Brasilgo Munduko Kopa

«Ez genuen asmatu agian»

Giovanni Sio 2007an iritsi zen Realera. Hiru partida jokatu zituen lehen taldearekin, baina 2009an kontratua eten zion klubak. Munduko Kopa jokatzen ari da orain Boli Kostarekin.

Giovanni Sio, Reala B-ren entrenamendu batean, Jose Ramon Eizmendi atzean ageri dela. SINADURA / AGENTZIA.
unai zubeldia
2014ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Gaztea zen Giovanni orduan, oso gaztea, eta ezagutzen ez zuen inguru batera iritsi zen». Jose Ramon Eizmendik (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1960) oso gogoan dauka Eric Olhatsen eskutik Giovanni Sio jokalari gazte-gazte hura (Saint-Sebastien sur Loire, Bretainia, 1989) nola iritsi zen Zubietara. «Oso pertsona umila zen, jatorra, baina, hizkuntzatik hasita, beretzat ez zen erraza izan egokitzea, nahiz eta taldean bazeuden frantsesez hitz egiten zuten batzuk». Griezmann eta Cadamurorekin gertatu bezala, Realeko orduko entrenatzaileak berehala jabetu ziren «jokalari berezia» zela Sio. «Ezkerra zen, teknika onekoa eta abiadura bizikoa». Baina, Eizmendiren hitzetan, herren txiki bat ere bazeukan: «Gehiago kostatzen zitzaion taldeko jokoa ulertzea».

Naonedetik iritsi zen Sio Reala B-ra, 2007an. «Etxetik irten zen lehen aldia izan zen, eta horrelako egoerak beti izaten dira gogorrak». Beste talde bat, beste kultura bat... «Etorkizunera begira, beretzat oso esperientzia aberasgarria izan zela uste dut». Eizmendik behin eta berriz azpimarratu duelako jokalari gazte horientzat «oso talde ona» dela Realarena. «Oso giro polita sortzen da beti jokalarien artean; bizitzako arauak ikasiz joaten dira gazteenak, eta, Sioren kasuan bereziki, harreman kontuetan asko ikasi zuen Realean egon zen garaian». Urrutira joan gabe, beste hainbat taldekiderekin batera bizi zen egoitza batean.

Jokalari gisa lasai-lasaia ere ez zelako Sio. Taldean giroa gaiztotu zalea zela, batekin ez bazen bestearekin liskarra izaten zuela... Garai hartan antzeko istorio dezente kaleratu izan zen Boli Kostako erroak dituen jokalari bretoiari buruz. Gehienak gezurtatu ditu Eizmendik. «Hainbesterako ere ez zen izan. Denok izaten ditugu gure kontuak, eta horiek zuzentzea ez da izaten erraza. Nortasun handiko pertsona zen, baina ez nuke esango bereziki liskarrak sortu zalea zenik». Alde horretatik, autokritika txiki bat egin du ikaztegietarrak. «Jokalariei botatzen diegu beti errua, baina guk ere, agian, ez genuen egin orduan egin genezakeen guztia. Hitz egiteko modua, gauzak helaraztekoa... Une jakin batzuetan, akaso, ez genuen asmatu».

Gipuzkoarra dezente haserretu da, «jokalari berezia» zela entzunda. «Berezia... Bai, berezi samarra zen. Ados. Baina hemengo asko ere ez dira izaten zuzenak. Geure kultura bereko gaztetxoekin askoz errazagoa da okerrak zuzentzea, eta horregatik diot, agian, guk ere ez genuela asmatu Sio behar zen bidetik eramaten». Hori bai, garai hartako kontuak berrituta, «oroitzapen ona» dauka Eizmendik. «Harreman polita egin genuen, eta gerora ere hitz egin izan dugu elkarrekin».

Realerako balio ez zuena, Boli Kostarekin Munduko Kopa lehiatzen orain? «Erraza da hori esatea, baina ez da gauza berbera Brasilgo selekzioan, Boli Kostakoan edo Aljeriakoan egotea. Urrutira joan gabe, Cadamuro ere selekzioan dago orain. Ez da neurgailu berbera». Hori bai, Siori ez dio kendu meriturik. «Asko egin duelako hobera Realera iritsi zenetik». Agirretxe, Zubikarai, Carlos Martinez, Viguera... Horiekin hasi zen jokatzen. «Eta argi ikusten zen jokalari politak zirela. Ezinezkoa da denek gora egitea, baina aukera askoko gazteak ziren». Siok ere eduki zuen bere aukeratxoa, Chris Coleman taldetik joan berritan Juanma Lilloren eskutik, Reala Bigarren Mailan zegoela. «Aukerarik bazeukala aipatu zigun, probatu egin nahi zuela, eta horrela iritsi zen eguna».

Debuta, Zaragozaren aurka

2008ko irailaren 6an egin zuen debuta lehen taldearekin, Zaragozaren aurkako partidan (2-2). 91. minutuan zelairatu zen, Marquitos ordezkatuz, eta txartel hori batekin amaitu zuen lehia. Lehen taldearekin entrenatuz, ligako eta kopako beste partida bana jokatu zituen Realarekin. Kito. Hortxe amaitu zen Sioren Donostiako ibilbidea. Kontratua beste urtebetez luzatzeko aukera zeukan orduan klubak, baina aukera hori ez zuela baliatuko jakinarazi zuen Realak denboraldi amaieran. Sionera joan zen lehenengo (2009-2011), Wolfsburgora gero, sei milioi euroko fitxaketa handia eginda (2011-2012), Augsburgon egin zuen sartu-irtena ondoren (2012-2013), eta Basilean jo du goia, sasoi honetan.

«Poza» sentitu zuen Eizmendik Sio Brasilen izango zela entzun zuenean —lehen partidan ez zuen jokatu, Japoniaren aurka—. «Beti da pozgarria gure ondoan ibili diren jokalariak hain gora iritsi direla ikustea. Begira Viguera ere; Athleticek fitxatu du. Harro egoteko modukoa da guretzat». Hegaleko jokalari gisa, «etorkizun oparoa» ikusten dio ikaztegietarrak Siori. «Ezkerrez oso jaurtiketa ona zeukan, eta, oraindik ere oso gaztea dela kontuan hartuta, aukera ematen badiote, ibilbide polita egingo du. Ziur».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.