Emakumeen perspektibatik

Ikuspuntu jaialdia martxoaren 5etik 10era egingo dute. Sail Ofizialean bi zuzendari nafarren lanak lehiatuko dira. Jose Antonio Sistiagaren lana omenduko dute, eta Thinh Minh-hak parte hartuko du

Garbiñe Ortegak eta Fernando Perezek Ikuspuntu jaialdiaren egitaraua aurkeztu zuten, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Martxoaren 5ean hasiko da XII. Ikuspuntu, Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia. Aurten, hainbat sail estreinatuko dituzte, emakume zinemagileei toki berezia egingo diete, eta Jose Antonio Sistiaga artistaren lana omenduko dute. Sail Ofizialean, hamalau herrialdetako zortzi film luze eta hamahiru labur erakutsiko dituzte. Garbiñe Ortegak lehen aldia izango du jaialdiko zuzendari artistiko gisa. Epaimahaiko kideak, berriz, Nicolas Pereda, Rebecca Baron eta Pablo Moretti zinemagileak, eta Fran Gayo programatzailea izango dira. Jaialdiak astebeteko iraupena izango du, eta ekitaldi gehienak Iruñeko Baluarte jauregian izango dira. Sarrerak han egongo dira eskuragarri ostiraletik aurrera, baita Interneten ere.

«Aniztasunaren eta heterogeneotasunaren aldeko apustua egin dugu». Garbiñe Ortegarenak dira hitzok; atzo eman zituen Ikuspuntu jaialdiaren xehetasunak, Fernando Perez Nafarroako Kultura zuzendari nagusiarekin batera eginiko agerraldian. Aurten film «paregabeak eta originalak» aurkezteko dituztela adierazi zuen. Perezek, Ortegaren «zorroztasuna eta gustua» txalotzeaz gain, jaialdia «etengabe» hazten ari dela esan zuen. «Haatik, betiko ideia bera aldarrikatuko dugu: errealitateari begiratzeko ikuspuntu anitz existitzen direla».

FOKUA EMAKUMEENGAN

Nafarroa «zinema dokumentalaren erreferentziazko espazio» gisa kokatzeko helburuarekin, tokiko zinemagileak babesten saiatu dira. Horrekin batera, zinemagile horien «unibertso femeninoei» ikusgaitasuna eman nahi izan diete, Kultura zuzendariak azaldutakoaren arabera.

Hain zuzen ere, jaialdiaren irekiera saioan, Ainara Vera zuzendari nafarraren film berria aurkeztuko dute: Hasta mañana si dios quiere. Lan hori zinema dokumentaleko nazioarteko jaialdirik garrantzitsuenetako batean aurkeztu dute, Herbehereetako IDFA festibalean; eta, Ortegaren hitzetan, «lan bikaina» da. Bestalde, aurten, Marina Lameiro eta Maddi Barber zuzendari nafarrek Sail Ofizialean parte hartuko dute Young and Beautiful eta Yours Truly lanekin, hurrenez hurren. Horrez gain, aurtengo kartela Dani Sanchisek sortu du, eta horretan ere emakumearen presentziak pisu handia du. «Hiru ikuspuntu femenino» irudikatu nahi izan ditu.

Ortegaren ustez, emakumeen parte hartzea handia izatearen arrazoietako bat da Ikuspuntu jaialdiak, urtetan, zinema eredu zehatz batzuen alde apustu egin izana. «Esanguratsua da festibalean hainbat belaunalditako emakume zuzendari bikainek parte hartzea; baina ez da kasualitatea hori hiri honetan gertatzea».

1968KO MAIATZA GOGOAN

Aurten, mende erdia beteko da 1968 Maiatzeko Iraultza gertatu zela, eta Ikuspuntuko antolatzaileek abagune historiko hori ospatu nahi izan dute. Urteurrena aprobetxatuko dute erakusteko, egun, «kontzientziadun» zinema eredu bat existitzen dela, «zeri eta nola» begiratu zalantzan jartzen duena, eta «indartsu bezain hunkigarria» dena.

MARGOTUTAKO ZINEMA

Aurtengo jaialdian Jose Antonio Sistiaga margolari eta zinemagile donostiarra omenduko dute. Sistiaga «kamerarik gabeko zinema» gisa ezagutzen den artearen bultzatzaileetako bat da: zeluloidea eskuz margotzen igaro zituen bi urte, eta, horrekin, Ere erera baleibu izik subua aruaren izeneko filma sortu zuen. Ikuspuntu jaialdiak, berriz, artista sortu zuen dokumental bakarra eskainiko du, 1972an Iruñean egin zen nazioarteko abangoardia jaialdiaren ingurukoa: Encuentros 72, Pamplona. Lan horrek, kokapen geografikoagatik, «balio erantsia» dauka, Ortegaren irudiko. Sistiagak berak mintzaldi bat egingo du jaialdian: Brakhage artistaren lana aztertuko du, P. Adams Sitney historialariarekin batera.

Bestalde, Thinh Minh-ha zuzendari vietnamdarrak ere bisitatuko du jaialdia. «Pertsona gutxi izan daitezke Minh-ha bezain polifazetikoak: zinemagilea, irakaslea, generoan aditua eta konpositorea da», Ortegaren hitzetan.

EUSKAL ZINEMAREN TXOKOA

Ikuspuntuk dakartzan nobedadeen artean, Sail Ofizialetik kanpoko hainbat saio daude. Horietako bat Paisaia da, Euskal Herrian ekoitzitako bost lan bilduko dituena: Jesus Maria Palaciosen eta Iñigo Jimenezen Ur artean; Koldo Almandozen Plàgan (Izurria); Ines Garciaren Winterreise; Arantza Santesteban eta Irati Gorostidiren Euritan; eta Jaione Cambordaren Rapa das bestias. Dokbizia saila ere estreinatuko dute: errealitatearen inguruan lan egiten duten artisten eta bestelako arte lengoaien gurutzaketa landuko du sail horrek. Aurten, X Films proiektuan, zuzendariekin ez, kolektiboekin lan egingo dute jaialdiak urtero ekoizten duen dokumentala grabatzeko.

ETORKIZUNA LANTZEN

Zinemagintza dokumentala haur eta gazteengana gerturatzeko xedearekin, prestakuntza laborategiak eskainiko dituzte. Horietan, abangoardiako zinemari lotutako hainbat esparru landuko dituzte. Echo Park Center talde estatubatuarreko zein Lagartijas Tiradas al Sol talde mexikarreko kideek emango dituzte eskolak.

HEDAKORRA IZANGO DA

Jaialdiaren egoitza nagusia Baluarte jauregia izango da, baina beste toki batzuetara ere hedatuko da: Nafarroako Filmotekara, Gaiarre antzokiara, Uharteko Arte Garaikideko Zentrora, Katakrak liburu dendara eta Planetariora, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.