Interneten eta kalean, pareko

PuntuEus Behatokiaren arabera, Euskal Herriko webguneen %13k dauzka euskarazko edukiak. Josu Waliño fundazioko buruak adierazi du '.eus' domeinua «euskararen arnasgune digitala» dela

Lorea Arakistain Puntu Eus fundazioko komunikazio arduraduna eta Josu Waliño lehendakaria, atzo, mahai inguruko parte hartzaileekin. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
mikel rodriguez
Andoain
2017ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Interneten egoeraren azterketa aurkeztu zuen PuntuEus Behatokiak atzo, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean (Gipuzkoa). 2016ko datuak dira behatokiak argitaratutakoak, eta, horien arabera, Euskal Herrian dauden domeinuetako 18.317 webgunek dauzkate euskarazko edukiak; hau da, %13k. «Kaleko erabileraren azkenengo neurketen datu bera da», azaldu zuen Josu Waliño PuntuEus fundazioko lehendakariak aurkezpenean. Interpretazio «positiboa edo negatiboa» egin litekeela erran du Waliñok. «Kale erabilera aldatzea zailagoa da, Interneten euskarazko webgune bat sortzea baino», esan du PuntuEuseko lehendakariak; alegia, interpreta litekeela Interneteko erabilerak handiagoa beharko lukeela. Baina, hain zuzen, ezaugarri hori bera ere positibotzat du Waliñok: «Errazagoa da eragitea. Eskura dugu %13 hori haztea».

Waliñok aldarrikatu du .eus domeinua «euskararen arnasgune digitala» dela. Euskarazko edukiren bat duten 18.317 webguneetatik, 6.302k dute .eus izena; hau da, hirutik batek. Waliñok erran du aztertutako faktoreen artean inportantzia berezia duela «domeinuaren dentsitateak», lotuta dagoelako «kalitatearekin». Hain zuzen, .eus diren webguneek bataz bertze webguneko 7.131 agiri argitaratzen dituzte; bigarrenak, .info-k, 3.196. «Gainontzeko domeinuekin konparatuta askoz gehiago da». Ekarpen horretan nabarmendu ditu BERRIAren, EITBren eta Eusko Jaurlaritzaren webguneak. Ikerketan ageri denez, .com-en ondoren .eus-ek ditu domeinu aktibo gehien, proportzioan.

Bertzalde, .eus-ko webguneen %90 da euskaraz; .org-k du hurrengo proportzio handiena, %34rekin. Euskara hutsez daude .eus-ko webguneen %9; gehienak euskara-gaztelania-ingeles hiru eleetan daude —%29—.

PuntuEus Behatokiak 2015ean egin zuen lehenbiziko azterketa. Orduan kalkulatu zuen webguneen %20k zutela euskarazko edukia, baina Euskal Herriko bederatzi domeinu nagusietatik sei hartu zituzten kontuan. Kanpoan gelditu ziren .es (bigarrena), .fr (laugarrena) eta .eu (seigarrena); aurten, .eu bakarrik gelditu da kanpoan. Iaz kalkulatutako domeinuetatik, euskararen presentzia jaitsi da .com-en bakarrik: %13tik %10era. Gainerako guztietan handitu da: gutxien, .eus-en, %88tik %90ra; gehien, berriz, .info-n, %13tik %20ra.

Gehien hazi dena, '.eus'

Atzo argitaratutako bertze zenbait datu udazkenean aitzinatu zituen PuntuEus fundazioak; horien arabera, Euskal Herriko domeinu nagusien artean gehien hazi dena da .eus, eta, .fr-kin batera, hazi den bakarra da. Kuota kopuru txikia hartzen du .eus-ek —%3—, baina .com eta .es-en artean bakarrik, merkatu guztiaren %75 dute —zazpigarren da .eus—.

Banaketa geografikoari dagokionean, 2015eko datuetatik ia ez da deus aldatu: Iparraldean .eus-ek puntu bat igo du, %1etik %2ra, eta guztira Gipuzkoak jarraitzen du buruan, %43rekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.