Amaitu da AEBetako burtsaren eta Trumpen arteko idilioa, oraingoz

Inoizko bat-bateko jaitsierarik handiena izan du Dow Jones indizeak puntutan, eta Asian eta Europan ere nagusitu dira galerak. AEBetako inflazioa gora doa, eta interes tasak igotzeko beldur dira burtsak

Burtsako beharginak lanean, atzo, Wall Streeten, New Yorken. JUSTIN LANE / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Zaplazteko zaratatsu batekin eman dio ongietorria Wall Streetek Donald Trumpek AEBetako Erreserba Federalerako (FED) izendatutako presidente berriari, Jerome Powelli: Dow Jones Industrial indizeak, Wall Streeteko adierazle nagusiak, puntutan egun bakarrean inoiz izandako galerarik handiena izan zuen astelehenean. 1896tik, inoiz ez ditu egun batean, kolpe batez, 1.175 puntu galdu, herenegun bezala. 2008ko irailaren 29an, esate baterako, 777 puntu galdu zituen, finantza krisi betean. Portzentajean, apalagoa izan da asteleheneko zartakoa (-%4,6), baina 2011tik kolperik handiena, edonola ere. Lurrikarak astinaldiak eragin ditu Asiako eta Europako burtsetan ere, nahiz eta hasierako galerak txikitu orduak igaro ahala. Wall Streeteko inbertsiogileak beldur dira AEBetako inflazioa handitzen ari delako, eta horrek bultzatu dezakeelako Powel espero baino azkarrago eta gehiago igotzera interes tasak.

Idilio bat izan da burtsen eta Trumpen artekoa agintaldiko lehen urtean. Gora egin dute AEBetako burtsek hamabi hilabetez, eta errekor guztiak hautsi dira. Presidenteak behin eta berriz lotu du bere arrakasta politikoa burtsaren igoerarekin. Arranditsu hitz egin zuen Davosen ere, duela bi aste: «Hautatu nindutenetik, burtsak %50 egin du gora. Demokratak irabazi balu [Hillary Clintonek], %50 galduko zuen».

Gorako joeraren barruan, burtsek euforiaz hartu zuten, era berean, Trumpek bereziki aberatsei eta enpresei eskainitako historiako zerga jaitsierarik handiena. Baina azken datu ekonomikoek alarmak piztu dituzte burtsako inbertitzaileen artean: gehiegizko inflazioa dute beldur iturri nagusietako bat. Hoztu egin da, bat-batean, maitasun harremana.

FEDek banku zentralaren lanak egiten ditu, eta haren helburua da inflazioari %2an eustea. Kontua da, azken datuen arabera, 2017ko AEBetako inflazioak apur bat gainditu zuela muga (%2,1). Hori gutxi ez, eta joan den ostiraleko beste datu batek asaldatu ditu burtsako inbertitzaileak: AEBetako soldatak %2,9 hazi dira batez beste. Jakina, soldatak igotzeak —kontsumoak, alegia— inflazioa are gehiago handitzea dakar.

Inflazioak gora egiten jarraituz gero, beraz, FED behartuta legoke orain arte baino gogorrago esku hartzera. Astelehenean bertan egin zuen Powellek karguaren zina. Janet Yellenen tokia hartu du, hark marraztuta lagatako bidea egiteko asmoz. 2008ko krisiari interes tasak minimora jaitsiz egin zion aurre FEDek, diru merkearen iturria irekiz. Yellenek, ordea, interes tasak igotzeko bide luze eta geldoa hasi zuen 2015eko abenduan, behin hazkunde ekonomikoa lagun zuela ikusita. Gaur egun, %1,25 eta %1,50 artekoa da interes tasa.

Yellenek %0,25 igo du tasa igoaldi bakoitzean, baina baliteke hurrengoan gorakada handiagoa izatea. FEDen hurrengo bilera, Powellen lehenengoa, martxoaren 21ean da egitekoa.

Jaitsiera, baretzen

Diru merkearen aroa amaitzear dagoela erakusten dute zantzu guztiek, eta garaia iritsi dela ulertu dute Wall Streeten. Ideia horrekin, astelehenean inbertitzaile ugarik ekin zioten aktibo zalantzazkoenak saltzeari, eta historiako bat-bateko eta ustekabeko galerarik handiena eragin zuen horrek, puntutan behintzat, Dow Jones indizean: flash crash bat eragin zuten, burtsako argotean esaten duten bezala.

Hein handi baten, Trumpen eredu ekonomikoak eragin du inflazioa igotzea. Barack Obamak bezala, diru merkea baliatu du AEBen esportazioak hobetzeko. Dolarra merkatzeak eta petrolioa garestitzeak soldatak pixka bat igotzea ekarri du, eta, albo ondorio moduan, inflazioa ere puztea.

Wall Streeten asteleheneko danbatekoaren biharamunean, Tokioko burtsa %4,7 erori zen, eta Europako merkatu nagusiak, %2tik gora: %2,6 Londreskoa, %2,5 Madrilgoa, %2,3 Pariskoa, %2,3 Frankfurtekoa eta %2,1 Milangoa. Dow Jones indizeak gorako joerarekin hasi zuen atzoko saioa, eta, horri esker, Europako burtsen galerak espero baino txikiagoak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.