Armagabetze bidea, trabatuago

Urtebete da ETAk armategiak zigilatzeko egitura tekniko-logistikoa osatzen ari zela iragarri zuela.Barrenak dio bide horri «izugarrizko trabak» jartzen ari zaizkiola polizia operazioekin

Frantziako Polizia Miarritzeko Cambarre etxean ETAren aurka egindako operazioan, maiatzaren 28an. BOB EDME.
Hodei Iruretagoiena.
2015eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Urtebete da ETAk «borroka armatuaren praktikatik eratortzen diren egitura logistiko eta operatiboak» desegin zituela, iazko otsailean iragarritako desarmatze prozesuan. Iazko uztailaren 20an jakinarazitako agirian, armategien zigilatzea bururaino eramateko «egitura tekniko-logistikoa» osatzen ari zela zioen. Abenduan, NEB Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeak baieztatu zuen aurrera egiten ari zela, Espainiako eta Frantziako gobernuek modu adostuan egitea ahalbidetu ez arren. «Nahitaezkoa» da bi gobernuen parte hartzea, NEBeko zuzendari Raymond Kendallek esan izan duenez. Elkarlana baino gehiago, oztopoak areagotu dira azken bi hiletan.

«Oso kezkatuta gaude», aitortu dio BERRIAri Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak: «Ez ETAk armagabetze prozesuan daukan konpromiso politikoagatik, egiten ari diren polizia operazioen ondorioengatik baizik. Ematen du atxilotu dituzten pertsonak direla horretan ardurak dituztenak, hori gauzatzen ari direnak praktikan. Haiek eramaten badituzte, izugarrizko trabak jartzen ari dira. Gure nahia da ahalik eta denbora laburrenean eta ahalik eta eraginkortasun politiko zabalenarekin egitea prozesu hori».

Joan den maiatzaren 28an etorri zen lehen kolpea, Miarritzen: Cambarre etxea miatu eta jabeak —Nathalie Chasserieux eta T. V.— atxilotu zituen Frantziako Poliziak, Guardia Zibilarekin elkarlanean. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, arma eta lehergailu biltegi bat aurkitu zuten. Hurrengo egunean, Enrique Lopez iheslaria atzeman zuten, haren bikotekidearekin batera. Bi egunera salatu zuen ETAk operazioa: «Armategiak zigilatzeko prozesuaren kontrako eraso zuzena da». NEBi gertatuaren analisia helaraziko ziola esan zuen, «erasoak sortzen duen egoera aztertu ahal izateko».

Bi aste eskas falta ziren Parisko Bake Konferentziarako. Ekainaren 11n, Frantziako Asanblea Nazionaletik dei egin zieten gobernuei ehundik gora lagunek —tartean, alderdi bateko eta besteko diputatu ugarik—: desarmatzea «molde adostu eta kontrolatuan burutuko dela bermatuko duen espazio egokia» ezartzeko eskatu zieten, «zinez inplikatzea».

Handik hilabetera, beste operazio bat: bost lagun atxilotu zituzten Ortzaizen (Nafarroa Beherea) uztailaren 8an eta 9an: ustezko bi etakide —Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea—, eta Teresa Lekunberri, Jeff Mateo eta Graxi Etxebehere. Lehen biak armen zigilatzerako egitura tekniko-logistikoaren arduraduntzat jo zituen Espainiako Barne Ministerioak. Behin eta berriz ematen ari den mezuari eutsi zion Jorge Fernandez Diaz ministroak: «Desegitea iragartzea, hori falta zaio ETAri».

«Aitzakia» baino ez da hori Barrenarentzat. «Gobernuen parte hartzea ezinbestekoa da, armagabetze prozesuak eskatzen duelako fidagarritasun politikoa». Madrilen eta Parisen jarreraren atzean dagoena, benetan, «beldurra» dela dio Sortuko eledunak: «Badakite gatazkaren ondorioak —espetxe politika, ETAren armagabetzea, biktimen inguruko tratamendua— blokeatuta dauzkaten bitartean izugarri zailtzen dela erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika eraginkor bat martxan jartzea».

Espainiako Barne ministroaren mezua ez ezik, bestelakoak ere utzi ditu Ortzaizeko operazioak. Atxilo hartu aurretik, ustezko bi etakideak etxean hartu zituela onartu zuen Etxebeherek: «Nik lagundu dut desarmatu nahi duen talde bat, eta ez dut batere dolurik». Hitzetatik ekintzetara pasatu beharra nabarmendu zuen libre utzi ondoren. «Oso esanguratsua da», dio Barrenak: «Adierazten du herritarren artean oso zabaldua dagoen sentsazio bat: 'euskal partea' —herritarrak berak ere bai— dena jartzen ari da bere aldetik».

Espainiako bozei begira

Ipar Euskal Herrian eta Frantzian «oso hedatuta» ikusten du iritzi hori Sortukoak. Azken bi operazioetan atxilotutako bederatzi lagunetatik sei libre utzi dituzte gero. Adierazgarria da hori Barrenarentzat; tartean da Etxebehere. «Esango nuke Frantziako Gobernuko zenbait eremutan ere zabaldua dagoela aukera aprobetxatu beharraren sentsazio hori».

Horrek ez du esan nahi, ordea, jarrera ofiziala hori denik. Espainiaren menpean jarria ikusten du Barrenak Frantziako Gobernua: «Oso barneratua dugu, printzipioz bestelako posizio bat daukan arren, ez dela inola ere mugituko modu autonomoan». Orain, Espainiako egoera politikoa ere sartzen da jokoan posizio horretan: «Hainbat erreferentzia politiko eta instituzional garrantzitsu», tartean, Frantziako Gobernua, horri «arreta handiz» begira daudela dio Sortuko bozeramaileak: «Jokaleku ezberdinak ireki litezke, eta zerikusi handia izan lezakete horretan guztian».

Fernandez Diazek ere izan du ahotan jokaleku hori, bere jarrera defendatzeko: «ETAk espero du gobernu aldaketa, badakielako oraingoarekin ez duela negoziatu, eta ez duela negoziatuko». Ortzaizeko operazioaren ondoren, EAJren GBBko presidente Joseba Egibarrek ETAri egotzi zion armen zigilatze prozesua «atzeratzea», haren iritziz, «nazioarteko aintzatespen bat» bilatzeko. Luzatzeak PSOEri eta PPri egiten die mesede, Egibarren hitzetan. Barrenak, aldiz, uste du PSOEri begira posizionatzen ari dela EAJ. «Zilegi izan liteke hori, baina ez dugu ulertzen nola uko egin dion Euskal Herrian indarrak biltzeari, eta nola alboratu dituen Madrilen immobilismoaren aurrean presio handiagoa egiteko eskemak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.