Xi Jinpingek eskua zabaldu du

Trumpek Txinako enpresen inbertsioak mugatu nahi dituen honetan, Xik agindu du atzerriko konpainiei bidea erraztu nahi diela. Inbertsio zuzenak jada jaisten ari dira bi herrialdeen artean

Xi Jinping Txinako presidentea, Boaoko Foroan —Davos txinatarra izenarekin ere ezaguna— hizketan, atzo. STRINGER / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Muga zergak gora eta muga zergak behera, bigarren plano batean geratu da Txinaren eta AEBen arteko harremanaren beste puntu eztabaidatsu bat: inbertsioak. Donald Trumpen gobernua kexu da Pekinek atzerriko enpresei jartzen dizkien baldintzak tresna bat direla atzerriko teknologiaz jabetzeko eta «jabetza intelektuala lapurtzeko». Horregatik, inbertsio horiek mugatzeko neurriak iragartzear da, noiz eta Xi Jinping Txinako presidenteak berriro agindu duenean baldintza horiek lasaituko dituztela. Hitzak hitz, bi potentzia ekonomiko handienen arteko tentsioak inbertsio horiek jada txikitu zituzten iaz, eta aurten are gehiago murriztuko direla espero dute.

Atzerriko inbertsioak erraztuko dituztela agindu zuen atzo Xi Jinping Txinako presidenteak, Boao izeneko foroan, Hainan uhartean. Davos txinatarra deitzen diote Boaori, eta agian horregatik benetako Davosen, Suitzakoan, egindako promes liberalizatzaileak berriro errepikatu ditu Xik. Orduko hartan bere burua globalizazioaren babesletzat aurkeztu zuen Txinako presidenteak, kargua hartu berri zuen Trump protekzionistaren antitesia. Baina hitz horiek haizeak eraman zituen, ezer gutxi egin duelako Pekinek bere mugen barruan erakusten duen protekzionismoa lasaitzeko. Ikusteko dago orain beteko ote duen orduan esan bai baina egin ez zuena. «Aurki» ikusiko dira lehen neurriak, haren hitzetan.

«Txina irekiera fase berri batean sartuko da. Txinaren atea ez da itxiko, kontrara, gehiago irekiko da», agindu zuen presidenteak. Zehazki, autogintzan, ontzigintzan eta aeronautikan inbertitu nahi duten atzerriko enpresek muga gutxiago izango dituztela ziurtatu zuen, eta kanpoko produktu batzuren gaineko muga zergak txikituko dituztela. Keinu garbia da hori AEBentzat. Izan ere, Trumpek berak hainbat txiotan protesta egin du AEBetako autoek %25eko aduana tarifa ordaindu behar dutela Txinan, eta %2,5ekoa soilik Txinako autoek AEBetan —nahiz eta ia ez diren saltzen—.

Jabetza intelektuala

Halaber, Txinako presidenteak agindu zuen jabetza intelektuala hobeto babesteko neurriak hartuko dituela, eta hortaz arduratzen den bulegoa berreskuratuko dutela. Txinako enpresek AEBetako teknologia xurgatu dutela da, hain zuzen ere, Trumpek jarritako arrazoia Txinaren 1.333 produkturen inportazioari muga zergak iragartzeko. Eta arrazoi horrengatik ere neurriak aztertzen ari da Txinako enpresekAEBetan egiten dituzten inbertsioak mugatzeko. Europako Batasunean bertan ere aztergai daude antzeko neurriak.

Joan den hilean, Trumpek eskatu zien Altxor Departamentuko teknikariei plan bat zehazteko «sektore estrategiko» batzuetan Txinako enpresen inbertsioak kontrolatu ahal izateko. Aldi berean, AEBetako Kongresua legea aldatzen ari da bere buruari eskumen handiagoa emateko «segurtasun nazionala jokoan dagoenean» atzerriko inbertsioetan azken hitza emateko.

Giro «arriskutsuegia»

Bi neurri horiek indarrean jarri aurretik ere, Txinaren eta AEBen arteko aurkakotasun giroak jada izan du eragina. Financial Times kazetak atzo zabaldutako txosten baten arabera, 2016tik 2017ra heren bat txikitu zen bi herrialdeetako enpresek beste herrialdean egindako inbertsio zuzena.

Batez ere Txinako enpresekAEBetan egindako inbertsioak txikitu dira: 46.000 milioi dolar izan ziren 2016an, eta 29.000 milioi iaz. Aurtengo jaitsiera ikusgarriagoa da: 1.200 milioi baizik ez dira izan urteko lehen bi hilabeteetan. «Konpainiak beren tratuak izozten ari dira, eta esperoan daude. Giro politikoa arriskutsuegia da», azaldu du txostenaren egileetako batek, Thilo Hanemannek. Edonola ere, txostenak berak dio inbertsioa jaitsi izanaren arrazoietako bat dela Pekinek moztu egin nahi izan duela bere enpresek atzerrian egiten dituzten inbertsioak, kapitalen atzerriratzea mugatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.