Katalunia. Epaiketak

Erabakia, kanpainaren atarian

Kontseilariek eta ANC zein Omnium Culturaleko buruek deklaratu dute Gorenean, eta Llarena epailea etzi esatekoa da kartzelan mantenduko dituen ala ez. Fiskaltzak neurriari eusteko eskatu du

Guardia Zibilaren furgoneta bat Auzitegi Gorenera iristen, atzo. Furgoneta bakoitzean bi inputatu eraman zituzten. J. C. HIDALGO / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak erabakita Katalunian hilaren 21ean egingo dituzten hauteskundeetarako kanpaina astelehenetik astearterako gauerdian hasiko dute alderdiek. Eta etzi, hain zuzen ere, kanpainari berari zuzenean eragingo dion erabaki bat jakinaraztekoa da Pablo Llarena epailea, 09:00 eta 10:00 artean. Espainiako Auzitegi Goreneko magistratua ebaztekoa da Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuko presidenteordea, zazpi kontseilari eta Jordi Sanchez zein Jordi Cuixart ANC Biltzar Nazional Katalaneko eta Omnium Culturaleko presidenteak kartzelan mantendu ala ez—Meritxell Borras Gobernazio kontseilaria eta Cuixart izan ezik, gainontzekoak hautagaiak dira bozetan—. Epailearen aurrean deklaratu zuten denek atzo, eta, besteak beste, ametitu, «judizialki eta politikoki» ados egon ez arren, Espainiako Estatuak Katalunian konstituzioaren 155. artikulua ezarri izana. Gainera, zenbait komunikabidek iturri judizialak aipatuz jakinarazitakoaren arabera, inputatuak konprometitu ziren aurrerantzean, politikoki, «konstituzioaren barruan» jokatzera. Halere, Espainiako Auzitegi Nazionalak jarritako kautela neurriei eustearen alde agertu da Espainiako Fiskaltza Nagusia, pentsatzen baitu ez dela aldaketarik egon «ez egitate objektiboetan, ez eta deklarazioetan ere».

Atzoko zitazioak ez zuen helburu, baina, fiskaltzak egozten dizkien ustezko delituetan sakontzea —matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera okerra—. Fiskaltzaren posizioaren kontra, Auzitegi Gorenak joan den ostiralean hartu zuen kausa guztia bere gain, eta defentsek egindako eskariari erantzunez, Llarenaren aurrean deklaratu dute auzipetuek. Betiere hainbat hedabidek iturri judizialak aipatuz kaleratutako informazioaren arabera, magistratuak berak argi utzi zuen atzo, galdeketa hasi baino lehenago, ikerketapean daudenen egoera pertsonalean zentratuko zela. Horiek kaleratu ala ez erabakitzeko asmoarekin galdekatu zituela, alegia.

Consuelo Madrigal eta Jaime Moreno fiskalek uste dute espetxean jarraitu beharko luketela—ez zuten txostenik kaleratu, eta ahoz defendatu zuten haien jarrera—, argudiatuz, batetik, aske utziz gero ihes egin dezaketela; eta, bestetik, ustezko delituak errepikatu ditzaketela. Baina defentsek arrazoitu dute auzipetuek ezin dutela deliturik errepikatu, Espainiako Estatuaren ikuspegia kontuan hartuta, teknikoki, behintzat, ez baitira kontseilariak. Nabarmendu dute, gainera, hautagaiak diren neurrian ez dagoela ihes egiteko arriskurik. Iruditzen zaie jardun politikorako «eskubidea» dutela, eta gainontzeko hautagaien «baldintza beretan» parte hartu beharko luketela hauteskundeetan.

Bitartean, asteburua, gutxienez, espetxean pasatu beharko dute Junquerasek eta Raul Romeva (Atzerri), Carles Mundo (Justizia), Dolors Bassa (Lana), Joaquin Forn (Barne), Josep Rull (Lurralde) eta Jordi Turull (Presidentetza) kontseilariek. Lehen bostak ERCren hautagaiak dira, eta azkeneko biak Junts Per Catalunyarenak; Sanchez bezalaxe, hain justu, zeinak Soto del Realeko kartzelan segituko duen Cuixartekin batera. Urriaren 16an kartzelatu zituen Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak, sedizioa leporatuta. Erreforma zein apelazio helegiteak aurkeztu dituzte jada Auzitegi Nazionalean, baina askatasuna ukatu die magistratuak.

Kontseilariak ere Lamelak bidali zituen espetxera, joan den azaroaren 2an: Estremerara gizonezkoak, eta Alcala Mecora emakumezkoak. Handik heldu ziren, atzo, Auzitegi Gorenera, 09:00 inguru zirenean. Junqueras izan zen deklaratzen aurrenekoa, eta, Romevak gero egin bezala, ez zien fiskalak egindako galderei erantzun. Laburrak izan ziren ia gehienen deklarazioak, eta ordu erdi ere ez zuten behar izan horretarako. Borras ez da hautagaia, eta ordubete pasatxo igaro zuen galderak erantzuten.

Lan horri ekin aurretik, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak mezu bat helarazi zien Twitter bidez: «Ateratzeko beharrezkoa dena egin». Etzi da Bruselan deklaratzekoa, han dauden beste lau kontseilariekin batera.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko Mahaiko presidentea eta mahaiko bost kide subiranistek ere delitu berberengatik deklaratu zuten Gorenean, joan den azaroaren 9an, eta fiskaltzak baldintzarik gabeko espetxe zigorra eskatu zuen arren haientzat, Llarenak aske utzi zituen, bermea ordainduta: 150.000 eurokoa Focadelli, eta 25.000 gainontzekoei —Joan Josep Nuet libre utzi zuen, neurririk jarri gabe—. Orduko deklarazioan, Forcadellek, esaterako, adierazi zuena izan zen alde bakarreko independentzia deklarazioa «sinbolikoa eta «politikoa» izan zela.

ERCko kontseilarien defentsak esan izan du haren bezeroek Kataluniaren independentzia dutela helburu, ez diotela horri uko egiten, nahiz eta 155.aren ezarpena ametitu. «Elkarrizketaren eta negoziazioaren bideak» ibiliko dituzte horretarako.

Mas hauteskundeei begira

Hain zuzen ere, ERCk, PDECatek, ANCk eta Omnium Culturalek jakinarazi zuten, atzo, norbanakoen elkartasunari esker prest dutela balizko bermeak ordaintzeko dirua. Alderdi eta elkarte horietako hainbat kide bildu ziren goizean Auzitegi Gorenaren kanpoaldean, eta tartean zegoen Artur Mas Kataluniako presidente ohia. Ohartarazi zuen bloke subiranistak gehiengoa atera beharra daukala bozetan. «Bestela proiektu subiranista baztertu beharko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.