Emilie Jouvet. Zinemagilea

«Jendea ohartu da gorputza politikoki ere erabil daitekeela»

Emilie Jouvet zinemagile frantziarraren lanaren ardatz nagusiak emakumeak, sexualitatea, 'queer' nortasunak eta gorputza dira. Ikuspegi hori saritu dio orain Zinegoak jaialdiak.
MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2018ko otsailak 23
Hamarkada pasatxoz basamortuan aldarrika ari zen sentsazioa izan du Emilie Jouvet zinemagile frantziarrak (1976). 2006an estreinatu zuen One Night Stand filma. Lanak ikuspegi queer eta feminista argia zuen, eta askatasunez lantzen zuen sexualitatearen gaia. Munduan hamaika sari jaso zituen lan horri esker, baina ez zuen Jouvetek espero bezalako segidarik sortu. Urte luzez kasik ez zen ildo bereko beste filmik sortu. Beste sei film luze egin ditu geroztik, argazki liburu bat kaleratu du eta baditu hamaika film labur ere. Ibilbide horregatik eman dio aurten Ohorezko Saria Zinegoak jaialdiak, Bilboko Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiak.

Gorputza arma politiko gisa erabiltzen duzula azpimarratu du jaialdiak. Ados zaude horrekin?

Definizio ona da, nahiz eta nahiago nukeen tresna modura erabiltzen dudala pentsatu. Gehienetan gizonaren begiradatik aurkezten dira gorputza, sexualitatea, emakumea eta queertasuna. Konkistatu beharreko lurraldea da hori, geure irudia eta desira geuk eman ahal izateko. Mezu politiko bat eskaintzeko eta esperimentu sozialak egiteko erabiltzen dut gorputza nire lanean. Gustatzen zait hori.

Lehen filma atera zenuenetik, normalizatu da queer sexualitatearen gaia pantailetan?

Oraintxe ari da aldatzen. Hamar urtez ez zen gauza handirik egon, eta nahiko bakarrik egon nintzen. Jende gehiago etorriko zela espero nuen, baina urte luzez ez zen ezer gertatu. Jendeak hitz egiten zuen gaiari buruz, baina ez zuten sorkuntza lanik egiten. Uste dut presio handia zegoela, baina azken bizpahiru urteetan igarri dut aldaketa. Sare sozialen bidez, mundu osoko emakumeak elkarrekin konektatzen ari dira, eta publiko egiten dituzte gorputzari, sexualitateari eta zapalkuntzari buruz dituzten kezkak. Mezu hori hedabideetara heltzen ari da, eta pozik nago, azkenik, gertatu delako.

Eta zer aldatu da?

Jendea hasi da ohartzen gorputza politikoki ere erabil daitekeela, ez bakarrik sexualki. Hasieran, zaila zen hori; biluzi bat ikustean, publikoak erabat ahazten zuen mezua. Beti saiatzen nintzen gaia teoriarekin eta ekintza politikoarekin uztartzen, baina, hain zen handia sexuak pizten zuen erakarmena, zail egiten baitzitzaien harago jotzea. Orain aldatu da hori. MeToo mugimenduak, esaterako, ate asko ireki dizkie emakumeei, gertatu zaienaz eta sentitzen dutenaz hitz egiteko.

Puritanismoa sustatzea egotzi diote mugimenduari.

Aurrerantz egindako urrats bakoitzaren ostean, berehala dator kontraerasoa. Feministok oso ohituta gaude halakoetara, baina jende gaztearentzat MeToo mugimendua izan da haien sentsazioez hitz egiten hasteko izan duten lehen gunea. Horren aurka erreakzionatu dute Catherine Deneuvek eta beste hainbatek. Oso gogorra da mugimendua nola gutxietsi duten entzutea.

Sexu eszenak ere sartzen dituzu. Zabalpena zailtzen du horrek?

Baditut sexu eszenarik gabeko filmak ere. Adibidez, sexualitatea lantzen dut nire azken bi lanetan, eta ikusten dira emakumeak biluzik, baina ez du irudi pornorik. Halere, helduentzako film gisa hartzen dituzte.

Erosoa egiten zaizu etiketa hori?

Ez. Ez dut pornorik egiten. Filmak egiten ditut, eta batzuetan gorputzak erabiltzen ditut zerbaiti buruz aritzeko. Baina behin egitea aski da etiketa hori gainean eramateko. Ez dut maite, baina ezin dut ezer egin horren kontra.

Too Much Pussy filmean, sexu eszenadun kabaret ibiltari moduko bat filmatu zenuen andrazko zazpi artistarekin; erdi dokumental, erdi road movie, erdi ikuskizun. Zer harreman duzu zinema generoekin?

Arte eskolatik nator, eta sekula ez dut ikasi nola egin zinemarako pelikulak. Aske naiz nahi dudana egiteko: forma eta edukia bateratzea da nire kezka, eta esperimentatzea da nire helburua. Agian horregatik nago eroso film esperimentalen etiketapean.

Zortzi emakumek beren gorputzarekin eta sexualitatearekin duten harremana lantzen duzu My Body My Rules filmean. Esan duzu gorputz basatiak erakutsi nahi zenituela. Zeintzuk dira gorputz basatiak?

Haien itxuraren itxituratik kanpo bizitzen saiatzen dira. Esaterako, zahartuz doan emakume bat dago filmean. Ez du nahi zahartzen ari delako ezberdin har dezaten. Esan zidan bazirudiela sexualitatea galdu egingo duela zahartuz gero, eta errudun sentitu behar duela, aurpegian aski makillaje ez jartzeagatik. Noemi, adibidez, gurpil aulkian dabil, eta aipatu zidan gehien-gehienetan jendeak objektutzat hartzen duela, edo bestela umetzat, edo izugarri ergela balitz bezala: gizatasunik ez balu bezala. Jendea begira gelditzen zaio; inork ez du ukitzen; jendeak uste du ezin dela maitemindu... Oro har, gizarteak desagerrarazi egin nahi ditu filmean agertzen diren emakumeak. Nik mikroa eskaini nahi izan diet.

Frantziak guraso izan nahi duten homosexualei ezartzen dizkien trabak dira Aria filmaren gaia.

Parisko gobernuak ez dizu uzten umerik izaten, gizon batekin ezkonduta egon ezean. Oso zaila da homosexualentzat, trans pertsonentzat eta guraso ezkongabeentzat. Horregatik, askok atzerrira joan behar izaten dugu. Homofobia arazo larriak ere baditugu, eta hedabideetan zabaltzen diren homosexualei buruzko gauza ikaragarri horietako batzuk biltzen ditut filmean. Bortizkeria gora doa. Zaila da hori umeak dituzunean. Guraso ona izan nahi duzu, eta gune seguru bat nahi duzu haientzat, baina zure herrialdeko jende garrantzitsua egunero-egunero dabil zure aurkako iritziak zabaltzen, esanez, adibidez, zure umeak terrorista bilakatuko direla. Borroka handia da hori. Eta borroka hori erakusten du filmak.