Argazkilariaren obsesioak

Carlos Canovasek ia 40 urteko ibilbide profesionalaren errepasoa egin du Nafarroako Unibertsitateko museoan ikusgai dagoen 'En el tiempo' erakusketan. 128 argazki jarri ditu bere lanaren erakusgarri

Hiriak eta naturak bat egiten duten espazioez maiz egin izan du gogoeta Canovasek. Bilbo eta inguruko labe garaietako irudiak dira horren isla. IÑIGO URIZ / ARP.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
«Ez da erakusketa antologikoa,ezta atzera begirakoa ere; ez naiz horren zaharra», esan du, irri artean, Carlos Canovas (Hellin, Espainia, 1951) argazkilariak. 1980ko hamarkadatik gaur egun arte argazkilari modura egindako ibilbidearen erakusgarri diren 128 argazki daude ikusgai Nafarroako Unibertsitateko museoko En el tiempo (Denboran barna) erakusketan, urriaren 1era arte bisitatu ahal izango dena. Ehunka argazkiz osatutako funtsean irudiak hautatzeko lan «handia» egin behar izan duela azaldu du artistak. Eremu urbanoa eta natura elkartzen diren tokiak interesatzen zaizkio bereziki; mugak. Dimentsio estetiko eta poetiko handiz izozten ditu muga horiek.

Espazioa, distantzia eta mugak; Carlos Canovasek «etengabe» buruan dituen hiru kontzeptu dira. Horri esker, une oro aritzen da argazkilaritzari buruz hausnartzen. Duela ia 40 urte argazkilari modura lanean hasi zenetik argazkilaritza «izugarri» aldatu dela uste du Canovasek. Baina arteak berak izan duen garapen horri gertutik erreparatu dio, eta ez dio inolaz ere «bizkarra» eman. Urteak dira sistema analogikoa alboratu, eta argazkiak kamera digitalarekin egiten dituela. Teknika aldatuta hasi zen argazkiak koloretan egiten. «Beti izan nuen koloretan lan egiteko gogoa. Baina digitalizazioaren bidetik soilik izan zen posible». Erakusketan askoz ere gehiago dira zuri-beltzean egindako argazkiak.

Nafarroako Unibertsitateko museoan batutako argazkiak sei sailetan daude banatuta: Tapias (1980); Extramuros (1983-1990); Valles Oriental (1990); Paisaje sin retorno (1993-1994); Paisaje anónimo (1992-2005); eta Séptimo cielo (2007-2017). Guztiak kronologikoki daude jarriak. «Urteen joanean zer-nolako garapena izan dudan ohartu daiteke bisitaria», azaldu du artistak. Hala, 1980an hasitako Tapias sailarekin abiatzen da erakusketa. Ia ustekabean egindako argazki batekin jakin zuen artistak zer egin nahi zuen. Bere laborategian lanean ari zela likidotan sartutako argazki baten lehen planoan soro ilun bat eta atzean fabrika eta eraikuntza batzuk agertu zitzaizkionean jabetu zen egin nahi zuenaz. Etxabakoitz, 1982 izena du argazki horrek. «Argazkia ikusi nuenean, jakin nuen hori zela bidea». Ordutik, periferian jartzen du fokua, eremu periurbanoa deiturikoan.

Argazki askok bat-batean topatutako uneenak direla iduri dute. Canovasek oinezko sotil bat balitz bezala jokatzen du. Paseoan atera, eta naturak eta hiriak talka egiten duten gune horiek ia nahi gabe bilatuko balitu bezala. Baina artistak berak onartu duenez, ikusgai dauden irudien atzean «lan handia» dago. Ez du hutsegiterik nahi izaten, perfekzioa lortu nahi izaten du. Hori erdiesteko, sarritan sartu behar izaten da hanka.

Orotara, ikusgai dauden 128 argazkietan zazpi lagun soilik ageri dira. Ia kontraesanezkoa ere bada gizakiak eraldatutako guneak horrenbeste interesatzen zaizkion artista bati gizakia bera ez interesatzea. «Argazki batean lagun bat ateratzen denean, begirada erabat erakartzen du, eta hori ez zait gustatzen». Horregatik, azaldu du sarritan, argazki bat ateratzekotan dagoenean, bertan dauden pertsonak joateko zain egoten dela.

Baina hori ez da beti posible. Bilbao-Olabeaga, 1994 argazkia begiratu besterik ez dago. Gain batetik atera zuen argazkia. Irudiaren goiko aldea oso grisa da, eta tartean ageri dira ibaiaren alboan dauden etxebizitzak. Argazkiaren azpiko aldean, berriz, industrializazioaren gainbeheraren isla diren etxe zaharrak. Horietako baten teilatua sutan dago, eta hiru lagun ageri dira nola erretzen ari den begira. «Argazkia atera eta berehala erori zen teilatua; garai hartan gertatzen ari zenaren metafora moduko bat da», adierazi du Canovasek.

Bilboko paisaia industrialaz mintzo den Paisaje sin retorno sailekoa da irudi hori. Ziurrenik, lan horretan bete zuen gehien Canovasek horrenbestetan goraipatu izan dioten dokumentazio lana. 1990eko hamarkadan, Bilbo eta inguruko herrien eraldaketaren kontalaria izan zen. Industriaren gainbeheraren lekuko zuzena izan zen, eta hori kontatu zuen. La cruz blanca deituriko argazkian, esaterako, Bizkaiko bi labe garaiak batera martxan zeudeneko azken eguna jaso zuen. «Labe garaietako lana oso gogorra zen. Baina argazkiak egiten ari nintzela, atzean nituen lagunak sekulako malenkoniaz mintzatzen ziren; bazekiten aro bat amaitzen zela egun horretan».

Obsesioaren kinka

Erakusketan agerian gelditzen da Canovasen argazkiak, gaiei dagokienez, nahiko mugatuta daudela. Horren zergatiaz galdetuta, Brassai argazkilari hungariarrak behin esandakoa ekarri du gogora: «Gaiak infinituak dira, baina gure obsesioak ez». Horregatik, ia ibilbide profesional osoan aritu da hiriak eta naturak bat egiten duten espazio «berezi» horien inguruan hausnartzen.

Baina joera horretan bilakaerak ere izan ditu. Ziurrenik, lan egiteko moduaren aldaketa kamera digitalak ahalbidetu du.Séptimo cielo deituriko sailari begiratu besterik ez dago. Nafarroako Unibertsitatearen Tender puentes proiektuan gauzatutakoa da. Canovasek hiru kilometroko zirkulu moduko bat margotu du, bere bizigunea erdigune dela. Eremu horren argazki dokumentazioa egin du, industria, bizitokiak eta laborantza uztartuz. Ziurrenik, sail horretan du koloreak presentzia handiena. Irudi gehienak, gainera, panoramikoak dira. «Beti egin nahi izan ditut tamaina handiko argazkiak. Argazki ezberdinak elkartuz irudi panoramikoak egiten ditut». Modu horretan, sistema analogikoarekin argazkia errebelatu artean izaten zen itxaronaldi itsua deiturikoa berreskuratu du artistak, irudiak digitalki elkartu artean ez dakielako emaitza nolakoa den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.