Felix Palomero. Nafarroako Orkestra Sinfonikoko kudeatzailea

«Nafarroako eta Euskadiko orkestrak osagarriak dira»

Egoera ekonomiko «zailak» erabat baldintzatu du Nafarroako Orkestra Sinfonikoa. Felix Palomero da kudeatzaile berria, eta orkestraren izaera definitzeko «beharra» nabarmendu du.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Lau hilabete dira Felix Palomero (Leon, Espainia, 1952) Baluarte fundazioko kudeatzaile izendatu zutela. Ordutik, fundazio publiko hori arduratu da auditoriumaren eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren kudeaketaz. Iaz jakin zen Sarasate fundazioak kudeatzen zuenean orkestrak ia 1,6 milioi euroko zorra pilatu zuela. Horrek Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren ibilbidea «baldintzatu» duela onartu du Palomerok.

Izendapenaren ondotik, nola heldu diozu lanari?

Baikorra naiz. Baluarte fundazioak Nafarroako Orkestraren kudeaketa bere gain hartu duenez, egitura berriz antolatzen ari zela hasi naiz lanean. Administrazio alorrari dagokionez, garai konplexua da. Baina iruditzen zait nahiko ondo garatzen ari dela. Etorkizunean abian jarriko ditugun proiektuen lema hartzen ari naiz. Nire zereginen artean, orkestran zentratutako lehen fase garrantzitsu bat dago; ahalik eta azkarren gauzatu beharrekoa da, gainera. Bigarren fasea, berriz, fundazioaren mamiarekin dago lotua.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren zorra ia 1,6 milioi eurokoa zela jakin zen ekainean.

Kargua hartu nuenean, jada, bideragarritasun plana abian zegoen. Bi egiteko nagusi daude aurreikusita. Alde batetik, gobernuak, iaz, orkestraren aurrekontua handitu egin zuen zorraren eraginez. Beste aldetik, orkestrari mailegu bat eman zion, egiturazko zorrari aurre egiteko; batez ere, ogasunarekin eta gizarte segurantzarekin zituen zorrak kitatzeko. 2017a trantsizio urtea izango da, beraz.

Baluarte fundazioan ere aldaketa nabarmenak izan dira.

Iritsi nintzen arte, Baluarte fundazioak ez zuen langile propiorik. Orkestraren kudeaketa bere gain hartu duenean, orkestrako langileak fundazioaren langile bihurtu dira. Horrez gain, fundazioaren kudeaketa Nafarroako Kultura, Kirol eta Aisia Azpiegiturak enpresa publikoaren bitartez egiten da. Javier Lakuntza da burua, eta ia egunero biltzen gara.

Zein da gaur egun Nafarroako Orkestra Sinfonikoko giroa?

Azken denboraldian bizitako egoera oso mingarria izan da. Hala ere, esan beharra dago lan egiteko izugarrizko gogoa duten lagunekin egin dudala topo, eta hori da guk dugun kapitalik handiena. Alor artistikoan izan dudan erantzunarekin ere oso harro nago. Oro har, orkestrak oso elementu sentikorrak izaten dira. Aste guztian izandako lan baldintzak alboratu egin behar dira agertoki gainera igotakoan. Hori gauzatzeko izugarrizko ahalegina egin dute musikariek. Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren baliorik handiena da hori.

Zenbat kide ditu orkestrak?

Gaur egun, 59 musikarik osatzen dute. Badira orkestra handiagoak; Madrilgoa, esaterako. Baina, 2010az geroztik, orkestra guztiek arazoak dituzte langile taldeekin. Izan ere, publikoak direnei zuzenean eragin die ordezkatzeen tasak. Horren ondorioz, ezin da egin langileak kontratatzeko deialdirik, eta hori eragozpen handia da. Gurean ere baditugu hutsuneak.

Erabat baztertua dago Baluarte Nafarroako Orkestra Sinfonikoak proba saioak egiteko egoitza izatea?

Urte luzez, proba saioak Barañainen egin ditugu. Baina, irailaz geroztik, Atarrabiako kultur etxean gaude, eta han ditugu gure bulegoak. Baina zer da ideala? Egoitza Baluarten izatea gustatuko litzaiguke guri. Egin diren hainbat azterketetan ebatzi zen zailtasunak zeudela. Alde horretatik, ez dut izan aurrera egiteko aukerarik, azterketak ni iritsi baino lehenagokoak baitira. Nik neuk ez dut baztertzen Baluarte orkestraren egoitza nagusia izatea. Dena den, eraikina diseinatu zenean, ez zen kontuan izan orkestra baten egoitza izateko aukera, eta horregatik daude zailtasunak.

Dagoeneko, ia denboraldiaren erdian zaudete. Nola joan da orain artekoa?

Ondo. Hamalau kontzertu dauzkagu programatuta, eta joan den astean jo genuen seigarrena. 2016-2017ko denboraldian, abonatu kopuruari eustea lortu dugu; 1.400 inguru ditugu. Gainera, ahalegin berezia egiten ari gara gazteak kontzertuetara erakartzeko. Ostiraletan etortzen dira batez ere. Ildo horretan lanean jarraitu nahi dugu.

Zein asmo daukazu datorren denboraldirako?

Orkestraren identitatea sakonki aztertu nahi dut. Hamabi biolin ditugu, eta horrek zuzenean eragiten du errepertorioan. Iruditzen zait ez dela asmatu orkestraren izaerarekin. Egia da errepertorio zabalak egitera behartuta gaudela, publikoak hala nahi duelako. Baina, datorren denboraldirako, gure profil artistikoa dezente markatuko dugu. Horrez gain, Nafarroako artisten sorkuntzetan jarriko dugu fokua.

Zer-nolako harremana duzue Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin?

Iruditzen zait bi orkestren artean koordinatu egin behar dugula. Bion kontzertu egoitza da Baluarte. Aipatu izan da hainbat errepertorio errepikatu izan direla. Hori saihesten saiatu arren, oso zaila da orkestra batek errepertorio jakin bati uko egitea. Orkestra guztiek jotzen dute Beethoven, aire freskoa ematen duelako. Sarritan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Nafarroakoaren lehiakide modura ikusi da, eta, nire iritziz, lehiakideak baino gehiago, osagarriak dira.

Nafarroako gainontzeko musika erakundeekin elkarlanean aritzeko asmorik baduzu?

Noski. Iruñeko Orfeoia lehentasunezko bazkidea da guretzat, adibidez. Heldu den urterako planak zehaztu gabe dauden arren, denboraldiko elkarrekin hiru kontzertu eskaintzea da asmoa. Horrez gain, oso harreman estua dugu Iruñeko Genbera abesbatzarekin. Agaorekin ere bildu gara, eta ikusi behar dugu zer egin dezakegun etorkizun hurbilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.