Estatu espioi baterako neurriak

Frantziako Asanblea Nazionalak hasia du zerbitzu sekretuak indartuko dituen lege proiektuaren eztabaida.«Arma arriskugarri bat» bilaka litekeela ohartarazi dute eragile ugarik eta oposizioak

Manuel Valls, Frantziako Asanblea Nazionalean egindako hitzaldi batean. IAN LANGSDON / EFE.
Paris
2015eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Atzo sartu zen Frantziako Asanblea Nazionalean zerbitzu sekretuei indar azkarragoa eman nahi dien lege proiektua. Giza eskubideen elkarteek eta beste hainbat eragilek salatu dute lege hori «arma arriskugarri bat» bilaka litekeela. 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondorioz, AEBek Patriot Act lege antiterrorista sortu zuten. Bide beretik, lege proiektu bat jorratzen hasi dira atzodanik Frantziako Asanblea Nazionalean.

Charlie Hebdo astekariaren aurkako atentatuaren aitzin prestatzen hasiak ziren lege proiektu hori, ia urtebetean urgentziazko prozeduraz aztertua. 1991ko uztailekoa zen aitzineko legea, Internetera egokitu gabea. Baina aurtengo urtarrileko erasoen ondorioz, indartu egin du Frantziako Gobernuak.

Informazio zerbitzuei edozein ordenagailu edo komunikazio gailu pirateatzeko eskubidea emango die lege berriak, susmagarri batekin kontaktuan egon bada, kasualitatez izanik ere. Dagoeneko gertatu izan diren praktika batzuk dira, baina testu horrek legeztatu egingo ditu, Poliziaren esku utziz susmagarria nor den erabakitzea.

Marc Trevidic juje antiterrorista ohiak kezkak zabaldu ditu RTL irratian. «Lege horrekin, horrela onartua baldin bada, justizia instrumentalizatzen ahalko da, noiztenka, talde bat edo bestea terroristatzat definituz, edo ez». Arma arriskugarri bat izan daiteke lege berria, Trevidicen ustez: «Lege batek herritarrak babestu behar ditu terroristengandik, baina baita estatutik ere. Hori urrun dugu; lege proiektu horrek kontrol guztia ematen dio estatuari».

Giza eskubideen aldeko hainbat elkartek ere salatu dute egitasmoa: «Lege proiektu horrek ez die indarrik ematen justizia autoritateei pirateria informatikoa kontrolatzeko».

Privacy Internationaleko Carly Nyst zuzenbide zuzendariak ere azkarki kritikatu du Frantziako Asanblea Nazionala lantzen ari den lege proiektu hori. «Borroka antiterrorista ezin da hartu masa kontrolatzeko aitzakiatzat. Parlamentuak proposatuak diren neurri guziak onartzen baditu, ikerketa sakonik egin gabe, Frantzia estatu espioi bat bihur liteke».

Lehen ministroa begirale

Lehen ministroari edozein komunikazio oztopatzeko aukera ematen dio lege proiektuko neurrietako batek, baita Frantziatik kanpo ere. Beste batek dio Estatu Kontseiluak duela erabakiko zein neurri tekniko baliatzen ahalko dituzten informazio zerbitzuek, publikatua izanen ez den dekretu baten bidez.

Internet guziari behatuko dion algoritmo bat sortzea proposatzen du legeak. Delikatuak edo susmagarriak diren webguneen bisitatzeak inteligentzia zerbitzuak abisatuko ditu. Estatu Islamikoak eginiko buru mozte baten bideo batean klik egitearen adibidea jarri du Bernard Cazeneuve Defentsa ministroak, bideoa nork publikatu duen aurkitzeko gisan. Baina ez dago argi zein hedadura izanen duen algoritmo horrek.

Zaintza horren guztiaren kontrola agintaritza administratibo berri baten esku utziko dute. Epaileek, gobernuaren aldeko eta oposizioko diputatuek eta aditu tekniko batek osatuko lukete CNCTR Inteligentzia Tekniken Kontrolerako Batzorde Nazionala, eta CNCIS Segurtasun Atzemateen Kontrolerako Batzorde Nazionalaren tokia hartuko luke.

Manuel Valls lehen ministroak lege proiektuaren defentsa hasi zuenean, atzo, zortzi diputatu baizik ez ziren Asanblea Nazionalean. Frantziako gobernuburuak argudiatu du testu horrek ez duela sortuko «zaintza orokorreko gizarte bat», eta nabarmendu du gobernuak debekua ezarriko diola filtrazio arrisku orori. Legeak galderak eta zalantzak eragitea normaltzat jo du Vallsek, baina uxatu nahi izan ditu argitaratu diren kritikak: «Lege arriskutsu bat? Nola esan litezke horrelako gezurrak?».

Vallsek, hala ere, ez ditu konbentzitu aurkariak. «Ez da, ingurugiroak pentsaraz dezakeen bezala, lege antiterrorista arrunt bat», azpimarratu du, Asanblea Nazionaleko eztabaidaren aitzinetik, Virginie Duval Magistratuen Sindikatuen Elkarteko presidenteak: «Eragin orokor handi bat ukan dezakeen inteligentzia testu orokorrago bat da».

Orokorregia, UMP alderdiko Alain Marsau diputatuarentzat. Vallsen gobernuari ez dio «intentzio txarrik» ematen, baina beldur da geroan «askatasunendako errespetu gutxiago duen» gobernu batek gaizki balia dezan lege hori: «Horrelako testu batekin, edozein oposizio zaindu lezake halako gobernu batek, baita aurkako alderdi politikoak ere».

Kezka horiek guztiak erakusteko, eta diputatuei legeari aldaketak ekartzeko eskatzeko, manifestazioa egin zuten atzo eguerdian Parisen, Asanblea Nazionalaren aitzinean.

Charlie Hebdo-ren aurkako atentatuen ondotik, larrialdi prozesu bat plantan ezartzea erabaki zuen Frantziako Gobernuak. Informazio zerbitzuei buruzko legea parlamentuaren irakurketa bakar baten ondotik bozkatua izanen da maiatzaren 5ean, ohiko bi irakurketen ordez.

Mundu osoari zabaldua den TV5 Monde telebista katea, haren webgunea eta sare sozialak pirateatu zituen iragan astean Estatu Islamikoari lotzen den talde batek. Asteazkenetik ostegunera ezin izan zen emankizunik ikusi katean.

Eraso horren ondorioz, Fleur Pellerin Kultura eta Komunikazio ministroak hedabide handietako zuzendariak bildu zituen, segurtasun numerikoa nola azkartzen ahal zuten ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.