Gogortu egin da Siemens Gamesako bi akziodun nagusien arteko liskarra

Balizko lekualdatze bat eragozteko, Iberdrolak berme handiagoak eskatu dizkio akziodunen batzarrari, baina ez dute onartu. Zuzendaritzak dio konpainiaren egoitzak Bizkaian segitzea ez dagoela zalantzan

Ivan Santamaria.
2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Siemens Gamesako bi akziodun nagusien artean ez dago konfiantzarik. Iberdrolari ez zaio gustatu zein bide hartu duen konpainiak bateratzea gauzatu zenetik, eta ezinegon hori oso argi geratu zen atzo egindako akziodunen batzar nagusian. Gai zerrendan bi puntu sartu zituen Iberdrolak; besteak beste, egoitza nagusia lekualdatzeko aukeraren aurrean berme handiagoak exijitzeko. Ez ziren aurrera atera.

Siemensen filial eolikoaren eta Gamesaren arteko eragiketari bateratze esan izan zaio, baina, praktikan, Siemens AGren eskuetan utzi zuten enpresa, akzioen %59 kontrolatzen dituelako. Erreferentziazko bigarren akziodun nagusia Iberdrola da, jabetzaren %8ri eutsita. Hala ere, bi enpresen jarduerak elkartzeko kontratuan, berme batzuk ezarri ziren Siemens AGk aldebakarreko erabakiak hartzea eragozteko. Iberdrolak zalantzan jarri du berme horiek betetzen ari ote diren.

Akziodunen galderen txandan, Imanol Elorriaga Iberdrolako ordezkariak hartu zuen hitza. Gamesak betidanik izan dituen «printzipioen alde», industria proiektu «sendo eta autonomo» bat izatea defendatu zuen. Egoitza ez lekualdatzeko eskaerarekin batera, kontrol handiagoa exijitu zuen Siemens Gamesarekin lotura duten enpresekin tratuak egiten direnerako, zuzenean esan gabe baina iradokita Siemens AGren mesederako egin direla truke batzuk.

Erantzuna jarraian eman zion Siemens AGk izendatutako ordezkari Fernando Ortegak. Kritika zorrotza egin zion Iberdrolari. Gogora ekarri zuen batzar nagusirako gai zerrenda aho batez onartu zuela administrazio kontseiluak, Iberdrolak izendatutako ordezkariaren aldeko botoarekin. Gerora proposatu zituen eskaerak kontseilura eraman ez izana aurpegiratu zion: «Zein da Iberdrolaren ekarpena administrazio kontseiluan?». Siemens AGko ordezkariek ez dituztela enpresa horrekin lotutako eragiketen eztabaidan parte hartzen ere azaldu zuen. «Ez da egia erabakiak eragiten dituztela; horrek ez du fundamenturik».

«Ez dago zalantzan»

Sutearen erdian iritzia eman behar izan zuten Siemens Gamesako arduradun nagusiek. Rosa Garcia administrazio kontseiluko presidenteak ziurtatu zuen egoitza soziala Bizkaian jarraitzea ez dagoela «zalantzan». Zuzendaritzaren eta administrazio kontseiluaren bilera guztiak bertan egiten direla azaldu zuen, eta zortzi goi kargudunetatik sei «Espainian» bizi direla. Loturak dituzten konpainiekin egiten diren tratuek ere behar bezalako kontrola badutela ziurtatu zuen.

Siemens AGk batzarrean duen gehiengoa baliatu zuen Iberdrolaren eskaerak bertan behera uzteko. Ikusi beharko da argindar enpresak nola erreakzionatuko duen. Berez, bateratzeko kontratuak ematen dio ihesbide bat. Kontratu horretan sinatu ziren baldintzak urratu direla frogatzen badu, Siemens AG behartuta dago bere akzioak erostera, gutxienez 22 eurotan. 1.200 milioi euro inguru lirateke. Oraingoz, Iberdrolak agindu du Siemens AGren «kontrapisua» izango dela Gamesan, akziodun txikien izenean.

Beste kritika batzuei ere erantzun behar izan zien zuzendaritzak. Elena Martinez Vidal UGTko ordezkariak hitza hartu zuen, eta enpresak azken urteotan egindako kaleratzeak kritikatu zituen—1.200 azken zortzi urteetan—, eta langileak jatorriaren arabera «diskriminatzea» egotzi zien buruzagiei, Alemaniako langileei Siemensek hiru urterako enplegu bermea eskaini zielako, aldi berean Hego Euskal Herrian eta Espainian 380 lanpostu kendu dituenean. Era berean, ohartarazi zuen plan berriarekin I+G jarduerak lekualdatzeko arriskua duela.

Markus Tacke kontseilari ordezkariak ukatu egin zituen akusazioak, eta agindu zuen I+G jarduerak kanpora eramatea ez dela eztabaidatu ere egin. Besteak beste, Iruñean ari da Siemens Gamesa hurrengo belaunaldiko produktuak garatzen, eta lan horretaz «harro» daudela adierazi zuen. Berregituratzeari dagokionez, Tackek zehaztu zuen Espainia dela «eragin txikiena» jasan duen herrialdea.

Beste akziodun txiki batzuk ere kexu agertu ziren bateratzearen ondoren akzioek izandako galerekin. Atzo 13,27 eurotan itxi zuten astea, %2,3 galduta. Urtea hasi zenetik balioak %15 egin du gora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.