Europako Kontseiluak agintaldia luzatu dio Donald Tusk presidenteari

Poloniako gobernu eskuindar populistak goi bilera baliogabetzeko mehatxua egin du. Afrika iparraldeko kostazainak trebatzen ari da EB. Erromako adierazpena prestatuko dute gaurko bileran

Donald Tuski 2019ra arte luzatu diote Europako Kontseiluko presidente kargua. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Samara Velte.
2017ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Barruko tirabirak baretu ezinik amaituko du astea Europako Kontseiluak. EBko 28 ordezkari gorenak batzen dituen erakundeak udaberriko goi bilera egin zuen atzo, Europa eraikin estreinatu berrian. Agendan, gai sorta zabala, migrazio politikatik hasi eta etxeko ekonomiaraino; lehenbizikoa, kontseiluko presidentea izendatzea. Donald Tusk poloniarrari maiatzaren 31n amaituko zaio oraingo agintaldia, eta estatuburu guztiek beste bi urte eta erdiz luzatzea erabaki dute. Guztiek, batek izan ezik: Tusken jatorrizko herrialdeko gobernuak. Politikari kristaudemokrataren alderdia oposizioan dago Varsoviako parlamentuan; horregatik, agintean dagoen Askatasuna eta Justizia alderdi eskuindar euroeszeptikoa haren izendapena eragozten saiatu da.

EBko estatuburuak iragarri baino bi ordu beranduago prentsaren aurrera agertu direnean, kontseiluak presidente berria zeukan, baina ez kide guztiek sinatutako akordio bat; atzoko saioaren ondorioak boikotatzeko eta baliogabetzeko mehatxua egin du Poloniak. Hala ere, Tuskek «kontseiluko kide guztiekin berdin» hitz egiteko asmoa adierazi du, «salbuespenik gabe». Varsoviarekiko komunikazioaz galdetuta, «polonieraz» izango dela baino ez du erantzun. «Ea Poloniako Gobernuak hizkuntza hori behintzat ulertzen duen», erantsi du, haren alboan, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak.

Varsoviaren protestak gorabehera, bilerako gai nagusiei heldu diete gainerako estatuek. «Kontsentsua desiragarria da, baina ezin da blokeorako erabili», esan du Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. 28en klubak, izan ere, presidentearen izendapena baino arazo larriagoak dauzka. Alde batetik, aurki 27 eserleku baino ez ditu izango: Erresuma Batuko gobernuak hil honen amaieran aktibatu asmo du Europako Batasunetik irteteko protokoloa, eta Theresa May lehen ministroak iragarria du hurrengo bilkuretan parte ez hartzeko asmoa. Bestalde, oraindik argitzeko dago AEBetako gobernu berriaren politika Europako Batasunarekiko. Klubaren barruko kide garrantzitsu bat galtzear, eta ozeanoaz bestaldeko aliatu nagusiak eragindako ziurgabetasunak uzkurtuta, EBko kideek euren jarrera berresteko baliatu dute Bruselako plaza.

Merkataritzan, Asiarekin akordio berriak lortzen saiatzeko asmoa adierazi dute, nagusiki Japoniarekin. Txina aipatu gabe, «truke praktika bidegabeen» aurkako adierazpen bat adostu dute. Segurtasun arloan, berriz, hizpidera ekarri dute berriro Europako Fiskaltza sortzeko aukera, hainbat estatuk horren inguruko errezeloa adierazi duten arren. Agentzia horrek eskumena izango luke ustelkeria auziak eta zerga iruzurra mugaz gaindi ikertzeko.

Errusia eta migratzaileak

Afarian, Balkanetako egoera eta defentsa gaiak izan dituzte hizpide. Bruselako ordezkariek uste dute Errusiaren eragina areagotzen ari dela Europa ekialdean Ukrainako gatazkaz geroztik; Moskuk, aldiz, Ukrainako kolpistak babestea egozten dio Mendebaldeari. NATOk 4.000 soldadu inguru bidali ditu azken urteotan Errusiako mugara. Atzo, hain zuzen ere, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak desadostasuna adierazi zien europarrei: «Mapa bat mahai gainean jarri eta eguneratu behar genuke nork daukan zer non estazionatuta».

Migrazio politikari dagokionez, otsailaren 3ko goi bilera informalean adostutako zirriborroari heldu diote berriz Bruselako agintariek. Europa barruko neurriak indartu ordez, arreta Libian eta Afrika iparraldeko beste herrialdeetan jartzea adostu dute, eta hango gobernuekin «lankidetzan» jardutea, migratzaileek ez dezaten Mediterraneoa gurutzatu. Merkelen hitzetan, Afrika iparraldeko «kostako zaindariei prestakuntza ematen» ari da EB, baina oraindik ez dute lortu «egoera egonkor batera iristea».

EBren sorreratik, 60 urte

Goi bilera ofizialak egun bakarra iraun du. Nolanahi ere, gaur modu «informalean» elkartuta jarraituko dute estatuburuek Bruselan —Erresuma Batuko ordezkaririk gabe—, hilaren 25eko topaketa prestatzeko. Egun horretan, Erromako Itunaren 60. urteurrena gogoraraziko dute adierazpen baten bidez, eta EBren sorrera data erabiliko dute aitzakiatzat EBren etorkizun ziurgabeaz eztabaidatzeko.

«Aldatzeko aukera bat» izango da data hori, Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidentearen hitzetan. Bateko eta besteko alderdi euroeszeptikoak indartzen ari diren garaiotan —Erresuma Batuan, Frantzian, Herbeheretan...—, EBk hastapenetan abiatutako proiektua «berrabiarazi» eta batasuna indartzeko baliatu nahi du Tajanik Erromako bilkura. Ukatu egin du EBren barruan estatuen arteko botere lehia bat gertatzen ari denik, eta hegoaldeko hainbat hedabidek aipatutako «abiadura ugaritako Europa» baterantz doazenik. Brexit-az, berriz, iragarri du Europako Legebiltzarrak prest daukala prozesua aktibatu osterako agiri bat, baina helburua «ahalik eta akordio onena lortzea» izango dela: «Erresuma Batua izango da gure kide nagusietako bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.