Miren Narbaiza eta Ander Mujika. Napoka Iria taldeko kideak

«Ez gara ginen hori; horregatik ez dugu jarraituko»

Hamabi urteko ibilbidea egin ondoren, agur esatea erabaki du Napoka Iria taldeak. Azkenengo kontzertua emango dute bi taldekideek Eibarko Koliseo antzokian, uztailaren 7an.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Leire Palacios.
Donostia
2017ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Donostiako Antigua auzoko frontoian jolasean ari dira umeak. Grabagailuak Miren Narbaiza eta Ander Mujikaren erantzun lasaiak biltzen ditu. Elkarrekin, ahots bat osatzen dute. Zaintza keinuak, begirada konplizeak, irribarreak eta lasaitasuna dira elkarren artean nagusi. Hamabi urteko ibilbidea egin ondoren, azken kontzertua ematea erabaki dute. Eibarko (Gipuzkoa) Koliseo antzokian izango da, uztailaren 7an. Entseguak hasi berri dituzte, kantuak atzera deskubritzeko tenorea da. Izan denaren esentzia bizirik mantendu nahi duelako, agur diosku Napoka Iriak.

Noiz hartu zenuten ez bueltatzeko erabakia?

ANDER MUJIKA: Duela bizpahiru hilabete edo? [Mireni begira].

MIREN NARBAIZA: Gehiago, ez? Iaz.

A.M.: Urtarrilean Bonbereneako bildumarako [Aspalditik gatoz, urrutira goaz] kantu bat prestatzen ari ginen.

M.N.: Orduan bidali genuen mezu bat, egia.

Zer dago mezu horren bueltan?

A.M.: Bonberenea Ekintzak zigiluan argitaratu dugun taldeoi bilduma batean parte hartzeko gonbidapena egin ziguten. Bertsioak eta kantu originalak egiteko gonbidapena zen. Proposamena jaso, eta, bi urteko etenaren ostean, berriz entseatzea erabaki genuen. Entsegu batzuk egin genituen, eta, kantu berria prestatzen hasi ginenean, konturatu ginen ez zuela funtzionatzen, edo ez geundela guztiz gustura.

Ea ulertu dugun: bi urte atzera, Napoka Iriak atseden hartzen du. Hartzen duen arnasa horren indarrak atea irekia utzi eta nekea eramango ote duen zalantza duzue. Elkarrengandik gertu jarraitzen duzue eta bakoitzak bere bidea egiten du. Berriz ere sortzeko elkartzen zaretenean, elkarrekin sortzen duzuena ez da dagoeneko Napoka Iria, eta behin betiko uzteko erabakia hartu duzue, ez ordea, azken kontzertua eman barik.

A.M.: Bai, horixe bera gertatu da.

M.N.: Hain zuzen ere. Hasieran, atsedena behar genuen. Kontuan izan behar da azken diskoarekin bizi genuena. Asko zabaldu zen diskoa, eta, ondorioz, askoz gehiago jotzen hasi ginen, askoz agenda beteagoa eduki genuen eta komunikabideen aldetik arreta asko handitu zen. Horrek denak kristoren mugimendua ekarri zigun. Geratu gabe ibili ginen.

A.M.: Horretara dedikatzen ginen.

M.N.: Bai, ordurako musikara dedikatzen ginen, eta, erritmo horren ondorioz, atsedena hartu behar izan genuen. Hortik etorri zen geldialdia, kontzienteki esan baikenuen: goazen gelditzera apur bat. Bi urteren ondoren, Bonberenearen proposamen horren harira, «zer, berriz ere jotzen hasiko gara?» esan genion elkarri. Egia esan, elkarrekin jotzeko gogoa geneukan.

Zertaz nekatu zineten?

A.M.: Uste dut, batez ere, guk geure buruari jarritako presioak nekatu gintuela. Profesionalki musikara dedikatzen hasi ginen Napokarekin. Lan pila bat egiten genuen. Agian gehiegi. Hainbeste sartu ginen horretan, zentzu askotan nekatu ginen. Ez? [Mireni begiratu dio]. Errepideak ere nekatzen du...

