Tabakalera hartu du aterpe nagusi gisa Kutxaren kultur eskaintzak

5.600 metro koadro hartu ditu, Kutxateka, ikastaroak, ikasleentzako guneak eta ikuskizun areto bat jartzeko. Bere bildumako piezen aukeraketa batekin zabalduko du Artegunea erakusketa aretoa

Jose Ramon Amondarainen tamaina handiko margolan bat dago ikusgai, besteak beste, Arteguneak aretoan gaur zabalduko duten erakusketan. A. CANELLADA / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2015eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Bi hilabete pasa daramatza zabalik Donostiako Tabakalerak, eta pixkanaka ari da edukiz betetzen.Kutxak bertan kudeatuko dituen guneak atzo arratsaldean inauguratu zituen. Orotara, 5.600 metro koadroko espazioa hartuko dute gune horiek Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan: laugarren solairu osoa, eta 0. solairuko erakusketa aretoa. Horiekin —eta Kursaaleko Kubo erakusketa gunea salbu—, esan liteke Tabakaleran izango duela egoitza nagusia finantza etxearen kultur eskaintzak. Kutxaren ondarea biltzeko, bere programazioa sortzeko eta Gipuzkoa osorako eskaintza bateratzeko gunea izango da, beraz, Tabakalera, Carlos Ruiz Kutxako zuzendari nagusiak, Mikel Mendarte Kutxa Kultur programaren arduradunak eta Cristina Beloki erakusketa aretoaren arduradunak azaldu zutenez.

Guztira, 13 milioi euro inguruko inbertsioa egin du Kutxak Tabakaleran, eta beste milioi bat euro inguru jarriko ditu atontze lanetarako. Ekarpen ekonomikoa egiteaz gain, hainbat eduki jarriko ditu martxan, eta esan zutenfinantza etxeak zentroarekikoduen «konpromisoaren» adierazle direla.

Honako gune hauetan antolatu du Kutxak bere eskaintza:KUTXA KULTUR ARTEGUNEATabakalerako eraikinaren beheko solairuan dago Kutxaren erakusketa areto berria. 900 metro koadro hartzen ditu, bi altueratan banatuta, eta gaur zabalduko du bisitarientzat programatu duten lehen erakusketa, heldu den urte osoan ere ikusgai izango dena. Areto berria «Donostian eta Gipuzkoan erreferentzia» izatea nahi dutela azaldu dute arduradunek. Kubo aretoko erakusketa eskaintzaren osagarri izango da.KUTXATEKAKutxaren argazki bildumak ere Tabakaleran hartuko du ostatu heldu den urte hasieratik aurrera. 1.800.000 pieza inguruko ondarea gordetzeko, Kutxateka izeneko gunea atontzen ari dira —datorren urte hasieran irekitzea aurreikusten dute—. Argazki horiek guztiak tenperatura eta argitasun baldintza egokietan gordetzeko, bunker bat prestatu dute. Haren aldamenean, irudiak garbitu eta tratatzeko eta haiek digitalizatzeko gune bana izango da, baita funts horiek ikertzeko eta erregistratzeko beste espazio bat ere.KUTXA IKASGELAKDuela 30 urte sortu zuten Kutxa Ikasgelak programa, eta aurtengo egitaraua jada Tabakalerako laugarren solairuan ari dira eskaintzen. Literatura, sukaldaritza, informatika, antzerkia eta bestelakoen inguruko ikastaroak bertan eskainiko dituzte aurrerantzean, horretarako atondutako aretoetan. Kutxa Class gunearekin batera, mila metro koadro inguru hartuko dituzte ikastaroetako gelek; haien bidez, urtean 44.000 lagun bilduko direla aurreikusten dute.KUTXA KULTUR CLASSGazteentzako askotariko «autore tailerrak» eskainiko dituzte gune horretan. Sortzaile berriek eskainiko dituzte tailer horiek, eta programaren barruan hizpide izango dituzten arloen artean, musika, moda, ekologia eta diseinua aipatu dituzte.KUTXA KULTUR FABRIKAUrtero, sei moda diseinatzaile eta sei musika talde aukeratuko dituzte gune horretan ostatu hartzeko: entsegu lokalak eta joskintzarako tailerrak jarriko dizkiete eskura, eta aholkularitza, prestakuntza zein beren lana erakusteko «plataforma» bat eskainiko dizkiete. Urtarrilean irekitzea da asmoa, eta aurrerago, beste arlo batzuetara ere zabaldu nahi dute, komiki eta diseinura, kasurako.KUTXA KULTUR ENEAAbenduan irekiko dute «espazio hibrido eta dinamikoa» izan nahi duen gunea. Ikasleek, elkarteek, enpresa hasi berriek eta autonomoek lanerako gune partekatua izango dute bertan, haien arteko «sinergiak» sortzea baita helburua —dinamizatzaile batzuen laguntza izango dute bertan horretarako—. 40 proiektu hartuko ditu guneak, eta deialdia laster plazaratuko dutela iragarri dute.KUTXA KULTUR KLUBAHeldu den urtean zabalduko lukete 150 metro koadroko ikuskizun aretoa. Kutxaren musika eta antzerki programazioa eskainiko dute bertan, baina beste hainbat kultur eragileren ekimenak ere hartuko lituzke. Erakusketa gune ere izatea nahi dute, Kutxa Kultur programako sortzaileentzat.KUTXA KULTUR PLAZAPlaza izango da Kutxaren Tabakalerako proiektuaren «bizkarrezurra», arduradunen hitzetan. Espazio zabala da plaza, eta inguruan ditu gainerako guneak. Horien babesean egiten den lana Plazara ateratzea da asmoa, sorkuntza horien erakusleiho moduko bat izatea. Hala, gune atsegin bat eskaini nahi dutela azaldu dute, kontzertu akustikoak entzuteko, moda desfileak ikusteko edo kafe bat hartzeko.RUIZ BALERDI ARETOABalio anitzeko gunea izango da Ruiz Balerdi margolariaren izena daramana, haren tamaina handiko hiru obrarekin apaindutakoa. Bertan aurkeztu zituzten atzo arduradunek gune berriak, eta aurrerantzean, liburuen aurkezpenak, hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak egin nahi dituzte aretoan. Atzoko inaugurazio ekitaldiaren barruan, hitzaldia eskaini zuen aretoan Xabier Alkortak, Kutxako zuzendari izandakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.