Klima aldaketa. Erreakzioak

Trumpen erabakiaren aurkako mezu bateratua eman du munduak

Elkarlanerako eta itxaropenerako deia zabaldu dute agintari politikoek eta talde ekologistek, AEBak Parisko Klima Akordiotik aterako direla jakin ostean. Herrialdeko hiriak elkarlanean ariko dira

Greenpeacek AEBen Alemaniako enbaxadan egindako protesta, atzo, Berlinen. CLEMENS BILAN / EFE.
ander perez zala
2017ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Etxean zein atzerrian, kritika gogorrak izan dira Donald Trump AEBetako presidentearen erabakiaren aurka. Greenpeace, WWF Naturarentzako Mundu Funtsa, NBE Nazio Batuen Erakundea, EB Europako Batasuna, Alemania, Frantzia, Brasil, Mexiko, Txile, Bolivia, Txina, Japonia, Australia, Fiji, Marshall Uharteak, Ban Ki-Moon NBEko idazkari nagusi ohia, Barack Obama AEBetako presidente ohia, eta abar. Trumpen erabakiarekin «oso etsituta» agertu direnen zerrenda luzea da. Oraingoz bada ere, fronte bateratu bat du aurrean AEBetako presidenteak, Parisko Klima Akordioa berriz berretsi duena, haren garrantziaz ohartarazteko; eta Errumaniak, pauso garrantzitsua egin, eta akordioa sinatu du —148. kidea bihurtu da hala—. Etxera begira ere aurka jarri da gehiengoa, eta Elon Musk Tesla enpresako burua eta Robert Iger Disneykoa presidentearen aholkulari taldetik atera dira, erabakiaren «larritasuna» dela eta. 195 estatuk adostu zuten 2015eko abenduan klima aldaketari aurre egiteko azken hamarkadetako lorpen kolektibo nagusia.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak bidalitako mezuak laburbiltzen du sinatzaileek gaurtik aurrera izango duten jarrera. Ingelesez esan zuen, Trumpen mezuari erreferentzia egiteko: «Make our planet great again (Egin gure planeta handia berriz ere)». Mezua bateratua izan da: munduan kritikak besterik ez du entzun Trumpek. Japoniako Ingurumen ministro Koichi Yamamotorentzat, «giza inteligentziaren aurkakoa da» erabakia; NBErentzat, «etsigarria». Europan, Parisek, Berlinek eta Erromak, adierazpen bateratu baten bidez, uko egin diote beste akordio bat negoziatzeari, AEBetako presidenteak iragarpena egitean eskatu bezala; eta, protesta gisa, Parisko udaletxea eta New Yorkeko World Trade Center berdez argitu zituzten. Beste aldean, Rex Tillerson AEBetako Estatu idazkariak iragarri du alde bakarreko ahaleginak egingo dituztela berotegi gasen isuriak gutxitzeko.

Erabakiak aliatuekiko harremana zaildu lezake; horregatik deitu zien Trumpek Macroni, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrari, Theresa May Erresuma Batuko jarduneko lehen ministroari —ez du adierazpen bateratua sinatu nahi izan— eta Justin Trudeau Kanadako lehen ministroari, kolpea leuntzeko. Ordea, munduko arazoekiko ez jakinarena egiten badu, munduak bakarrik utziko du.

Elkarlanerako mezuarekin batera, itxaropenerako mezua bidali dute agintari politiko eta talde ekologistek. Australiako Ingurumen ministro Josh Frydenbergerk gogorarazi du AEBak gabe Parisko Klima Akordioak berotegi gasen isurpenaren %70ean eragin dezakeela, eta, Greenpeace talde ekologistaren ustetan, ez da domino efekturik gertatuko, Kyotoko Protokoloarekin ez bezala: «Izatekotan, gutxi izango dira», adierazi du Mario Rodriguez taldearen Espainiako zuzendariak. Klimari buruzko datorren goi bilera (COP23) azaroaren 6 eta 17 bitartean egingo dute, Bonn hirian (Alemania).

EBren eta Txinaren lidergoa

AEBak kanpoan geratuta, EBk eta Txinak hartu beharko lukete akordioaren eta klima aldaketaren aurkako lidergoa. Merkataritza arloan desadostasunak dituzten arren, Brusela eta Pekin lankidetza indartzeko prest agertu dira klimaren inguruan: «Inoiz baino garrantzitsuagoa da», uste du Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak. Hori lortzeko, Li Keqiang Txinako lehen ministroak giltzarritzat jo du bi erakundeen arteko egonkortasuna.

Akordiotik ateratzeko epeak ere itxaropena sustatu du: bide formala hartuz gero, hiru urte itxaron beharko lituzke Trumpek eskaria egiteko, 2019ko azaroaren 4ra arte; eskaera eginda, prozesuak beste urtebete iraungo luke, hurrengo presidentetzarako bozak egin eta egunbetean amaitzeko. Beraz, atzera egiteko aukera zabalik dago oraindik ere: bitartean, helburua daTrumpek bere erabakia zuzendu dezala.

AEBetako hiriak, lanean

Klima aldaketaren kontra denbora gutxi dagoela jakinik, AEBetako hiriak lanean hasi dira presidentearen erabakiaren ondorioak ahalik eta gehien indargabetzeko. 30 hiritako alkateak (Los Angeles, Atlanta...), hiru gobernadore (Washingtongoa, New Yorkekoa eta Kaliforniakoa), 80 unibertsitate baino gehiagotako presidenteak eta ehun bat enpresa (Hewlett-Packard, Mars...) elkarlanean daude dagoeneko NBErekin, plan bat adosteko. Michael Bloomberg New York hiriko alkate ohia da koordinatzailea: «Akordioan izanda AEBek egingo luketen guztia egingo dugu». Ohartarazi du ahaleginak bikoiztuz gero lantaldeak lor dezakeela Obamak jarritako helburuak gainditzea —2025erako, isurketak %26 eta %28 artean murriztea, 2005eko mailak oinarri hartuta—.

Christiana Figueres UNFCCC Nazio Batuen Klima Aldaketari Buruzko Esparru Hitzarmeneko idazkari exekutibo ohiak uste du AEBetan klima aldaketaren aurkako lidergoa maila apalagoko gobernuen esku dagoela orain, The New York Times egunkariari adierazi dionaren arabera. Alegia, «nazio ez diren eragileak soilik» gai izango direla Obamak hartutako konpromisoak betetzeko. AEBetako 29 estatuk onartuak dituzte jada isuriak gutxitzeko neurriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.