Etxean konpondu ezinda

'Brexit'-aren ondorenerako Erresuma Batuak EBrekin aduana batasun bat negoziatzeko beharra defendatu du Corbyn laboristak. Londres datozen egunetan da bere jarreraren berri ematekoa

Jeremy Corbyn, atzo, Coventryko Unibertsitatean eman zuen hitzaldiko momentu batean. WILL OLIVER / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Oraindik ez dute egutegia zehaztu, baina EB Europako Batasuna eta Erresuma Batua martxoan dira brexit-ari buruzko negoziazioen bigarren fasean sartzekoak. Batik bat trantsizio epearen nondik norakoak eta etorkizuneko harreman komertziala izango dituzte hizpide. Joan den abenduaren 9an bukatu zen lehen fasea, eta horretan dibortzioaren baldintzak zehaztu zituzten. Hurrengo pausoa eman aurretik, «argitasuna» eskatu izan dio Bruselak Theresa Mayri. Erresuma Batuko lehen ministroa datorren ostiralean da argibide gehiago ematekoa. Etxean, hala ere, ez da giro, eta planteatu beharreko harreman komertzialari dagokionez posizio antagonikoak dituzte kontserbadoreek eta laboristek. Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako buruzagiak Erresuma Batuak EBrekin aduana batasun bat negoziatzeko beharra defendatu zuen, atzo. Horren helburua da Erresuma Batuko enpresek batasuneko merkatura muga zergarik gabeko sarbidea edukitzea. «EB uzten ari gara, baina ez Europa», nabarmendu zuen laboristen liderrak. Horri segituan erantzun zion Mayren bozeramaileak: «Gobernuak ez du aduana batasunarekin bat egingo. Gure itun komertzial propioak sinatzeko eta mundura iristeko askatasuna eduki nahi dugu».

Posizio hori defendatzen ari dira tory-ak azken hilabeteotan. David Davis Londresen brexit-erako negoziatzaileak duela hiru aste adierazi zuen haien asmoa dela EBrekin merkataritza askerako akordio bat sinatzea, eta batasunetik kanpoko estatuekin, Indiarekin eta Txinarekin kasurako, akordio independenteak edukitzea. Baina politika komertzial hori ez dator bat aduana batasunarekin. Dena dela, mezu hori hedatzen ari dira kontserbadoreak. Horregatik, Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak belarrietatik tira egin zien lehengo astean: «Hasieratik esan izan dugu ezinezkoa dela ez neurrira egindako brexit bat, ez eta merkatu bakar bat ere». May bere kabineteko kideekin batzartuko da etzi, eta ondoren Tuskekin berarekin.

Bitartean, aduana batasuna proposatu dute laboristek. Horrek klub bateko kideen arteko merkataritza librea ahalbidetzen du, eta estatukideetako enpresek ez dute ez zergarik, ez arantzelik ordaindu behar horregatik. Dena den, ohikoena izaten da kideek akordio komertzial bateratuak izatea haien aduana batasunean ez dauden estatuekin.

Badaki Corbynek kontserbadoreen artean denek ez dutela iritzi bera brexit moldeari buruz, eta, horregatik, Mayri presio egiteko baliatu zuen Coventryn (Ingalaterra) egindako agerraldia. Gobernua merkataritzari buruzko lege proiektu bat aurkeztekoa da Erresuma Batuko Komunen Ganberan, eta badira Alderdi Kontserbadoreko zenbait diputatu horri zuzenketa bat jarri nahi diotenak. Ikusteko dago, dena dela, zenbat diren bozkatzeko orduan Mayrekin bat ez datozen parlamentariak, eta, aldi berean, zer egingo duten laboristek. Corbynek, oraingoz, ez du pistarik eman. Baina zuzenketaren onarpenak lurrikara politikoa eragingo luke Erresuma Batuan, eta nola Mayren gobernuaren erorialdia hala hauteskundeak aurreratzea ekar lezake.

Laboristen liderrak ez zuen horri buruz espekulatu nahi izan, eta «langileen enpleguak» izan zituen ahotan. «Ez dugu sostengatuko enpleguei, eskubideei eta bizi kalitateari kalte egingo dien akordiorik», nabarmendu zuen. Corbyn euroeszeptikoa da berez, eta laboristen brexit-arekiko jarrera anbiguo samarra izan da. Beraz, ikusirik aduana batasun bat eskatu dutela, horri buruz galdetu zioten kazetariek laboristen buruzagiari. Gehiegi sakondu gabe, baina azpimarratu zuen EBn mantentzearen aldeko kanpaina egin zuela brexit-az bozkatu aurretik, EBk «erreformak»behar dituela irizten baitio. Kontserbadoreek, baina, kritikatu egin zuten. «Milioika bozkatzaile laboristei traizio egiten ari zaie», leporatu zion Liam Fox Erresuma Batuko Nazioarteko Merkataritzarako estatu idazkariak. Izan ere, kontuan hartu behar da laboristen diputatuen bi herenek dibortzioaren alde bozkatu zuten barrutiak ordezkatzen dituztela. Bide batez, Mayk proposatutakoari esker «legeen, mugen eta diruaren kontrola» haien esku egongo dela gaineratu zuen Fox kontserbadoreak. Corbynentzat, baina, Mayk-eta ez dute «inolako planik» brexit-arentzat.

Faktura eta Irlanda

Europar Kontseilua, EBko estatuburuen eta gobernuburuen biltzarra, bilkura egitekoa da martxoaren 22an eta 23an, eta orduan brexit-ari buruzko dokumentu bat eztabaidatu nahiko lukete. Oraindik, ordea, ez dute bigarren faseko negoziazioen egutegirik zehaztu. Lehen fasean zehaztu zuten Erresuma Batuak 40.000 eta 45.000 milioi euro artean ordainduko dituela EBtik alde egiteagatik, eta Ipar Irlandareneta Irlandako Errepublikaren artean ez dela muga zurrunik egongo. Hala ere, hori ez dago guztiz argi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.