Jose Luis Mendilibar. Eibarreko entrenatzailea

«Badaudenek alde ez egiteko gastatu behar da dirua»

Denboraldiaren azterketa, datorren sasoiko taldea, Eibarren jarraitzeko erabakia, beste norabait joateko aukerak... Badu zer kontatua Mendilibarrek, eta, ohi bezala, kontatu egin du.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Eibar
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Apaiza aitortzera datozkion eliztarrak bezala ari da hartzen kazetari multzoa Jose Luis Mendilibar (Zaldibar, Bizkaia, 1961): bakarka eta txandaka. Ezberdintasun batekin: Mendilibar bera da aitorlea, eta kazetariak apaizak, dena jakin nahian.

Gertu ala urrun ikusten duzu uztailaren 11, denboraldi-aurreari ekiteko eguna?

Hor bertan daukagu. Denboraldia ez da amaitzen. Orain, berria prestatzen ari gara, denboraldi-aurreko partidak lotzen, eta, jakina, baita taldea egiten ere. Oraingo taldetik hamazazpi geratu dira, utzita dauzkagunekin batera. Burua beti daukagu lanean.

Oporrak hartuko dituzu, baina.

Bai. Astebete da Franekin [Garagarza, kirol zuzendaria] hitz egin genuela, eta harrezkero ez dugu bilera gehiago egin. Ez naiz ordu oro telefonoz hizketan egoten diren horietakoa. Lasai hartzen ditut gauza hauek.

Entrenatzaile moduan, askoz nahiago zelaiko lana bulegoetakoa baino, ezta?

Bai. Beti esaten dut fitxaketak egiteko epea abuztuarekin amaitzea luzeegia dela. Ez zait ondo iruditzen ordura arte ezin jakitea zein eta zenbat izango garen taldean. Gainera, lauzpabost hilabeterako taldea izango da, urtarrilean berriz zabaltzen baita taldeak aldatzeko aukera, neguko fitxaketa aldiarekin.

Hobe litzateke liga hasterako itxita egotea fitxaketak egiteko aukera?

Ingalaterran uste dut horrela egin behar dutela. Normalean, horrelako gauzak handik etortzen dira, eta ez hemendik. Esaten dugu gure liga dela munduko onena, eta talde onenak egongo dira, baina antolakuntza aldetik gu baino askoz hobeto antolatuak daude Ingalaterran.

25 jokalari dituzue, baina denak ez dira taldean geratuko, eta berriak ekarriko dituzue. Baina, aurreko astean, Garagarzak iradoki zuen baten bat saldu beharko duzuela. Hala izango da?

Beti esaten dut ahalegina egin behar dela taldean dagoenari eusteko, horiek direlako merkeenak. Uzten badiezu jokalari batzuei joaten, beste norabait joan behar duzu bila, eta ez dakizu hobeak izango diren ala ez. Gainera, ordaindu egin behar diezu jatorrizko taldeari eta jokalari berriari, eta hori da garestia. Eibar diru aldetik ondo dago, baina muga bat daukagu. Dirua badugu muga hori gainditzeko, baina, ligak ezartzen digunez, ezin dugu gainditu.

Muga gertu dauka Eibarrek?

Ez dugu tarte handirik fitxaketak egiteko. Baina zertarako egiten dira fitxaketak taldean daukazunarekin gustura bazaude? Talde askotan entzuten dut fitxaketak egin behar dituztela, eta erosi aurretik saldu egin behar dutela. Baina, daukazunarekin gustura bazaude, zertarako saldu behar duzu? Hemen daudenek ez alde egiteko gastatu behar dugu dirua.

Badago arriskurik norbaitek ospa egiteko?

Guk ez dakigu ezer. Markok [Dmitrovic] Munduko Kopa jokatu behar du, eta liga oso ona egin du. Partidak jokatzen baditu Munduko Kopan, aukerak izan ditzake hemendik joateko. Bestelakoan, ez dut uste sustorik izango dugunik, baina, lehen esan dugun bezala, ezin gara lasai egon abuztua bukatu arte. Aurten sasoi ona egin dutenak gurekin hasiko dira, baina ezin gara lasai egon, beti dago-eta arriskua.

Fitxaketa asko ez dituzue egingo, hortaz.

Berez, ez. Hamazazpi gaude orain. Sei postutatik joan dira jokalariak: hegaletako bi atzelari, erdiko atzelari bat, euskarri bat, zelai erdiko hegaletatik bat, eta, gero, aurrean arazoak izan ditugu Sergiren [Sergi Enrich] lesioagatik, eta aurrelari bat ekarriko dugu agian. Postu horiek dira indartu beharrekoak.

Utzita dauzkazuen jokalarietako batzuek bete ditzakete postu horiek?

Agian bai. Oso lan ona ari dira egiten batzuk, eta Lehen Mailara igotzeko kanporaketa jokatzen ari dira. Gurekin batera hasiko dira entrenatzen denboraldi-aurrean, eta, beste guztiek bezala, irabazi egin beharko dute lekua.

