Estrategia aldatuta ere, ezin

Zuma Hegoafrikako presidentearen aurkako zazpigarren zentsura mozioko botoa pribatua izan da, baina parlamentuak ez du onartu. Oposizioak, etsita, ustelkeriak okerrera egingo duela iritzi dio

Jacob Zuma Hegoafrikako presidentea, atzo, Lurmutur Hirian, bozketaren ondoren bere jarraitzaileen aurrean mintzatzen. BOTHMA / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Nahiz eta ordurako hamaika ustelkeria kasutan nahasita egon, ANC Afrikako Kongresu Nazionala alderdiko Jacob Zumak bigarrenez irabazi zituen Hegoafrikako presidentetzarako hauteskundeak 2014ko maiatzean, eta Desmond Tutu Bakearen Nobel saridunak ezin izan zion eutsi: «Pozik nago Mandela hilda dagoelako». Apartheid-aren aurka lan egin zuen artzapezpiku hegoafrikarra pozik zegoen —botoa ez ziolaANCri eman jakinarazi zuen—, 2013ko abenduan zendutako ANCren buruzagi historikoak, azalaren kolorearen araberako bereizketa ezartzen zuen sistema politikoaren kontrako borrokaren ikur eta 1994 eta 1999 artean Hegoafrikako presidentea izan zenak, ezin izango zuelako ikusi zer bilakatu den haren alderdia, apartheid-ak iraun zuen lau hamarkadetan batez ere askapen nazionalerako mugimendu bat izan zena.

Duela ia hamar urtetik alderdi horretako burua eta 2009tik herrialdeko presidentea denak, Zumak, ia 800 ustelkeria salaketa ditu, baina boterean segitzen du. Gainera, Hegoafrika Afrikako herrialde garatuena izanagatik, langabezia tasa %25 ingurukoa da—ikerketa batzuek diote %40koa dela—; oinarrizko zerbitzuen eskasia nabarmena da, pobrezia handia, eta oposiziok Zumari leporatzen dio hegoafrikar guztien bizkar negozioak egitea. Horregatik guztiagatik, haren kontrako zazpigarren zentsura mozioa egin zuten atzo, oposizioko alderdiek deituta, parlamentuan, eta, botoa aurrenekoz pribatua izan arren, ez zuten onartu. 400 eserleku dauzka legebiltzarrak —384 legebiltzarkidek bozkatu zuten atzo—, eta 198k Zuma mantentzearen alde egin zuten, 177k kontra, eta bederatzi abstenitu egin ziren. Kontuan hartuta ANCk gehiengoa duela ganberan, 249 aulki dituela, alderdiko 40 bat diputatu matxinatu zirela ondoriozta daiteke. DA Aliantza Demokratikoak alderdiak gidatuta, oposizioa boto sekretuaren alde borrokatu da, baina, estrategia aldatuta ere, ezin izan du Zuma kargugabetu.

Joan den apirilean zen zentsura mozioa egitekoa, baina oposizioak helegite bat jarri zuen Auzitegi Konstituzionalean, botoa pribatua izan zedin eskatuz. Egin zezaketela ebatzi zuen Konstituzionalak, eta parlamentuko presidenteak horrela bideratzea onartu. Hala eginda ere, ezin.

Parlamentari ez denez, Zumak ez zuen parlamentuak Lurmutur Hirian daukan egoitzako bozketan parte hartu, baina, goizean, ANCko kideak bildu ziren harekin, eta hura babestea erabaki zuten. Jackson Mthembu alderdikideak Reuters berri agentziari jakinarazi zionez, lasai zegoen presidentea. «Dantzan eta kantuan aritu da». Biak ditu gustuko.

Oposizioko kideak ez zeuden, ordea, kanturako edo dantzarako. Behin bozketa amaituta, DAk adierazi zuen ANCko parlamentari gehienek «lapurtzen duen, ustelkeria hauspotzen duen eta estatua bahituta daukan gobernu baten alde» egin zutela. «Ustelkeriak okerrera egingo du». Gobernuak argudiatzen du, aldiz, oposizioari soilik on egingo liokeela aldaketak, ez herrialdeari berari. Dorris Dlakuko ANCko diputatua izan zen bozkatu aurreko eztabaida parlamentarioan parte hartu zuenetako bat, eta onartu zuen Zumak «hutsegiteak» egin dituela, alderdian badakitela. «Baina gure asmoa horiek zuzentzea da».

Izan ere, ustelkeria kasuak—iaz, esaterako, Auzitegi Konstituzionalak eskatuta, diru publikotik lapurtuta haren etxea konpontzeko erabilitako milioi erdi euro itzuli behar izan zuen Zumak— eta herrialdearen dinamika eta horren ondorioz hiri handienetan egiten dituzten protesta jendetsuak aintzat hartuta, zenbait alderdikidek dimititzeko eskatu izan diote presidenteari, baina alderdiak berak babestu egiten du finean. 2005ean bai, orduan gobernuko presidenteorde kargutik kendu zuen Thabo Mbeki presidentea zenak (1999-2008), Zumaren ustelkeria kasuak azaleratzen hasi zirenean.

Apartheid-a amaituz geroztik 1994etik gaurdaino egindako presidentetzarako eta parlamenturako hauteskunde guztiak irabazi ditu ANCk. Mandelak behinola iragarri zuen 2025 urtera arte jarraituko zuela ANC agintean...

Zuma, kantuan

Dena dela, bozetan behintzat, indarra galtzen ari da ANC. 2014ko presidentetzarakoetan, botoen %63 bereganatu zituen, baina iazko abuztuko udal hauteskundeetan %54era ere ez zen iritsi babesa. Besteak beste, ANCri leporatzen zaio segregazio sistemak iraun zuen bitartean ezarritako egitura ekonomikoaren erreformarik ez duela egin. Zumak duela bost urte aitortu zuen apartheid-aren egitura ekonomikoa «ia ukitu gabe» zegoela, eta hori aldatzeko erreformak egingo zituela hitzeman. Ez du, baina, hitza bete. Abenduan, alderdiko presidentetza utzi beharko du karguan hamar urte egin eta gero, eta ordezko gisa Nkosazana Dlamini-Zuma haren emazte ohia proposatu du.

Joan den urteko hauteskundeetako emaitzak gorabehera, Zumak atzo iragarri zuen 2019ko presidentetzarakoak ere irabaziko dituztela. ANCko jarraitzaileekin bat egin zuen Lurmutur Hiriko kaleetan, eta Mandela gogoan duten kantuak abestu zituen. 2014ko hauteskundeetan ere diskriminazioaren kontrako borroka gidatu zuten buruzagietan zentratu zuen kanpaina, eta Egin ezazu Madibagatik, Eman Botoa ANCri eta antzeko leloak erabili zituen. Beltzak biztanleen %79 dira Hegoafrikan.

Atzo beltz asko zeuden, baina, Zumaren kontrako protestetan, Zuma kanpora edota Zumarengan konfiantzarik ez idatzita zeukaten kartelei eusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.