Galerak batutako begiradak

Gotzon Hermosilla idazle eta kazetariak fikziozko lehen liburua plazaratu du: 'Gaur galtzea tokatzen da eta beste istorio batzuk'. Gau eta rock giroko narrazioak eta Ezkerraldean girotuak bildu ditu

Gotzon Hermosilla kazetari eta idazlea, atzo, Donostian, lehen ipuin liburua aurkeztu aurretik. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Askotarikoak eta desberdinak dira kontakizunak, baina badute gehienek lokarri erdi ezkutuko bat. «Kontatzen diren istorio gehienak, denak ez esatearren, galtzaileen istorioak dira, edo istorio bakoitzean zerbait galtzen duten pertsonaiak azaltzen dira. Badakit hori esatea ez dela asko esatea; azken batean, literaturan agertzen diren pertsonaia gehienak galtzaileak izaten dira, bizitzan ere hala gara eta». Galtzailearen nahiz galtzailearenganako begirada gailentzen da, hortaz, Gotzon Hermosillaren (Barakaldo, Bizkaia, 1966) Gaur galtzea tokatzen da eta beste istorio batzuk ipuin liburuan. Elkar etxearekin plazaratu du fikziozko lehen lana, hamabi ipuin biltzen dituena.

Bakarkako eta fikziozko lehen liburua izanagatik, Hermosilla ez da eskarmenturik gabekoa idazkuntzan. BERRIA egunkarian kazetari modura lan egiten du; Road movie bidaia kronika (Alberdania, 2002) eta Ramones, familia maitagarria musika taldearen biografia (Paper Hotsak, 2005) idatziak zituen aurrez, eta Idoloak akatu genituenekoa punk giroko ipuin bilduma kolektiboan (Barnezomorro, 2016) parte hartu zuen. Horrez gain, hainbat lehiaketatan saritu dituzte haren ipuinak, eta horiek batzeko ahaleginaren emaitza ere bada lan berria. «Ilusioa nuen hor zehar barreiatutako ipuinak batera aurkezteko; izan ere, lehiaketa eta sariketetara aurkeztutako lanen argitalpenek hedapen murritza izaten dute. Ipuin saritu horietako batzuk aukeratu ditugu; beste batzuk kanpoan geratu dira, eta berri batzuk ere sartu ditugu; badira aurrez argitaratu gabeko bizpahiru kontakizun ere».

Koherentzia tematikoa

Hamabi ipuin orotara, galtzailearen begiradatik harago, molde eta tonu anitzetakoak. «Oso epe luzean idatzitakoak baitira. Zaharrena 2001ekoa da, eta berrienak, aldiz, iaz idatzitakoak dira». Kontakizunen aniztasunaikusirik, liburua bi ataletan banatzea erabaki zuten Hermosillak berak eta Xabier Mendiguren Elizegik, Elkar argitaletxeko editoreak.

Punk giroko bilduma kolektibo hartako ipuinen ildokoak dira liburuko lehen zatiari dagozkion kontakizunak. Sei dira, eta liburuari izenburua ematen dion ipuinak zabaltzen du atala: Gaur galtzea tokatzen da. «Bilduma hartan azaltzen ziren zenbait kontu agertzen dira: gaugiroa, droga, rock-and-rolla, kale estuak... Eta, are, bilduma hartako pertsonaia edo leku batzuk ere agertzen dira». Idoloak akatu genituenekoa bilduman istorio bakoitza punk-rock edo hardcore kantu bati loturik idatzi zuten.

Bigarren multzoan, Hermosillak beste sei ipuin bildu ditu. «Heterogeneoagoak dira gai eta kokapen aldetik. Nahiko errealistak dira. Gaur egungo Euskal Herrian kokatuak daude batzuk, baina badaude leku eta garai urrunagoetakoak ere... Galizian gerraosteko Guardia Zibilaren zapalketa, 60ko hamarkadan Euskal Herrian grebak apurtzeko eskirol gisa kontrataturiko migratzaileak, Meatzaldeko industrializazioaren lan-baldintza gogorrak, Txina urrunean kokaturiko kontakizun miresgarriak...».

Mendiguren Elizegiren hitzetan, idazleak «esku trebea» dauka ipuinotan, «estilo fin eta argia idazkeran, eta argumentuak ederki josteko abilezia». Baina, estiloaz haraindi, Hermosillak egindako beste «ekarpen» bat nabarmendu zuen atzo Donostian egindako aurkezpenean. «Zein presente dauden ipuinetan [Bilbo] Ezkerraldea eta Meatzaldea, eta baita immigrazioa ere. Euskal literaturan gutxi agertu dira elementu horiek».

Hala dela aitortzen du Hermosillak, nahiz eta ez duen egin «ezeren erreibindikazio modura», baizik eta bere eguneroko errealitatearen isla modura. «Ez dut hautu kontziente bat egin. Ingurune hau da gehien ezagutzen dudan errealitatea; Euskal Herriaren imajinario kolektibo horretan gure errealitateak ere izan beharko du lekutxo bat noizbait, benetan ganorazko nazio bat eraiki nahi badugu». Hermosillak bereziki gustuko du irakurtzea, idaztea bezainbeste. «Batez ere euskal literatura irakurtzen dut. Gustuko ditut, besteak beste, Xabier Montoia, Koldo Izagirre edo Iban Zalduaren lanak». Eta azkenaldian badu zaletasun berezi bat irakurritako horretatik: «Azken hiruzpalau urteetan, euskal literaturan Bilbo Ezkerraldearen aipamenik irakurtzen badut , jaso egiten ditut. Askotan, topikoei lotutako aipamenak izaten dira. Igual asko aurreratzea da, baina ari naiz zerbait idazten horren inguruan. Ikusiko dugu gero aterako den».

Topiko horietako bat da Ezkerraldean daudela maiz jatorriz galiziarrak diren etorkinak, eta premisa hori bere narrazioek ere betetzen dute nolabait: «Nik neuk jatorri galiziarreko senideak ditut, eta inguruan beti izan ditugu galiziarrak. Gustuko ditut galiziarren kultura eta literatura. Gainera, iruditzen zait Euskal Herritik Galizia pixka bat ahaztua ere badaukagula. Katalunia aipatzen dugu maiz, eta neurri batean normala da, Galizian ez baitago prozesu subiranista bat abian, baina...».

Baina berak asko maite du galiziar literatura; esaterako, Xose Luis Mendez Ferrinen Arraianos, Bego Montoriok Mugaldeko jendea euskaratua. Hermosillarenlehen liburuko hamabi ipuinetatik hirutan azaltzen dira galiziar pertsonaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.