Aliatu gehiago bilatzea dagokio

Brasilgo Kongresuak ustelkeriagatik epaitua izatetik salbatu du Michel Temer presidentea. Datozen hilabeteetan pentsioen eta fiskalitatearen erreforma neoliberalak egitea du asmo, baina zail izango du

Michel Temer Brasilgo presidentea herenegun, bozketaren ondoren prentsaren aurrean hitz egiten. JOEDSON ALVES / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Azkeneko iritzi inkesten arabera, brasildarren %5ek besterik ez dute onartzen Michel Temer presidentearen kudeaketa, eta fiskaltzak leporatzen dizkion ustelkeria kasuengatik epaitu egin beharko luketela pentsatzen dute, gainera, %81ek. Brasilgo Kongresua, ordea, ez da iritzi berekoa. Ustelkeriagatik presidentearen kontra auzibide bat ireki ala ez eztabaidatu eta bozkatu zuten 11 ordu luzez herenegun diputatuek, eta kargugabetua izatetik zein Auzitegi Gorenarengatik epaitua izatetik libratu da. Gatazkatsua, nahasia, izan zen osoko bilkura, eta 263k bozkatu zuten Temerren alde eta 227k aurka.

Diputatuen Ganberak 513 parlamentari dauzka, eta oposiziokoek 342 boto behar zituzten presidentea epailearen aurrera eramateko. Temer ez da, baina, alferrik izan hiru aldiz ganberako presidentea estatukoa izan baino lehenago, eta abila da unean uneko interesen arabera aliatuak han eta hemen, artez edo moldez, topatzen. «Parlamentuaren erabaki burujabea ez da garaipen pertsonal bat, zuzenbide estatu demokratikoaren konkista bat baizik, instituzioen indarrarena eta konstituzioarena berarena», adierazi zuen prentsaren aurrean, osoko bilkura bukatu eta gero.

Hilaren 31n beteko du urtebete karguan —Dilma Rousseff 2011 eta 2016 arteko presidenteari egindako impechmeant-aren ondorioz heldu zen presidentetzara—, eta, haren esanak gorabehera, bozketatik ez da indartuta atera. Bai, haren kontrako salaketa berririk ez baldin badago, nekez epaituko dute presidente den bitartean —Gorenak eskatuz gero berriro bozkatu beharko litzateke kongresuan—, baina kutsu erabat neoliberaleko pentsioen eta fiskalitatearen erreformak onartzea du helburu orain, eta horretarako lanak izango ditu. Hortaz, aliatu gehiago bilatzea dagokio. Lege proposamenak onartzeko 308 boto beharko ditu.

Herenegun haren alde bozkatu zutenak alboan izango ditu okerrik ezean, askok herenegun argudiatu zutelako presidente bat epaitua izateak ez diola onik egingo herrialdea bizitzen ari den krisi ekonomikoari. Hidekazu Takayama Alderdi Sozial Kristauko kideak, adibidez, esan zuen Brasilek ezin duela «kaosera» itzuli. «Horregatik bozkatuko dut kargugabetzearen kontra». Luiz Claudio Errepublikaren Alderdiko kidea «ikerketa guztien alde» dago, baina herrialdea «une delikatua» bizitzen ari dela iruditzen zaio. «Eta ekonomia suspertzea tokatzen zaigu».

Sindikatuen eta oposizioaren iritzian, arazo ekonomiko horiei aurre egiteko Temerrek proposatzen duena finantza merkatuaren neurrira egina dago, eta langileen eskubideak murrizten ditu eta prekaritatea areagotu.

PSDBren iritzi aldaketa

Temerrek dio gobernuaren aurrekontuaren defizita doitzea dutela asmo erreformek. Lan erreforma, esaterako, joan den uztailaren 12an onartu zuen senatuak. Aldaketa hori egin nahi zuela iragarri zutenetik, mobilizazioak handiak izan ziren, eta maiatz bukaerako protestetan armada kalera ateratzea agindu zuen Temerrek.

Orduz geroztik, Temerri leporatzen zaizkion ustelkeria kasuak direla medio, kongresuan ez dute pentsioen eta fiskalitatearen erreformez hitz egiten. Datorren astean dira aurrenekoari buruz mintzatzen hastekoak, herenegun gobernuko iturri batek Reuters berri agentziari jakinarazi zionez. Rodrigo Maia kongresuko presidentearen asmoa litzateke proposamena abuztua bukaeran bozkatzea eta urrian senatura eramatea.

Baina presidenteak aliatuak behar ditu erreformak egitea ahalbidetuko lioketen 308 botoak lortzeko, eta orain arte ondoan zuen alderdietako batek, PSDB Alderdi Sozialdemokratak, bizkarra eman zion herenegungo bozketan. Dena den, oraindik ere ikusteko dago jarrera berari eusten dion aurrerantzean ere.

Behin pentsioen erreforma eginda, fiskalitatearenari helduko lioke gobernuak. Hala adierazi zion Reutersi, gobernuko beste iturri batek. Eta hori guztia datorren urteko urriko presidentetzarako hauteskundeak baino lehenago lotuta eduki nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.