Getxo eta Portugalete tunel bidez lotuko dituzte, itsasadar azpitik

Arrondegiko zubiaren saturazioa konpontzeko eraikiko du Bizkaiko Diputazioak. Aurretik, Bilbo Hegoaldeko Saihesbidea AP-68arekin lotuko du. Denera, 580 milioi inbertituko ditu

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Urte hasieran, Ermuko (Bizkaia) saihesbidearen lehen fasearen inaugurazioan, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak aipatu zuen egoera ekonomikoak azpiegitura berrietan pentsatzen hasteko aukera ematen zuela. Lau hilabeteren ondoren, lurralde historikoan «XXI. mendeko obrarik inportanteena» izango dena aurkeztu zuen atzo: Bilboko itsasadarraren eskuin eta ezker ibarrak lotuko dituen ia hiru kilometroko tunela. Leioako Artatzako biribilgunetik Portugaleteko Ballontiko ardatzera arte joango da. Ez du bidesaririk izango.

«Bizkaiko Foru Aldundiak azken hamarkadetan hartu duen erabakirik garrantzitsuena da». Eta hori agerian uzteko, agerraldia ez zuen prentsa bulegoan egin, ohi duen bezala. Foru jauregiko eskailera nagusian dagoen Bizkaiaren alegoria izeneko beira-leihoaren aurrean eman zituen zehaztasunak, atzo goizean. Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatua izan zuen lagun.

Tunelarekin batera, Bilbo Hegoaldeko Saihesbidea AP-68 autobidearekin lotzeko proiektua ere aurkeztu du. Bi azpiegitura berri horiekin, Bilbo Handiko errepideetan dauden hiru leku arazotsutan trafikoa arintzea lortu nahi dute: Barakaldon, Max Center saltoki pareko A-8aren zatian; Leioan, Artatzako errepidean; eta, batez ere, bi ibarrak lotzen dituen Arrondegiko zubian. Sinple esanda, azpiegitura berriak hegoaldeko saihesbidearen mutur bietan egingo dira: Bilbon, luzapena; eta Portugaleten, A-8arekin bat egiten duen lekuan, tunela.

Rementeriaren esanetan, «Bizkai osoko mugikortasunean» igarriko da. Azpimarratu du herrialdean egunero ibilgailuren bat gidatzen edo autobusa hartzen duten hiru herritarretatik bik igarriko dituztela azpiegitura berriek eragingo dituzten «onurak». Esan du bi errepide berriak ez direla «adabaki bat»; uste du arazoari «benetako konponbidea» emango zaiola.

Foru teknikarien txostenaren arabera, tunela 53.000 ibilgailuk erabiliko dute egunero. Era berean, luzapenaren ondorioz, 24.000 izango dira Bilbo Hegoaldeko Saihesbidetik igaroko direnak. 2016an, 11.650ek erabiltzen zuten gaur egun zabalik dagoen zatia. Bi azpiegitura horiei esker, egunean 41.000 ibilgailuk utziko diote Arrondegiko zubia erabiltzeari, 17.500 gutxiago igaroko dira Max Center paretik, eta 38.000 gutxiago, Artatza ingurutik.

«Etorkizunera begira pentsatu ditugu, Bizkaian mugitzeko modu berri bat eskainiko dutelako. Egungo mapak zaharkituta utziko dituzte». Rementeriak uste du aldaketa «sakon» baten lehen pausoa direla. Horretarako, orotara, 580 milioi euroko inbertsioa egingo dute. Ahaldun nagusiaren esanetan, horrelako gastu bati aurre egiteko gai izango da diputazioa, zerga bilketan egon den gorakadari eta datozen urteetarako aurreikuspen «baikorrei» esker. Erantsi du foru aldundiaren zorpetze maila ez dela handituko: «Obra hauek egiteko aukera dugu, eta aprobetxatu egin behar dugu. Ez dut esango orain egin ezean ezingo dugula inoiz egin, baina bai luzaroan ez dugula horrelako beste aukerarik izango». Dena den, argi utzi du proiektu horiei heldu izanak ez duela esan nahi aurrerantzean obra kontuetan «dena libre» izango denik. «Lehentasunak finkatzen jarraitu behar dugu».

Obra biak elkarren segidan egingo dituzte. Gaur bertan adjudikatuko dituzte Bilbo Hegoaldeko Saihesbidearen 1.B faseko obrak, eta 2023rako bukatuko dituzte. Hala saihesbidetik zuzenean sartu ahal izango da AP-8 autobidera, Arrigorriagan. Rementeriak aitortu du teknikoki «gaitza» izango dela. Bolintxuko naturgune babestuaren gainetik zubi bat igaroko da, pilarerik gabe. Eta bi tunel izango ditu: Arnotegi mendia zeharkatuko du batek, eta Beteluri eta Peñascal lotuko ditu besteak. Errepide zati berria 4,2 kilometro izango da luze. 203 milioi euroko aurrekontua izango dute lanek.

Lotune hori bukatutakoan hasiko dira tunelarekin. Beste 320 milioiko aurrekontua izango du. 2027rako bukatu nahi dute. Hilabete barru adjudikatuko dute obrak hasi aurretik egin beharreko txosten informatiboa. Orduan zehaztuko dira tunelaren ibilbidea eta zer ezaugarri izango dituen. Baina dagoeneko badituzte buruan ideia batzuk. Elkarren ondoan joango diren tunel bi izango dira, norabide bakoitzean bat. Eta bina errail izango dituzte.

Garestiena, baina «onena»

Azpiegitura «multimodala» izatea nahi dutela ere esan du; hau da, ez da soilik ibilgailuentzat izango. Haiekin batera, trena, autobus elektrikoa edo bestelako garraio mota bat igaro daitekeela otu zaie. «Ez dakigu etorkizunean mugikortasuna zelakoa izango den. Baina tunela prest egongo da etorriko den horretarako. Denborak esango digu zer beste garraio mota igaroko den handik». Zehaztasun horiek proiektua taxutzean jakingo dira. Baina badakite dena delako garraio publiko hori errepidearen azpiko solairutik igaroko litzatekeela.

Bestalde, datorren urtean Kukularrako lotunearen obrak hasiko dira. Txorierriko lasterbidea Arrondegiko zubirantz eta Artatzako errepiderantz banatzen den lekua da. Errailak gehituko dituzte, Txorierriko lasterbidea zubitik eta Artatzatik etortzen zaizkion ibilgailu guztiak jasotzeko gai izan dadin.

Duela hamarkada bi hasi zen diputazioa Arrondegiko zubiaren saturazioari konponbidea bilatu guran. Iazko politika orokorreko osoko bilkuran Rementeriak zubiari neba-arreba biki bat eraikitzeko asmoa iragarri zuen Batzar Nagusietan. Bi aukera egon dira: Lutxanan (Barakaldo) edo Axpen (Erandio) eraikitzea zubi berria. Azkenean, beste bat hobetsi dute: tunela. Rementeriak aitortu du, garestiena dela. «Baina onena da trafikoa erakartzeko eta kostuen eta onuren arteko ratioan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.