Bebe eta Galvezek taldean geratzeko aukera daukate?

Beste guztiek bezalaxe. Gurekin hasiko dira, aurretik beste ezer gertatzen ez bada, behintzat.

Badago fitxaketaren bat aurreratuta?

Ezer ere ez. Ezta aurreratuta ere. Duela astebete Franekin bildu ginenetik ez da albisterik egon.

Egonda ere, ezingo duzu ezer kontatu.

Lasai egoten naiz kontu hauetan. Ahalik eta lasaien egin behar da lana fitxaketetan. Azkar eta ondo egiteak ez dizu ezer ziurtatzen.

Munduko Kopa tartean izanda, atzeratu egiten dira fitxaketa kontuak, gainera.

Hala da. Baina guri uste dut ez zaigula ezer galdu txapelketan, zaila baita Eibarrek handik norbait ekartzea. Gero, agian, jokalariren bat ekartzeko moduan izango gara, baina ez dut uste. Begiratu behar genuen lekuan begiratu dugu, eta zaila da gauza berriak azaltzea. Egia da beti ateak irekita eduki behar direla, baina, orain hasten bagara norbaiten bila, ez litzateke seinale ona izango. Lan horiek eginda egon behar dute, eta eginda dauzkagu.

Bigarren Mailan jarri dituzue begiak orain ere?

Normalean bai, baina zaila da hori ere. Bigarren Mailako taldeak, lehen, konformatu egiten ziren diru apur batekin, baina orain gehiago eskatzen hasi dira haiek ere. Normala da, Lehen Mailakoek dirua baitugu. Jokalari libreak aurkitzea zaila da; guk utzi ditugu batzuk libre. Ordaindu egin behar da Bigarren Mailako jokalariak ekartzeko ere, eta ondo aztertu beharreko gauzak izaten dira.

Ona al da Eibarrentzat Osasuna ez igotzea?

Egongo da norbait ekartzeko modukoa, baina ez dut uste.

Denboraldia aztertu eta gero, beste posturen bat ere indartuko zenuke?

Ez, hasiera batean. Baina jokalari bat gustatzen bazaigu eta beste posturen batekoa bada, azter dezakegu ekartzeko aukera.

Bukatu den denboraldia ez zenuten ondo hasi, eta motiboetako bat izan zen jokalari berriak egokitzeko zeudela. Baldintza dezake horrek fitxatu beharreko jokalari kopurua?

Ez. Liga hasieran, lesioak izan ziren oztopo handiena. Fran Rico, Yoel, Pedro Leon eta Sergi falta izan genituen, eta laurak ohiko hamaikakoan zeuden aurreko denboraldian. Berriek ardura hartu behar izan zuten, eta hori egitea ez da erraza. Azkenean, taldean daudenak ondo badaude, berriak ere ondo ibiliko dira.

Dani Garciak zulo handia utziko du zelai erdian, eta handiagoa, agian, taldea gobernatzeko lanean. Kezkatuta horrekin?

Kapitaina izan da azken denboraldietan, zelaian eta aldagelan. Entrenatzaileentzat zubi lanak egin ditu taldearekin, eta guri gauzak erraztu. Baina badaude lan hori egin dezaketen jokalariak: Asier [Riesgo], Ramis, Sergi, Kike, Pedro [Pedro Leon]... Urte batzuk badaramatzate gurekin. Haiek gogoa izan behar dute ardura hartzeko, ez baita bakarrik kapitainaren besokoa eramatea. Neuk eskatuko diet propio ardura horiek hartzeko.

Denboraldi bukatu berriari buruz, zapore garratza utzi dizu bukaerako irregulartasunak?

Ez, normala baita horrela ibiltzea. Bederatzigarren bukatu dugu, eta gauza handia da. Azken pusketa horretan Getafe eta Alavesi etxean irabazi bagenie, eta besteren bati etxetik kanpo, Europarako egongo ginen. Eta hor ibili gara sasoi osoan, zazpigarren, zortzigarren... Baina oso zaila da lortzea. Erregularra izan da denboraldia, hasierako bi hilabeteak izan ezik. Gero, zulo hori pasatuta, emaitza onak lortu ditugu, eta jokatu ere ondo jokatu dugu. Zaleak konfiantzaz etorri dira Ipuruara.

Eibarrentzat aldrebeskeria izango zen Europako Ligarako sailkatu baina udan hiru kanporaketa jokatzea?

Bai, garbi esanda. Nolako taldea egingo genuke hiru kanporaketa eta agian ligaxka jokatzeko? Hasi beharko genuke 25 jokalarirekin, eta azkar joaten bazara kalera, zer egin hainbeste jokalarirekin? Luze egiten da denboraldia. Astero zazpi jokalari utzi behar deialditik kanpo. Bigarren taldea ere badugu laguntzeko, eta ezin zaizkie ateak itxi. Uste dut 22-23 jokalari nahikoa direla. Eduki ditugu 24 orain, baina denbora luzeko lesio asko genituelako.

