Prozesua bera erritu bihurtuta

Kukai dantza taldeak 'Erritu' estreinatuko du astelehenean, Altsasun. Sharon Fridmanek sortu du koreografia. Eguraldiagatik, bertan behera utzi dute Done Mikel Aralarkoan egitekoa zen emanaldia

Kontakt teknikan oinarrituta osatu dute Kukaiko dantzariek Erritu ikuskizun berria. SINADURA / FOKU.
Maider Galardi
Altsasu
2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Errituak berez behar du errepikapena, behar du nonbait sustraituta izatea, eta behar du ingurune sozialarekiko atxikipen bat. Kukaik bazeraman denbora luze lan berria Aralarko mendilerroko Done Mikel ermitan prestatzen (Nafarroa). Balio sinboliko handiko gunea izanda, leku hori ezin egokiagoa zen Erritu estreinatzeko. Bazuten entseguen errepikapena, ongi sustraituta zeuden lekuan, eta inguruko eragileekin zuzenean egin dute aurretiko prestakuntza. Alabaina, eguraldi kaskarra iragarrita zegoenez, taldeak azken orduko erabaki bat hartu behar izan du: Altsasuko Iortia antzokian (Nafarroa) egingo dute lehen emanaldia, datorren astelehenean. Taldeak forma berria eman behar izan dio errituari bost eguneko tartean, eta agertoki berri batean sustraitu behar izan dituzte mugimenduak. Ingurunearekiko atxikimendua, ordea, ez dute galdu: «Sakanako herritarrek bat egin dute proiektuarekin hasieratik. Babes handia sentitu dugu, eta itzuli egin nahi genien hori», nabarmendu du Jon Maiak, taldearen zuzendariak.

Azken egunetan azkartu da prozesua, eta are kartsuagoa bilakatu da. Maiak, ordea, garrantzia eman dio orain arteko ibilbideari: «Sentitzen dugu egunetik egunera obra hazten ari dela». Ez dute nolanahiko bidea egin: «Sorkuntza lana eta elkarren ezagutza: biak batera gertatu dira». Sharon Fridman Israelgo koreografoarekin egin dute lan, eta sei dantzari arituko dira guztira: Alain Maia, Eneko Gil, Nerea Vesga, Izar Aizpuru, Ibon Huarte eta Urko Mitxelena. Zazpigarren interprete bat ere izango da: David Azurza kontratenorea.

Ikuskizunean, errituez eta indar sinboliko handia duten gaiez arituko dira: «Jaiotzak, heriotza, ospakizunak... Horiek izango ditugu mintzagai obran». Baina, ohiko adiera hertsitik harago ere, Maiak nabarmendu du sortze prozesua bera erritu bat izan dela: «Ez dira iraganeko kontuak bakarrik; interprete bakoitzaren barne mundua landu dugu, eta kide guztien elkarren ezagutzan sakondu dugu». Gainera, «modu intimoan» egin dute prozesua, eta horrek ere lagundu die giro goxoago batean sortzen.

Fridmanek ere bat egin du: «Prozesua harrigarria izan da. Ez nuen halakorik espero, eta elkar ezagutzea oso aberasgarria izan da». Hala osatu dute pieza bera. Taldekideekin hainbat gogoeta saio egin zituzten, errituen inguruko gogoeta egiteko, eta, koreografoaren arabera, bi izan ziren saioa ontzeko gakoak: «Ikusi nuen euskal dantzek zuzentasun handia zutela, eta nahiko indibidualak zirela. Hortaz, bi galdera otu zitzaizkidan: zer zentzu dauka dantzak dantzarientzat? Eta noraino eralda daiteke euskal dantza?». Fridmanek berak dantza garaikidea egin arren, urteak eman ditu Israelgo folklorea dantzatzen, eta kontraesan bat ikusten zuen: «Folkloreak berez eskatzen du lotura, baina nola transmititzen da hori dantzan?».

Hausnarketa hori buruan, sei hilabetez aritu dira lanean: «Proiektua orain dela urtebete sortu arren, joan den urte bukaeran hasi ginen dantzariekin lanean. Oso prozesu bizia izaten ari da» aitortu du Maiak. Gainera, Fridmanek euskal dantzetako mugimenduak barneratu behar izan ditu, eta taldeak, berriz, kontaktuaren inguruko lanketa bereziago bat egin behar izan du. Edonola, bizuzendariek diote oso aberasgarria izan dela.

Kontaktuaren garrantzia

«Mugitzeko arrazoi bat behar da». Hori da Fridmanen dantzaren oinarria. Duela hamar urte hasi zen teknika hori bere koreografietan txertatzen, bere amak zuen mugikortasun arazo baten ondorioz. Maiak uste du printzipio hori guztiz bat datorrela Erritu-ren esanahiarekin eta prozesuak izandako bilakaerarekin.

Hori ongi islatu dute oholtzan. Dantzariek beste baten ondorioz egiten dituzte mugimendu guztiak, tartean etenik egongo ez balitz bezala. Taldekideen sostenguak zutik mantentzen du dantzari bat airean, edo lortzen dute dantzari guztiek gorputzaren jarrera deseroso batean ere eroso sentitzea. Elkarri janzten eta eranzten dizkiote gonak, eta dantzariak amaierarik gabeko mugimenduan murgiltzen dira.

Izan ere, estetikak sekulako garrantzia izan ohi du Kukairen lanetan, eta oraingoan ere ongi zaindu dute oholtza gaina. Horren adibide da jantziekin eta musikarekin egin duten lana. Oraingoan, Ikerne Jimenez diseinatzailea arduratu da arropak egiteaz. Musikari dagokionez, berriz, Luis Miguel Cobo aritu da moldaketak egiten, eta, Azurza abeslariaz gain, tokian tokiko abesbatzek ere parte hartuko dute saioetan. Estreinaldian, Errenteriako (Gipuzkoa) Landabaso korua izango da taula gainean. Jauzi bat baino gehiago, Maiak uste du bilakaera «naturala» izan dela, baina agerikoa da lan berriaren alde egindako apustua.

Jasotako sarien itzalean

Oskara azken lanarekin Max sariak eta Espainiako dantza saria jaso ostean, taldea ikuskizunaren bira egiten ari da oraindik: «Publikoarentzako ikusgai gaude, baina, aldi berean, lan intimo bat egin dugu. Bizefalia baten modukoa izaten ari da». Jendaurrean hainbeste azaldu ostean, zuzendariak uste du taldeari ongi etorri zaiola intimitate hori, eta lan berrian nabarituko delakoan dago.

Hala ere, ez dute berehalakoan hasiko bira. Altsasun saioa moldatu badute ere, Erritu (Site specific) ikuskizuna egingo dute, eta, Valladolidekoaren ostean (Espainia), udazkenera arte ez dira itzuliko taulara. Orduan bai, kanpoko eta barruko saioak egingo dituzte, eta Maiak guztietarako espero du xede bera: «Ikuslearentzat bizipen berezia izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.