Fagor Etxetresnetako presidenteak borondatezko ekarpenak egin zituen

Derrigorrezko ekarpenak ez ezik, 2011n egindako borondatezkoak ere galdu zituen Javier Retegik. Esan du Mondragonek ez zuela bermatu finantzaketa etengaberik, eta ez ziela hori esan bazkideei

Mondragonen aurkako epaiketa, atzo, Bergarako epaitegian. XABIER MARTIN.
xabier martin
Bergara
2018ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Javier Retegi Fagor Etxetresnak kooperatibaren kontseilu errektoreko presidenteak borondatezko ekarpenak egin zituen 2011n, enpresa krisi betean sartua zegoela, eta hark porrot egitean, diru hori galdu zuen, derrigorrezko ekarpenekin batera. Defentsaren abokatu Arantza Estefaniaren galderei erantzunez onartu zuen halakorik Retegik; «atzo [herenegun], beste lekukoei galdetu zeniena ez diozunez honi galdetu, neronek galdetuko diot», esan zion defentsak akusazioari, Raul Tenesi. Ana Mari Beristain kooperatiba hondoratuaren presidenteordeak ere bazituen borondatezko ekarpenak, eta hark ere galera jasan zuen, Mondragon epaitegira eraman duten Eskuratuko eta Ordainduko 957 bazkide ohiek bezala. Guztira, 3.600 bazkide aktibok eta inaktibok galdu zuten dirua 2013ko porrotean, eta soilik lautik batek jarri du Bergaran argitzen ari den salaketa.

Demandatzaileak «engainatu» egin zituelakoan, Mondragoni 48 milioi inguruko eskaera jasotzen duen demandaren epaiketak bigarren saioa izan zuen atzo, eta aurreko egunaren ildotik joan zen: Raul Tenes akusazioko abokatuaren ezintasunarekin. Hainbat agiritan jasorik dauden esan zehatzak oinarri hartuta galdera zaparrada handia egin zuen akusazioak, atsedenik gabe, eta Mondragon zein Fagor Etxetresnak ohiaren agintariek erantzunak eman zituzten; akusazioaren gustukoak ez ziren erantzunak, inondik ere, Mondragonek Fagor Etxetresnen kudeaketan esku hartu zutela gezurtatu baitzuten behin eta berriro, herenegun gertatu zen antzera.

Jaulkipenak luzatu ziren

Javier Retegik ez zuen zalantzarako tarterik utzi: bazkide guztiek zuten enpresaren egoeraren inguruko informazioa; ez zuen sekula bermatu kooperatibaren geroa bazkideen aurrean, eta Mondragonek ez zion finantzaketa etengabea eskaini; beraz, ez zien hori esan bazkideei, Tenes abokatuak aditzera eman nahi izan zuen gisan. Retegik azaldu zuen egiaz esan zuela zor handiena ez zela bankuekin, «horrela zelako». Mondragonekin, erakunde publikoekin eta bazkideekin zuen kooperatiba zenak zor handiena, bankuenari soluzioa eman zitzaiolako 2012. urteko lehen seihilekoan.

Bazkideei pagatzeko zergatik ez ote zuten zuzendaritza organoetan formulak aztertu galdetu zion akusazioak, eta orduan ere, erantzun azkarra iritsi zen: «2012ko amaierara arte borondatezko ekarpenak eskatzen zituenak hilabetean berreskuratzen zituen». Gero, likideziak bukaera eman zion egoera horri. Retegik berak diru hori galdu zuen, 2011n egin zituelako ekarpenak. «Besteentzat eredugarriak izan behar zuten, bazkideek dirua atera ez zezaten», esan zion prentsari Raul Tenes abokatuak, epaiketa bukatzean, Retegi eta Beristainen galera azaldu nahian. «Norberaren diruarekin eredua ematea ez da egokiena izaten. Jarrerarekin egitea, tira, baina diruarekin...», esan zuen Arantxa Estefania defentsako abokatuak. «Dirua norberaren etxean esplikatu behar da, eta ez gara ari gaitasun ekonomiko handiko pertsonei buruz».

Horiek horrela, Mondragonen engainuaren teoriak indarra galdu du epaiketaren lehen bi egunetan, eta akusazioak berak onartu zuen, atzo, agirietan dagoela bere salaketaren esperantza. Lekukoek frontoi baten moduan itzuli diote akusazioari Mondragon eta Fagor Etxetresnak gauza bera direlako idatzita daraman pilota. Izan ere, hala Javier Retegik, nola Ana Mari Beristainek argi utzi zuten Fagor Etxetresnak enpresaren zuzendaritza organoetan hartu zirela erabaki guztiak, eta kooperatibaren batzarraren (bazkideak) oniritziarekin. Esaterako, borondatezko ekarpenen jaulkipenak luzatzeko erabakia.

Aurreko egunean baino bero gutxiago zegoen Bergarako areto txikian, besteak beste, Angela Rodriguez-Monsalve epaileak bi haizagailu jartzea deliberatu zuelako hasi aurretik. Eta, hala ere, Tenes abokatuak akitu itxura eman zuen tarteka. Epaitegiaren alboan dagoen San Pedro elizako kanpaiek ez zioten askorik lagundu, gainera. Bat-batean probak egiten hasi ziren, eta galderak entzuteari utzi zioten ia denek. Danbadak amaitzean jarraitu zuen Sunion bulegoko togadunak, eta aurrean Agustin Markaide lekukoa jarri zitzaion, Mondragoneko Kongresuko lehendakari ohia.

Markaide, patxadaz

Txema Gisasola Mondragoneko presidente hautatzeko prozesua azaldu zuen Agustin Markaidek, galderak patxadaz erantzunez. Prozesua erabateko normaltasunez egin zela kontatu zuen, eta aurreko lekukoek esandakoa berretsi, Fagor Etxetresnen inguruan. Onartu zuen Mondragonen aztertu zutela konkurtsoaren bidez zenbat enplegu salbatuko ote zen, beste aukera askoren artean. Gero, akusazioak uko egin zion Javier Sotil deitua zuen lekukoaren testigantzari. Gaur, Xabier Bengoetxea eta Sergio Trebiño dira deklaratzekoak, baita Ane Alkorta konkurtsoko kudeatzailea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.