M.N.: Bai. Ez genuen beste proiekturik, hori ere egia da. Orain ikusita beste gauza batzuetan ere bagabiltzala, badakigu nola eskertzen den leku batean burua topera eduki eta aldatzea, berriz ere gogo biziz heltzeko aurrekoari. Uste dut Anderrek arrazoia daukala, bakarrik horretara egoteak nekatu egin gintuela. Orain badakigu zer den hori, eta, adibidez, nik neuk garai hartan baino erritmo biziagoa badaramat ere, formula bestelakoa da, eta esperientzia ere bai.

Asetasun puntu horretara heldu bitartean, hamar urteko ikasketa prozesua egin duzue. Atzera begira jarriz gero, zein da Napoka Iriaz burura datorkizuen lehen oroitzapena?

M.N.: Zaila da.

A.M.: Ez da zaila, oso zaila da!

[Denbora hartu dute pentsatzeko].

M.N.: Niretzat, pertsonalki, uste dut oraindik oso goiz dela ikusteko. Distantzia askoz handiagoa behar dut. Nik neuk erabaki bat hartzen dudanean, lehenengo buruan daukat eta ondoren gorputzera iristen zait, baina denbora luze baten ondoren gertatzenda. Orain gauza pila bat ditut buruan. Atzera begiratzen dut, eta hor daude pila bat bizipen, pila bat jende, pila bat leku, pila bat sentimendu, denetarikoak, baina denaren gainetik Ander dago beti. Niretzako Napoka Iria Ander da. Ander ezagutu dut eta biok hazi egin gara.

A.M.: Zentzu askotan hazi gara. [Elkarri begiratu diote].

M.N.: Bai, patuak elkartu gintuen eta... Niretzako da Ander eta Anderrekin bizi izan ditudan gauza horiek guztiak. Denbora batera agian beste zerbait izango dutburuan, baina, orain, Ander da. Oso goiz da, oraindik ere asimilatzen ari garela uste dut.

A.M.: Gauza batekin ezin naiz geratu, baina, oro har, elkarrekin pasatu duguna etortzen zait burura, zenbat barre egin dugun. Momentu bakarra aukeratu ezin daitekeen arren, gogoratzen dut Bilboko pisuko sukalde txiki-txiki hartan egoten ginenean ardo botila batekin, orduak eta orduak jotzen. Elkarrekin eta gustura. Agian, sentimendu hori izan zen Napokaren hazia. Hasieratik, musikalki eta pertsonalki, kimika handia izan genuen. Oso ondo ulertzen genuen elkar, zentzu guztietan, eta ulertzen dugu elkar.

M.N.: Hamazazpi urterekin geneukan egarriarekin, zure arima bikia topatzea handia da.

Nola ezagutu zenuten elkar?

A.M.: Ikaragarria da jotzen hasi aurretik zenbat ordu pasatzen genituen elkarrekin.

M.N.: Ezagutu ginen, eta oraindik ez genuen musikalki ezer konpartitu. Tira, entsegu bat agian... Ondoren, berriz ere elkartu ginen hurrengo asteburuan Elgoibarren. Sasoi horretan Eibarkoak eta ingurukoak Elgoibarrera joaten ginen larunbatetan, eta bakoitza bere lagunekin joan arren, han elkartzen ginen eta hizketan hasten ginen luze, orduak igual! Horrek eraman zuen kantu batzuk genituela elkarri esatera...

Solasaldi luze horietatik gaur egun arte maketa bat, bi disko eta hainbat kolaborazio egin dituzue. Zein izan da batetik bestera sormen prozesuak izan duen bilakaera?

A.M.: Asko aldatu da. Hasieran, oso modu espontaneoan sortzen genuen. Zuzenean grabatzen genuen.

M.N.: Estudioan baina zuzenean.

A.M.: Horren emaitza izan daiteke Lehertarazi edifizioak. Zuzenean jotzen genuena diskora eraman nahi genuen. Hau da, kantuekin, oso modu naturalean, zuzenean bizi genuena grabatu eta diskoa sortu nahi genuen. Horrela egin genuen Lehertarazi edifizioak, baina ez ginen oso-oso gustura geratu. Gero kontrako muturrera joan ginen: estudioan sartu ginen pila bat denboraz. Orduan diskoa landu genuen oinarritik. Kantu guztiak landu genituen. Aurrekoaren kontrako ikuspuntutik sortu genuen Arnasten ikasteko berriz bigarren diskoa.

Zergatik ez zineten gustura geratu?

