Europak ultimatuma Greziari

Errefuxiatuen sarrera kontrolatzeko «arduragabekeriaz» jokatu izana leporatu dio Bruselak Atenasi, eta Schengendik kanporatzeko arriskuan jarri du.Gobernuen «beldurraren politikak» salatu ditu HRWek

Greziako Polizia, Mazedoniako mugan, errefuxiatuen dokumentazioa egiaztatzen. NIKOS ARVANITIDIS / EFE.
Jone Amonarriz.
2016ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Grezia ataka estuan jarri du Europako Batzordeak. Hiru hilabete izango ditu Atenasek azken hilabeteetan batzordeak leporatutako «hutsegiteei» erantzuteko. Mugak estutu ezean zirkulazio libreari etena jarriko diola esanez, ultimatuma eman dio Bruselak.Herrialdeko mugetako kontroletan «axolagabekeria» larriak antzeman ditu Europako Batzordeak. Azaroan EBk Greziara eginiko bisita baten harira sortu du txostena batzordeak, eta «gabezia handi» horiek zuzentzeko aukera emango diote orain Atenasi, Valdis Dombrovski EBko presidenteordearen arabera.

Europako adituek eta EBko ordezkariek egin dute testua. Schengengo ebaluazio batzordeari igorriko diote, eta batzordeak irizpen bat emango du ostera. «Europako Batasunaren lorpenik handienetakoa da Schengen, eta ondo babestu behar dugu», adierazi du Dombrovskisek. Greziako mugetara iristen diren errefuxiatuen dokumentazioaren egiatasuna ez frogatzea, pertsona horiek behar bezala ez identifikatzea eta erregistratzea, eta informazioa ez kontrastatzea egotzi diote Atenasi, besteak beste.

Europako Batasuneko 28 herrialdeek galdegin diote Bruselari neurtzeko ea Schengengo Itunaren 26. artikulua aktibatu beharrean diren ala ez. Sei hilabetetik bi urtera arteko iraupena izan dezake zirkulazio librearen etenak Grezian artikulu horri heltzen badiote; mugak ez dituela egoki kudeatu egotzi diote. Lehen urratsa besterik ez du egin Bruselak. Eztabaidatutako dokumentua ofizial egin ondoren, hainbat gomendio helaraziko dizkiote Greziari, eta hiru hilabete izango ditu eskaera betetzeko. Hori egingo ez balu, orduan aktibatuko lukete estatu kideek 26. artikulua.

Aldi baterako barne kontrolak areagotu dituzte hainbat herrialdek errefuxiatuen igarotzeari erantzuteko: Austrian, Alemanian, Suedian, Danimarkan, Norvegian eta Frantzian. Batzuei maiatzean amaituko zaie barne kontroletarako baimena, eta Alemaniak eta Frantziak jakinarazi dute ez daudela prest kontrolak desegiteko.

Eskubideak, bidetik at

Ateak itxi, hesiak eraiki, ondasunak konfiskatu, eskubideak urratu, gorrotoa elikatu, eta, gainera, Europako hainbat herrialdek hori guztia «beldurraren politiken» bidez estali nahi dutela salatu du HRW Human Rights Watchek. Politika horiek eskubideentzako «mehatxu» direla adierazi du. «Eraso terroristekiko beldurrak eta errefuxiatuen etorrera masiboak giza eskubideen babesa gutxitzera bultzatu ditu mendebaldeko gobernu asko», kritikatu du Kenneth Roth erakundeko zuzendariak, urteko txostenaren aurkezpenean.

Errefuxiatuak susmopean jartzeko jarrera gaitzesgarria ez ezik «arriskutsua» ere badela ohartarazi du Rothek: «Gutxi batzuen ekintzetan oinarrituta, komunitate oso bat akusatzeak gizartean sortzen duen zatiketa eta gorrotoa esplotatzen dituzte terroristen errekrutatzaileek».

Zirrikiturik gabeko hesiak

Berlinen Siriako errefuxiatu baten heriotza ikertzen ari da Polizia. Moabit Hilf gobernuz kanpoko erakundeak salatu du gizarte zerbitzuetako bulego baten kanpoan egunak zeramatzala 24 urteko gazteak, kolapsatutako atarian ilara egiten. Gertatutakoa «eragotzi zitekeen», erakundearen arabera. Salatu du agerian geratu direla ehunka lagunek administrazioetako bulegoetara iristeko jasaten duten prekaritatea.

Giroa gaiztotua dago Alemanian —baita Europa iparraldean ere—. Atzo onartu zuen Alemaniako Ministroen Kontseiluak «atzerritar delitugileak» kanporatzea erraztuko duen proiektua. Gobernuak esan badu ere Kolonian Urtezahar gauean gertatutakoaren harira hartu duela erabakia, zentro eskuinaren —CDU eta SPD alderdien— proposamena asilo eskatzaileei oztopoak areagotzea eta errefuxiatuen fluxua geratzea du helburu. Laister eramango dute parlamentura.

Herbehereak eta Belgika ere norabide berean jarriak dira. Zigortutako asilo eskatzaileak bidali nahi dituzte. Legez kanpoko jarrera batengatik kartzela zigorra jaso duena aske uztea legeztatzear da Belgika, betiere delitugilea bere herrialdera itzultzeko. Herbehereek jada indarrean dute sistema bera. EBk behin eta berriz salatu ditu azken asteetan hainbat estatu kidek hartutako neurri zorrotzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.