuan sartuegia egon sekula. Zerbaitek funtzionatzen duenean, merkatuak horixe eskatzen dizu. Ez dakit zer testuingurutan esango nuen esaldi hori, baina gauza bat kontatuko dizut. Gogoan dut balleta prestatzen ari nintzenean zaila egin zitzaigula udarako Arriaga antzokia lortzea. Ni antzoki ondoan bizi naiz, eta egunero pasatzen nintzen aurretik, eta han ikusten nuen Mamma Mia! musikalaren kartela. Ez da onargarria. Ez dut esango ez dela horrelakorik egin behar, baina egon behar dira erakunde horietan espazio batzuk alor komertzialetik kanpo dauden bestelako sorkuntza motei leku egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.