Katalunia

Bruselarako bidaia mahai gainean

Torrent talde parlamentarioekin biltzen hasi da. Unionistak Puigdemonten inbestiduraren aurka agertu dira. Junqueras Estrasburgora iristeko prest dago, parlamentura joatea ukatzen badiote

Roger Torrent, parlamentuko mahaiko lehen bilerara iristen, atzo, Bartzelonan. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Roger Torrentek bere lehen eguna egin zuen atzo Kataluniako Parlamentuko presidente gisa, eta lehen polemikak hasi dira.JxC Junts Per Catalunyako kanpaina buru eta diputatu Elsa Artadik adierazi zuen Torrentek Bruselara bidaiatuko duela, presidente hautagai Carles Puigdemontekin hitz egiteko. Torrentek ez du ezetzik esan, baina lehenik talde parlamentarioekin hasitako bilerekin amaituko duela azaldu du: «Elkarrizketen ondoren ikusiko dugu zein den gehiengoa eskuratu dezakeen hautagaia. Puigdemont bada, harekin hitz egin beharko dugu. Ikusiko dugu ea Bruselan den».

Parlamentuko mahai berriaren lehen bilera zuzendu zuen atzo Torrentek, baina saihestu egin zuten Puigdemonten balizko inbestiduraz hitz egitea. Gehienez urtarrilaren 31n izango dena, egun hori baita inbestidurarako lehen bozketa egiteko azken eguna. Bilera ostean, alderdiekin elkarrizketa saila hasi zuen. Catalunya en Comu Podem eta PSC izan ziren lehenak, eta PP ondoren. Puigdemonten inbestiduraren aurka daudela adierazi zioten hirurek. Comukoen lider Xavier Domenechek esan zion inbestidura telematikoa «bideraezina» dela. PPko Xavier Garcia Albiolek azaldu zuen Espainiako presidenteorde Soraya Saenz de Santamariarekin ados dagoela. Hark esan zuen «beharrezko guztia» egingo dutela inbestidura eragozteko. PSCko Miquel Icetak, berriz, Bruselan dauden bost diputatuek botoa delegatzeko aukeraren aurka ere egin zuen, eta adierazi zuen «oker ikaragarri bat» izango litzatekeela.

CUPeko Carles Rierarekin elkartu zen Torrent azkenik, eta gainontzeko alderdien jarreratik urrun agertu zen hura: «Hautagaia izateko Puigdemonten legitimitate osoa aitortzen du CUPek». Halere, azaldu zuen gobernuaren programa politikoa izango dela bere alderdiaren boza erabakitzeko «funtsezko baldintza».CUPek ezohiko kontseilu politikora deitu du hilaren 27rako, JxCren zerrendaburuaren inbestidura babestu edo ez erabakitzeko.

JxC, berriz, bere bidea egiten ari da, eta Bruselan dituen hiru diputatuek inbestidurarako botoa delegatzeko aukera izateko eskatu du. Hori aztertzea izango da parlamentuko mahaiak izango duen lehen lana.

Eurek bozkatu nahi

Preso dauden diputatuek izan zuten botoa delegatzeko aukera, mahaia osatzeko bozketan, Espainiako Auzitegi Goreneko Pablo Llarena epaileak parlamentura joateko espetxetik irtetea ukatu ostean. ERCko buru Oriol Junquerasek, ordea, beste helegite bat aurkeztu du auzitegian. Oraingoan, inbestidurarako bozketara joatea eskatu du. Junquerasen defentsak adierazi du diputatuek han egoteko eskubidea dutela, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzeko ere prest agertu da, Auzitegi Gorenak parlamentura joaten uzten ez badio, edo Kataluniako espetxe batera mugitzen ez badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.