Giza eskubideen aldarria

Sare herritar plataformak bihar zortzirako sakabanaketaren aurka Bilbon antolatu duen manifestazioarekin bat egin dute askotariko eragileek eta indarkeria ezberdinen biktimek

Hilaren 14ko manifestazioarekin bat egin duteneko batzuk, atzo Bilbon eginiko agerraldian. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Bilbo
2017ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Bihar zortzirako Sarek euskal presoen sakabanaketaren aurka deitutako manifestazioak askotariko eragileen eta indarkeria ezberdinetako biktimen babesa jaso du berriz ere. Ehun eragile sozialek sinatutako agirian, giza eskubide guztiak errespetatzea eskatu dute, baita «preso diren pertsonenak ere». Atxikimendua adierazi duten guztien izenean, Rosa Rodero ETAren biktimak eta Karmen Galdeano GALenak sakabanaketaren aurkako manifestazioan parte hartzeko deia egin dute Bilbon, beste 20 eragilerekin batera. Atxikimendua adierazi dute, besteak beste, Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakari ohiak eta zenbait sailburu ohik, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak, Xabier Euzkitze komunikatzaileak, Nazario Oleaga abokatuak, Nerea Alias telebista aurkezleak, Itziar Ituño aktoreak, Oinatz Bengoetxea pilotariak, Kattalin Miner kazetariak...

Adierazi dute helburu «bakarrak» lotzen dituztela: euskal gizarteak bake eta elkarbizitza agertoki baterantz aurrera egiteak. Haien «apaltasunetik», konpondu gabeko zereginetan laguntzeko asmoz batu direla azaldu du Roderok. «Eta horietako bat giza eskubide guztiak errespeta daitezela da».

Agerraldian salatu dute giza eskubide horiek errespetatzen ez diren «adierazle» dela sakabanaketa politika eta larri gaixorik dauden presoen egoera. «Senideen kolektiboa ez da inoiz epaitu edo zigortua izan inongo deliturengatik, baina haiek pairatzen dituztezuzenean espetxe politika honen ondorioak».

Sare plataforma babesten dutela adierazi dute, Espainiako Gobernuak senideen kolektiboaren sufrimendua bukatzeko euskal gizartearen eskaerari hamaika bider «entzungor» egiten diolako. Orain dela urtebeteko urtarrileko manifestazioa gogoratu dute, eta orduan ere lan arlo, egitasmo kultural edo sozialeko jendeak ekinbidearekin bat egin zuela azpimarratu. «Aurten, indar handiagoz ahal bada, berriro esango dugu. Eta horregatik, gutako bakoitzak 'salatzen dut' esanez urrats bat aurrerantz egin dugu».

Roderorekin eta Galdeanorekin batera Joseba Azkarraga Sareko bozeramailea ere egon da prentsaurrekoan. Manifestazioaren alde eta sakabanaketaren aurka hainbat ideologiatako pertsonak batu direla esan du, eta denak ere bat datozela sufrimendua bukatu behar dela. Rodero eta Galdeanoren presentzia nabarmendu du. «Bi minen ordezkariak dira, herri honek sufritu dituen bi indarkeriaren biktimak». Azkarragaren iritziz, bi emakume horiek euskal gizartearentzako «eredu» dira.

ETAk jarduera armatua utzi zuenetik bost urte baino gehiago igaro dira, eta alderdi politikoei eta instituzioei eskatu diete pausoak emateko, behingoz,«zauriak ixten» lagundu dezakeen elkarbizitzarantz. Horri lotuta euskal gizartearen «eskariaz» aritu da Rodero: «Ez diegu entzungor egin nahi gizartearen gehiengo zabal batek dituen bake eta elkarbizitza nahiei, eta ez dugu giza eskubideak urratzeko apustu egiten duen politikarekin gure izenean jarraitzerik nahi». Euskal presoen nahiz haien senideen eskubideen «urratzaile argia» den espetxe politikari eutsi nahi diotenen aurrean «altxatzen» direla esan du.

Sufritutakoari ere egin dio erreferentzia Galdeanok. «Gure herrian egon diren bi indarkeriaren biktimak gara», adierazi du, bere buruari eta Roderori aipamena eginez. «Lehen pertsonan sufritu dugu indarkeria, eta, horregatik, ez dugu nahi beste inork guk sufritutakoa pairatzerik».

Urtarrilaren 14ko Bilboko martxa «guztiontzako» deialdia dela esan du Galdeanok, «giza eskubideen defentsa alderdikerien eta ideologien gainetik» dagoela uste dutenentzat. «Hainbeste indarkeriek eragindako sufrimendua ahaztu gabe, guztion artean sufrimenduari ateak itxi eta elkarbizitzari lagundu behar diogu».

Etxerat-en babesa martxari

Sarek antolatutako manifestazioarekin bat egin du presoen eta iheslarien senideen elkarte Etxerat-ek ere. Horregatik, mobilizazioaren egunean Bilbon egon ahal izateko ez dira kartzeletara joango ohiko bisitak egitera. Urrats berrien zain bost urte daramatzatela adierazi dute, Donostian, eta presoenganako eta iheslarienganako gertutasun edo senidetza loturagatik «salbuespen politiketara» kondenatzen dituztela. «Frantziako eta Espainiako gobernuek gure kontra sufrimendua erabiltzen dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.