M.N.: Nik uste dut, nahiz eta asmoa argia zen, zuzenekoetakoarima edo giro hori diskoan biltzea, ez zela heldu zuzeneko diskoa izatera. Eskerrak biok sentsazio berdina daukagun! Ezin dugu asko entzun disko hori, kantuak gustatzen zaizkigun arren egiteko moduarekin zalantza dugulako.

A.M.: Maketan bai asmatu genuen: bi toma egin eta listo. Oso pozik geratu ginen. Gerora, zuzeneko taldea ginela esaten genuen, gure naturaren esentzia zuzenekoetan zegoelako. Hori nahi izan genuen diskoan bildu. Ideia bezala oso ondo zegoen baina ez genuen oso ondo asmatu egiterako orduan.

Arnasten ikasteko berriz diskoaren grabazio prozesuan kontrako muturrera joan zinetela esan duzue.

M.N.: Denbora hartu nahi izan genuen diskoa lasai egiteko. Estudioko disko bat nahi genuen egin. Ez genion aurrekoari uko egin nahi, baina onartu nahi genuen aurretik gertatutakoa. Ikasi genuen estudioak bere baliabideak dituela eta horiekin lan egin nahi genuen.

A.M.: Ibai Gogortzak [Borrokan] asko lagundu zigun disko horretan. Oso perfekzionista da Ibai, eta estudioko gauzak asko lantzekoa. Ibairekin hamaika buelta eman genizkien kantuei.

Nolakoa izan da Napoka Iriarekin zerikusirik ez zuten proiektuetan elkarrekin oholtza konpartitzea? Esaterako, Joseba B. Lenoir Gang, Ardoa eta Odola…

M.N.: Kristoren ikasketa. Oso polita izan da. Nik neuk, behintzat, aliatu bat daukat beti. Gang-en, adibidez, ingurukoek agian ez, baina zuk badakizu zure ondokoa nola dagoen eta nola pentsatzen duen. Beste giro batean zure lagun batekin egotea bezalakoa da. Niretzako lasaitasuna da Ander ni nagoen lekuetan egotea. Konfiantza maila desberdinak izaten dira lagun artean, eta guztiekin ondo moldatzen banaiz ere, Ander beti izaten da gainetik.

Aurrerantzean ere «familia» proiektuetan elkarrekin ikusiko zaituztegu?

M.N.: Ez dakigu, horri ez diogu atea ixten.

A.M.: Suertatuko balitz, noski.

M.N.: Jende askok galdetu digu ea behin betiko utziko dugun. Nahikoa lana eduki dugu itxiko dugula erabakitzeko, beraz, beste zerbaitetan pentsatu aurretik utz iezaguzue atea ixten.

Agian, sentimenduak baretzen utzi behar zaituztegu. Izan ere, bidali zenuten agur mezuan karga emozional handiko hitzak zeuden.

M.N.: Bai, zalantzarik gabe. Pentsatu hamar urte baino gehiago direla elkarrekin.

A.M.: Denbora baino gehiago, agian, intentsitatea izan da. Oso sentsibleak gara, eta gauzak barru-barrutik bizitzekoak gara.

M.N.: Intentsitatea badago, baina pasatu gabe: egin dugu, bizi izan dugu eta polita izan da. Askotan, amaiera eman eta bukatzea kostatzen da. Ez da ezer txarra: ze guai bizi duguna!

A.M.: Amaierak batzuetan aurretikdatorren guztiari zentzua ematen dio. Egindakoari balioa ematen dio nola eta noiz amaitu erabakitzen baduzu. Orain ari gara atzera begiratzen elkarrizketetan, bideoekin, kontzertua prestatzen... Gauzak bere tokian jartzen dira, eta horrek laguntzen dizu aurrera egiten.

Geratu al zaio Napoka Iriari zerbait egiteko?

M.N.: Galdera entzun dudanean pentsatu dut baietz, baina orain... Aurretiaz egin ez genuen zerbaiti ekiteko gogoarekin elkartu ginen eta ez genuen ikusi hortik biderik zegoenik. Beraz, lasai eta bakean gaude. Proiektu bati ezin zaio eskatu ezinegon musikal guztien erantzule izateko.

A.M.: Atzera begira ez dago ezer faltan botatzen dugunik. Egindakoarekin gustura sentitzen naiz.

Elkarrizketaren bertsio luzeagoa irakurtzeko,jo webgune honetara:

www.badok.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.