Politika injekzio bat ere bada

Barizelaren kontrako txertoa jaioberriei jartzea onartu du Espainiak.Polemika sortu du erabakiak.Nafarroan jaio eta 15 hilabetera ipintzen dute jada; EAEn, aldiz, 10 urterekin

Araba, Bizkai eta Gipuzkoara aldaketa ekarriko luke Madrilen erabakia aplikatzeak, egun 10 urterekin jartzen baitute barizelaren aurkako txertoa. GARI GARAIALDE / ARP.
K Saioa Alkaiza(h)
2015eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
«Uste dugu irizpide zientifikoetan oinarritu behar dela txerto egutegia, eta ez irizpide politikoetan». Irmo mintzo da Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darpon, barizelaren aurkako txertoarekin sortutako eztabaidaren karietara. Espainiako Osasun Ministerioak hartutako erabakiak piztu du gatazka: Espainian, 12 urteko nerabeak txertatzen dituzte birusaren kontra, betiere aurretik pasatu ez badute. EAEn, 10 urtekoak. Nafarroan, ordea, haurtxoei jartzen diete txertoa: hamabost hilabete dituztenean lehenengo dosia, eta hiru urterekin bigarrena. Espainiak onartutako egutegi berriaren arabera, jada Nafarroan indarrean dagoen eredua ezarriko dute Espainian eta Hego Euskal Herri osoan 2016tik aurrera.

Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko errealitatea eraldatuko du, beraz, ekinaldiak. Adituen artean buru bezainbeste aburu daude; bada hauteskundeei begirako hautua dela dioenik, bai begi onez ikusten duenik ere. EAEko Txertoen Aholkularitza Kontseilura eraman du gaia Darponek, «zientzia» ardatz adostu dezan Espainiak onartutakoa aplikatu ala ez. Argi utzi du, dena dela, ez duela bat egiten ministerioak zehaztutakoarekin. «Prozeduraren kontra nago, guztiz. Txerto egutegi egokia daukagu, eta aurten aldaketa asko egin dituzte jada».

«Eleberri bat». Horixe da barizelaren txertoaren istorioa, EHUko Pediatria Saileko titular eta Donostiako Ospitaleko Zerbitzuen arduradun Eduardo Perezen hitzetan. Atzera begira jarri da egungo egoera ulertarazi nahian. Orain bost bat urte hasi zen dena, dioenez. Orduan, Nafarroan eta Ceuta eta Melillan doakoa zen txertoa; Espainiako gainontzeko lurraldetan eta EAEn, farmazietan erosi behar zen. Hautsak geroago harrotu ziren, baina. Iaz, hain zuzen. Ana Matok, Espainiako Osasun Ministro ohiak, «zaildu» egin zuen botiketan txertoa erostea, Perezek azaldu duenez. Hala, ospitaletan baino ezin zen jarri —bai eta doan ipintzen zuten lurraldeetan, noski—.

Kontra azaldu zen Espainiako Pediatria Elkartea, beste hainbat eragilerekin batera. «Erabaki hori ez zen aho batezkoa izan, ez zuen inolako zentzurik», azaldu du Perezek. Oraingo hari mataza orduko anabasaren ondorengoa dela dio adituak. «Gaizki egindakoak» konpontzeko ahalegina.

Kateatutako eskumena

Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian, nolanahi ere, are ertz gehiago ditu auziak. Katramilatsuagoa da. Izan ere, euren eskumena aprobetxatuta, 10 urtekoak eritasunaren aurrean immunizatzea izan dute arau, Espainiak bestela jardun badu ere. Baina orain ministerioak hartutako erabakiak airean utzi du Jaurlaritzaren ekinaldia. Eskumen gorena zeinek daukan da zintzilik dagoen beste gaietako bat. «Espainiak esan du barizelaren kontrako txertoa egutegian txertatuko duela, baina zeinek ordainduko duen da gakoa. Madrilen kontura izango da? Erkidegoen bizkar?». Alde ekonomikoak ere badu zer esana, Perezen begietara.

Horren guztiaren gainetik egon behar du, dena dela, osasunak. Horra Donostiako Ospitaleko medikuaren aho bizarrik gabeko arrazoiketa. «Gatazkak gatazka, pediatra profesionala naizen neurrian, esan dezaket barizelaren txertoa segurua dela eta ez duela zailtasunik. Gainera, nazioarteko erakundeek bi dosi gomendatzen dituzte: bat bizitzako lehenengo hamabi hilabeteetan eta bestea 2 edo 3 urterekin. Hori jarraitzea da lehenetsi behar dena».

Gaixotasuna gaiztotzea

Birus bat da barizela, herpes birusen familiakoa, zehatzago esatearren. Eta gaixotasun arintzat dute askok, gripearen antzeko sintomak baitauzka. Hori bai, badu bestelako berezitasun bat: azkura ematen duten kortikak eragiten ditu azalean. «Normalean, ez da oso larria, baina batzuetan bai, eta orduan umeak ospitaleratu behar dira», adierazi du Pedro Gorrotxategik. Pasai San Pedroko (Gipuzkoa) pediatra da. Eritasuna konfiantza handiegiz ere ez dela hartu behar azpimarratu du. Besoak zabalik jaso du hark jaioberriei txertoa emateko neurria, nahiz eta jakin badakien aurkako argudioak dauzkatela hainbat adituk. «Alde batetik, posible da, bai, hauteskundeen aurretik propio hartutako erabakia izatea; dena dela, horrez gain, Espainiako Pediatria Elkartea aspaldi eskatzen ari da lehenago jartzeko, lehen hilabeteetan».

Gero eta goizago jarri,orduan eta seguruago egon. Horixe Gorrotxategiren leloa. Askotarikoak dira abantailak, haren irudiko: «Txikitan jarriz gero, ez da gaixotasuna pasatu behar, ez eta infekzioa ere. Eta hori hobea da: izan ere, azkura ematen du; gurasoek ezin dute haurra eskolara eraman... Gainera, 10 urtetik aurrera hartzea larriagoa izan daiteke». Bat egin du harekin Perezek: «Gehienetan onbera da eritasuna, baina gehienetan hitzak ez du esan nahi beti hala denik. Eta horregatik tentuz ibili behar da».

Kate berari beste katebegi bat txertatu dio Hego Euskal Herriko Pediatren Elkarteko presidente Ines Cabezak. Txertoaren eraginkortasuna «oso frogatuta» dagoela zehaztu du. Hori dela eta, hamabi hilabeterekin jarri behar dela uste du elkarteak, «haurrak ahalik eta lasterren» babesteko. Eztabaida politikoez gaindi, «zientziak» dioenari segitu behar zaiola adierazi du. «Medikuok, eta osasun arloko profesional guztiok, zientziak egunez egun agintzen digunari jarraitu behar diogu. Zorionez, Txertoen Aholkularitza Batzorde bat daukagu, osasun arloko hainbat profiletako jendeak osatuta, txertoen egutegia behar duen ganoraz lantzeko helburuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.