Nolako balioa ematen diozu Euskal Herriko lehen taldea izateari?

Hor geratuko da, baina ez diot ematen aparteko garrantzirik. Hogei taldeko liga bat da, eta ez laukoa. Ez dugu azkeneko hiruretan geratu behar, hori da garrantzitsuena. Aurreneko hamarretan geratu gara, eta horrek balio du. Gero, Euskal Herriko beste taldeak atzetik utzi ditugula? Ondo dago.

Hurrengo denboraldian ere mailari eustea helburu, ezta?

Jakina. Ezin gara erotu. Hiru talde daude liga irabazteko, beste lauzpabost Europan sartzeko, eta gainerako guztiak mailari eusteko gaude. Aurrekontuetan ez dago alde handirik mailari eusteko gauden taldeen artean, eta sasoi honetan gertatu dena, hiru talde oso goiz ia jaitsita egotea, zaila da berriz gertatzea. Mantentzen bagara garaiz, ahalik eta goren geratzea izango da asmoa.

Animatu zara laugarren denboraldia osatzera Eibarren.

Geratu egin naiz badakidalako gauzak ondo egin ditzakegula. Ez dago aldaketarik klubean, ez kirol zuzendaritzan, ezta agintarien artean ere. Valladoliden eta Osasunan aldaketak egon ziren, eta txarrerako izan ziren niretzat, eta bota egin ninduten laugarren denboraldian. Taldearen oinarriari eusten diogu, eta ona da guretzat. Has gaitezela ondo, eta garbi izan dezagun zein dugun helburua. Hori da garrantzitsuena.

Kontratua berritu zenuenean, esan zenuen agian ez dela azkeneko denboraldia izango Eibarren, baina, oraintsu, elkarrizketa batean esan duzu azkena izan daitekeela. Zertan gara?

Ez dut esan sekula azkena izango dela, eta ez dut esan azkena ez denik izango ere, ez baitakigu inork hori. Pozik eta ondo nago Eibarren, eta gauzek ondo jarraitzen badute, zergatik ez hemen segitu?

BERRIAri behin aipatu zenion izan zaitezkeela Eibarren urte asko egongo den entrenatzailea. Bidean zoaz.

Bai. Etorri nintzenean, ez genekien Lehen edo Bigarren Mailan egongo ginen. Hiru denboraldiz mailari eutsi diogu, ni ondo nago... Deportivo, Celta edo Espanyol etorri orain, eta ez lirateke aurrerapausoa izango niretzat, Eibarren pare daudelako.

Hiru talde horien eskaintzak ere izan dituzu, ala?

Ez, ez [barrezka].

Konta dezakezu orain zer beste eskaintza izan dituzun Eibarrenaz gainera?

Eskaintzak, bat ere ez; interesa azaldu duten taldeak, bai. Bi talderekin egon naiz ni bilduta, eta nire ordezkariak eduki ahal izan dituen beste gauzez ez dut ezer esango.

Espainiako Ligakoak biak?

Bat bai, bestea ez.

Bestea nongoa?

Ingalaterrakoa.

Esan izan duzu Ingalaterran entrenatuko zenukeela gustura.

Hala da. Dena dauka Ingalaterrako ligak, eta ezagutu nahiko nuke. Gero, joan eta agian sekulako zartakoa hartuko nuke.

Eta ezezkoa eman diozu talde horri?

Nik ez dut ezetzik esan, ez baitidate eskaintzarik egin.

Balioa ematen dio horrek Eibarri, nahi bati uko egin diozulako. Edo ez zaizu gustatu aukera?

Agian, haiei ez zaie gustatu nik esandakoa.

Eibarren hartuko duzu erretreta?

Futbolak zu eramaten zaitu aurrean. Oso gutxi dira berez uzten dutenak. Eguneroko lanerako prest nago gaitasunez eta ilusioz.

Kirol Hiriak nolakoa izan behar du?

Atxabalpen pozik nago; ez zait gustatzen entrenatzea jokatu behar dugun zelaian. Hobetu daiteke hura, baina ezin ditugu gauza asko aldatu, Arrasateko Udalarekin daukagun hitzarmenean hala dagoelako jasoa. Ea zer gertatzen den Kirol Hiriarekin. Lau zelaikoa eskatzen dut nik gutxienez, eta bostekoa bada, hobe. Birekin justu ibili gara gu, negua gogorra izan baita. Eibarren nahi du egin jendeak, baina, txikia bada, ez digu balio. Futbolean gabiltzanok badakigu nolako Kirol Hiria behar dugun.

Zer ikusiko dugu Munduko Kopan?

Alemania, Espainia, Brasil eta Argentina dira faboritoak, eta Frantzia, ikusi egin behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.