Axularrek segitu zuen itzala

Esteve Materraren 'Do(c)trina Christiana' liburuaren edizio kritiko bat kaleratu du Euskaltzaindiak, eta XVII. mendean euskaraz irakurtzeko gai zen komunitate baten berri ematen du ikerketa lanak

Esteve Materrak 1617an idatzitako euskarazko dotrina ikertu duen ikerketa taldeko kideak, Euskaltzaindiko eta EHUko ordezkariekin. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Zoriak ere badu bere eskeletoa. Duela gutxira arte, galdutzat ematen zen Esteve Materrak lapurtera klasikoan idatzitako Do(c)trina Christiana liburuaren 1617ko lehen edizioa, harik eta Aziti Bihia Hizkuntzalari eta Filologoen elkarteko kideek Danimarkan haren kopia bat topatu zuten arte. Talde hartako kide da Ekaitz Santazilia hizkuntzalari eta ikertzailea, eta argi azaldu du kasualitateak inoiz gutxi izaten direla erabat kasualitate. «Aurkikuntza egin genuenean, asko hitz egin zen txiripaz edo kasualitateaz, baina txiriparen lagungarri da talde formatu bat horretarako lanean egotea eta ikerketa egiteko erakundeen babesa jasotzea. Txiripak badu beste alde ukigarriago hori ere». Orain, Materraren liburuaren lehen bi argitalpenak aztertzen dituen edizio kritikoa kaleratu berri dute: Esteve Materraren Do(c)trina Christiana (1617&1623). Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanean argitaratu dute, Euskararen lekukoak eta Monumenta Linguae Vasconum bildumetan, eta ikerketaren parte izan diren sei egileren izenak datoz azalean: Dorota Krajewska, Eneko Zuloaga, Borja Ariztimuño, Oxe Uribe-Etxebarria, Urtzi Reguero eta Santazilia bera.

Lapurtera klasikoan idatzitako lehen obra da Materrarena, baina orain arte literatur historialariek «bigarren mailakotzat» jo dute autorea, Krajewska ikerlariaren hitzetan. Materraren izena gero heldu ziren Axularren eta Etxeberri Ziburukoaren itzalpean geratu izan da, baina ikerlarien azterketak zalantzan jartzen du uste hori. «Materra ez bide zen nolanahiko idazlea; bestela, zertarako eskatu euskalduna ez zen kanpotar bati dotrina euskarara bihurtzea, hemen Axular bezalako autoreak izanda?».

Materraren dotrinak protestanteen eta katolikoen arteko erlijio gatazketan du jatorria. Santaziliak azaldu du testuingurua: «Kontraerreforma hedatzeko liburu bat izan zen, garai hartako beste dotrina asko bezala. Erreformistek Bibliaren itzulpenak onartzen zituzten, eta horri esker dugu [Joanes] Leizarragaren lana euskaraz. Aldiz, kontraerreformistek testu erlijiosoak eta dotrinak bakar-bakarrik onartzen zituzten herriak egiten zuenhizkuntzan; ez Bibliak. Horretarako egin zen Materraren liburua: euskaldunak ziren lapurtarrek dotrina eta kristau ikasbidea bereganatzeko».

Argi, beraz: Materreraren hizkuntza hautua ez zen inondik inora sinbolikoa izan. Euskaldunek euskaraz irakur zezaten idatzi zuen dotrina euskaraz; horregatik, XVII. mendean Lapurdin euskaraz irakurtzeko gai zen komunitate baten argazkia eskaintzen du testuak.

Irakurle komunitatea

Bada hipotesi hori indartzen duen beste datu bat ere. Materrak behin eta berriz aipatzen du lehen edizioa umeentzako idatzi zuela, eta marinelentzat idatzi zuen bigarrena. Santazilia: «Horrek salatzen du Lapurdiko kostaldean bazela komunitate bat euskaraz irakurtzeko kapaza zena». Erabat funtzionala zen dotrina, ikerlariaren hitzetan. «Irakurtzeko ere egina dago, eta ez badakizu irakurtzen, entzuteko, baina irakurtzeko ere bai. Eta uste dut hori datu esanguratsua dela; gehiago ikertu behar dela, eta ikerketa lerro bat irekitzen duela. Ez dakigu zer tamaina zeukan euskaraz irakurtzeko kapaza zen komunitate horrek, baina badakigu ez zela halabeharrez goi-goi mailako jendea».

Materraren liburua Materrak idatzi ote zuen da duda. Euskarazko dotrina idatzi zuenerako, bazituen beste liburu batzuk argitaratuta frantsesez, eta egileak berak liburuaren hitzaurrean onartzen duenez, dotrina idatzi ahal izateko ikasi zuen euskara. Baziren Euskal Herrian liburu hori euskaraz idazteko gai ziren beste idazle batzuk, baina Materrari egin zioten enkargua. «Gure susmoa da ordurako prestigiozko idazlea zela, eta bere izena agertzeak pisua emanen ziola dotrina horri».

Axularren itzala

Materraren liburuaren hitzaurreak Oiharard izeneko bikario batenhitzak dakartza, eta, bertan zehazten denez, idazleak «hamar edo hamabi hilabete» nahikoa izan zituen euskara ikasteko. «Guk zalantzan jarri genuen hori», aitortu du Santaziliak. «Uste dugu hor egon zitekeela beste eskuren bat atzetik, eta Materrak izena eman ziola obrari, prestigioa».

Baina nor da benetako egilea, orduan?

Ikertzaileek garai hartako beste idazleen estiloarekin alderatu dute Materraren estiloa, eta ondorio argirik ez dute atera. Axular bera izan ote zitekeen zen hipotesietako bat, baina ez dute topatu hori erabat baieztatzeko modurik.

Hizki soil batek ireki zien ikerlariei lehen edizioraino heldu ahal izateko bidea. Izan ere, liburuan bi eratara aipatzen da egilearen izena: egilea Materre izenarekin agertzen da edizio guztien azaletan, baina barrualdean Materra izenarekin aipatzen dute behin baino gehiagotan, eta hor topatu zuen giltza Krajewskak. Nahikoa izan zen egilearen abizeneko azken hizki hori aldatzea Danimarkako Errege Bibliotekan guztiz katalogatu gabeko Materraren liburu bat topatzeko. «Susmoa izan genuen lehen edizioa izan zitekeela, eta hala izan zen».

Ikerlariek liburuaren lehen bi edizioen transkripzioa bildu dute orain kaleratu duten edizio kritikoan, eta osorik eman dute lehen argitalpenaren faksimila ere. Horrez gainera, zenbait azterketa egin dituzte: liburuaren testuinguruari eta egileari buruzkoa,egileak erabiltzen duen euskarari buruzkoa eta bi edizioen arteko diferentziei buruzkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.