Bi hizkuntzak liburu bakarrean

Euskarazko eta frantsesezko bertsioak elkartzen dituen argitalpen andana bat agertu da Sarako Idazleen Biltzarreko berrikuntzen artean.Atzo iragan zen biltzarraren 32. aldia

Mila bisitari inguru izan zituen atzo Sarako Idazleen Biltzarrak. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Liburu elebidunak zergatik, nola eta norentzat galderei erantzuteko jokoa onartu zuten editore eta idazle zenbaitzuek atzo, Sarako Idazleen Biltzarrak eskaintzen dituen solas trukaketa informaletan. 32. aldia izan zuen atzo biltzarrak, eta, berritasunen artean, andana bat agertu da elebiduna; euskal eta frantsesezko bertsioa liburu bakarrean elkartua.

Dominique Duplantierren marrazkiak oinarri, Les maisons de Sare / Sarako etxeak (Koegui) liburua, adibidez. Atzo aurkeztua. Odile Contamin historialariak eta Nelly Audenot arkitektoak idatzi dituzte testuak frantsesez lehenik. Zutabeka eta kolorez bereizi dituzte hizkuntzak. Zutabe bat frantsesez, eta ondoan euskal itzulpena. Proiektua Sarako Ondarea elkartearekin muntatu dutelako gehitu dute euskal bertsioa, Koeguiko Sophie Cazaumayouk azaldu duenez. Elkartearentzat inportantea baita euskara. EEP Euskararen Erakunde Publikoaren laguntza ere ukan dute. Izan ere, EEPren bidez diru laguntza bat jaso dezake argitaletxe bakoitzak urtero, lau libururentzat. Euskal liburuek, aurrekontuaren %40ra arte. Elebidunen kasuan %30era arte.

Horiek zehazturik, Sarakoaren kasuan, bi liburu bereizi egitea «garestiegi» zitekeela argudiatu du Cazaumayouk. «Elebidun izanez, liburuak herri honen irudia hobeki adierazten du. Euskal Herria elebiduna baita».

Kostu ekonomikoaren arazoa du esplikazio nagusi Kilikaargitaletxeko Vincent Ahetz-Etxeberek ere. Regard sur le patrimoine maritime basque / Euskal itsas ondareari behakoa liburua kaleratu berri du, Itsas Begiarekin. Euskarari bere lekua emateko asmoz grafismoarekin jostatu dela zehaztu du Ahetz-Etxeberek. Liburuaren azalean frantsesezko titulua du lehenik, baina euskarazkoa kontrastatuagoa dela azpimarratu du: «Kontraste handien dagoen lekura joaten da begia lehenik». Liburuaren barnean, zutabeka ere bereizten dira bi hizkuntzak. Baina editoreak dio ezkerreko puntu gorenean euskara aurkitzen dela liburuaren %50ean, begiaren automatismoak hor ere kontuan hartuz: «Oreka lortzen ahalegindu gara. Guztiei eskuragarri egin ahal izateko».

Etapa bat

Euskara eta frantsesa, lerro batetik bestera aldizkatuz argitaratu du Lo hadi Parisko Didier Jeunessek. Euskal kantuen liburu-disko bat da. Frantziarako pentsatua dela gogorazi du Elkarreko Peio Etxeberri-Aintzartek. Ondotik, Elkarrekin elkarlanean egin dute elebidun. Hemengo guraso erdaldunentzat ere interesgarria dela gehitu du Etxeberri-Aintzartek. Oro har, liburu elebidunez hauxe dio: «Funtzio bat betetzen dute. Bakarrik frantsesez direlarik, bada eskas bat. Pena da. Euskaraz baizik ez badugu, publiko oso batek ez du liburua erabiltzen ahal. Bi hizkuntzetan delarik, hautua bada». Elebidun izatea «etapa» bat bezala ikus daitekeela dio: «Euskalduntzeko eta euskaraz irakurtzeko bidean». Bizkitartean, Lo hadi bakarrik euskaraz ateratzekotan da Elkar.

ZTK argitaletxeak Itxaro Bordaren Ezkia haizean kantari liburua ekarri du Sarara. Liburu bakarrak bi parte nagusi ditu. Lehen 31 orrialdeetan olerkiak euskaraz, eta jarraian frantsesez. Bordarenak dira bi bertsioak. Compagnie des Syrtesekin Otsozelaiko harpeentzat landuak. Proiektuan parte hartu zuen Indok. Hortik bururatu zitzaion liburu-diskoa ateratzea: «Bertze anitzek bezala, Itxaro Bordaren euskara ez dut baitezpada errazki hartzen. Baina hau landuz, ohartu naiz absolutuki atera behar zela euskaraz». Frantsesezko bertsioa gehiturik. «Elebidunez izanik merkatua zabaltzen ahal zitzaidala ikusi nahi nuen». Baina azkenean «bi muga» agertu zaizkio: «Frantseserako ez dudala sarerik. Beraz, ez dit deus ekarri komertzialki. Eta, bigarrenik, euskaldunak ere lerratzen garela berehala frantses bertsiora». Bereziki bere belaunaldikoen kasuan ikusi du hori: «Euskaraz alfabetatuak izan ez garenak euskarazko hostoak laster batean itzuli eta frantsesezkoetan gelditzen gara». Dio ez duela gehiago liburu elebidunik eginen.

Begiak frantsesera lerratzen ikusten ditu Marikita Tanburinek ere. Bi saiakera emazteen izenean / Deux essais aux noms des femmes (Maiatz) liburua ekarri du Sarara. Hizkuntza bakoitzak azal bat du. Hizkuntza bakoitzari «bere eremua» eman nahi izan dio. Euskal bertsioa osatuagoa dela nabarmendu du. Baina frantsesezko bertsioa beharrezkoa zitzaion, saiakeran aipatzenduen gaiagatik. «Senarraren deitura hartzeko emazteen ohitura Frantzia osoko gai bat baita. Frantsesez egiten den diskriminazio bat. Beharrezkoa zen hori jakinaraztea euskara ez dakitenei ere».

Hizkuntzen biziaz

Hizkuntza bakoitzak azal bat izatean oinarritutako sistemarekin kaleratu du Victor Hugoren La nature / natüra andere Astobelarrak. Allande Etxartek euskaratua. Baina hautu grafiko hori ez dela sistematikoa zehaztu du Astobelarrako Laurent Caudinek. Badituztela liburu berezituak ere. Allande Etxart eta Alain Bordaren Xiberoako Sagarretaz liburua, adibidez, euskaraz bakarrik dutela lehenik atera. Ondotik frantsesez. Euskal liburuek «beren independentzia hartu behar dute», Caudineren ustez. «Euskaraz sortua bada, lehenik euskaraz behar du bizi. Eta berantago agian frantsesez. Bestela, badirudi euskarak beti tutore bat behar duela: 'Kasu! Zaintzen zaituztegu!'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.