Pentsiodunek protestak areagotuko dituzte auzia konpondu ezean

LABen ustez, Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua pentsioen eztabaidatik ihes egiten ari dira. Igandean, Iruñean mobilizatuko dira CCOOk eta UGTk deituta, eta hilaren 18an legebiltzar aurrean

Garbiñe Aranburu eta Carlos Ruiz, atzo, LABen egoitzan, atzean pentsiodun talde bat daukatela. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
«Pentsio duinak eskaini» eta auzia konpondu ezean, mobilizazioak indartu egingo dituzte pentsiodunek. Hala adierazi zuen atzo Carlos Ruiz LABeko pentsiodunen ataleko bozeramaileak, eta borroka langile mugimendura zabaltzeko aukera mahai gainean jarri zuen. Azken asteetan astelehenero indar erakustaldia egiten ari dira, eta pentsio duinak lortu arte bide horretan jarraituko dutela adierazi zuen. «Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak euren ardurak hartu arte eta pentsio duinak eskaintzen ez dizkiguten artean, ez dugu amore emango».

Kalean mobilizatzen ari dira, baina Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak euren ardurari ihes egin diotela salatu zuen Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak: «Sistema publikoa ahultzen ari dira, eta kolapsora iristen ari direla diote, alternatiba gisa pentsio pribatuak eskainiz; baina askorentzat hori ez da posible». Eta gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izateko osagarriak onartu ditzatela eskatu zien Jaurlaritzari zein Nafarroako Gobernuari. Horrela egiten ez duten heinean, eztabaidari «ihes» egiten ari direla salatu zuen, gainera. Hala ere, Jaurlaritzarentzako izan zituen hitz gordinenak: «Aukera legezkoa eta zilegia dauka miseriazkoak diren pentsio denak 1.080 eurokoak izan daitezen, baina ardura hori ez dute eurena egin nahi».

2018rako aurkeztutako aurrekontu proiektuan, pentsio txikienentzako %2 edo %3ko hazkundea proposatu du Espainiako Gobernuak. Sindikatuaren iritziz, ordea, ez da nahikoa, «2019tik 2022ra arte egungo egoera berean geratuko zelako kontua». Hau da, berriz ere %0,25eko hazkundea izango lukete pentsioek. Horregatik, sistema bera aldatu, eta 2013ko pentsioen erreforma bertan behera uzteko eskaera egin zuten sindikatuak eta pentsiodunek.

Mobilizazioen agenda

Pentsiodunek ohartarazpena egin zuten atzo: protestek gora egingo dutela auzia konpondu ezean. Aurrerapen gisa, igandean mobilizazioak egingo dituzte Iruñean, UGTk eta CCOOk deituta, Espainian egindako deialdiari jarraikiz. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunek ez dute bat egin mobilizazioarekin, eta, horren ordez, hilaren 19an bilera egingo dute aurrera begira eman ditzaketen pausoak adosteko. Litekeena da batzar horretan Nafarroako pentsiodunen ordezkariek ere parte hartzea. Bertan adostuko dituzte zein mobilizazio mota egingo duten aurrerantzean. Dena dela, bilera egin bezperan, apirilaren 18an, Eusko Legebiltzarraren aurrean mobilizazioa egingo dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunen hainbat plataformak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.