«Konplize» begirada berrian

'Euskalgintza eta administrazioa mintzo' solasaldian, Martin Ugalde kultur foroan, elkarlan gogoa eta giroa azaldu dituzte Paul Bilbaok eta Miren Dobaranek. Erabileraren aroa da

Paul Bilbao eta Miren Dobaran, atzo, Garikoitz Goikoetxea kazetariarekin. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Andoain
2017ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Solaskide biak zerk batzen dituen azaldu zuen, atzo, Martin Ugalde kultur foroan, Euskalgintza eta administrazioa mintzo topaketaren hasieran, BERRIAko kazetari Garikoitz Goikoetxeak. «Bizkaitarrak dira biak, Uribe ingurukoak, adin aldetik urtebeteko diferentzia dute, eta biek dituzte Euskal Filologiako ikasketak». Solasaldiak aurrera egin ahala, agerian geratu zen beste gauza askotan ere bat datozela biak, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao. Hain justu, sarri-sarri erabili zuten biek «konplize» hitza. Irudi zinetan esanguratsuak izan dira iragan hilabeteotan —apirilean, Korrikan elkarrekin egin zuten kilometroan; lehengo astean, Euskaraldia egitasmoaren aurkezpenean— euskalgintzaren eta administrazioaren arteko harreman joritasuna erakusten dutenak, eta atzoko solasaldia ere horren erakusgarri izan zen. Joritasun horren aldeko «hazia» ereinda dagoela onartu zuen Bilbaok. Lanerako beste erarik ez dutela irudikatzen azaldu zuen Dobaranek. «Norekin egin behar dugu lan bestela?», itaundu zuen: «Ez dut ikusten nire burua han bulegoetan, ni bakarrik».

Bereziki euskararen ezagutzaren esparruan lanean hamarkadetan jardun ondoren, biek ikusten dute hizkuntza sustatzeko neurriak aro berri batean murgiltzeko premia. Inkesta Soziolinguistikoa eta Kaleko Erabileraren Neurketa, biak aurkeztu dira aurten, eta informazio ugari ekarri dute aldi berri hori nola golda daitekeen aztertzeko. Eta aspalditik mamitzen ari den kezka berritu zuten: erabilera da orain erronka. Bilbao: «Belaunaldi berriak gero eta euskaldunagoak datoz, baina gizartera ateratzen direnean, nolabaiteko kristalezko sabai batekin egiten dute topo». Dobaran: «Ezagutzak eta erabilerak gora egiten dute, baina ez erritmo berean». Tokian tokiko errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuta, beren beregi landutako hizkuntza politiken premia ezinbestekoa dela onartu zuen Jaurlaritzako ordezkariak. Arnasguneetako datuei so, esaterako, hori agerian geratu dela esan zuen, eta propio toki horietarako «esku hartzeak» aztertzen ari direla udalerri euskaldunen mankomunitate Uemarekin. Bat etorri zen halakoekin Bilbao, baina politika oro lotu behar dituen «ikuspegi holistikoaren» defentsa egin zuen.

«Bertigoari» aurre egiten

Ororen gainetik, lanerako era berri bat defendatu zuen Dobaranek. «Gizartea asko aldatu da. Orain dela 30 urteko kalea eta gizartea ez dira berdinak. Begirada berri bat behar da», esplikatu zuen: «Betaurreko berriak». Euskaraldia egitasmoa guztiz lotu zuen asmo berrienekin. Datorren urte amaieran, 11 egunez, herritarrak euskaraz —bakoitzak ahal duen neurrian— jardutera bultzatu nahi ditu, hainbat herritan hiztunak aktibatzeko egin diren esperientziak eredu hartuta. Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, Nafarroako Gobernua eta Euskal Elkargoa batu dira egitasmoan, euskalgintzako eragileekin. Halako ur handitan sartzeak dakarren «bertigoa» ez zuen ukatu Jaurlaritzako ordezkariak. «Baina apustu hori egin egin behar zen», azaldu zuen. Egitasmoa eragilea izatea nahi dute, gainera; parte hartzen duten pertsonen hizkuntza ohitura berrien abiapuntu. «Ondo egin nahi dugu», azaldu zuen: «Ez dugu nahi jai bat izatea». Babestu egin zuen Bilbaok. «Ekimen horrek baditu potentzialitate asko, oso interesgarriak», onetsi zuen. «Halako era masibo batean eginda, potentzialitatea izugarria izan daiteke».

Hizkuntzaren normalizazioan aurrera egiten lagun dezakeen tresna bat izango du eskura Kontseiluak ere heldu den urtean. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztu zen orain urtebete Donostian —desabantaila egoeran dauden hainbat hizkuntza komunitateren ekarpenak jasota ehundu zen— eta orain horretan oinarritutako kaierak eratzen ari dira hainbat tokitan; Kontseilua ere bai, euskarari dagokiona. Horretan, euskararen normalizazioan «egotetik egitera» bultzatu nahi dituzte gizarte osoko eragileak: «subjektu aktibo» izatera haien ekintzetan. «Aukerak daude, gero eta euskaldun gehiago gara», adierazi zuen Bilbaok. «Baldintza egokiak daude jauzi hori egiteko».

Administrazioan euskaraz

Jaurlaritza barruan ere urratsak nahi dituztela azaldu zuen Dobaranek; erretiroa hartzera doaz administrazioko langile asko, eta euskaraz jardungo duten langileen aldi bat hasi nahi dute. «Euskara lan hizkuntza izan behar da». Behargin bakoitzari egiten zaion lehen harreratik horren alde egin behar dela defendatu zuen. Hor ezinbesteko tresna izango dira, halaber, langileentzako hizkuntza eskakizun berriak, eta horiek ontzen ari dira. «Gizartea horrenbeste aldatu denean, beste sistema bat behar dugu», argudiatu zuen. Eta aintzat hartzeko bidetzat hartu zuen, hizkuntza egiaztagiriez harago, sarbide azterketak euskaraz jartzea: «Gure ustez, horra jo behar dugu». Adierazi zuen, halaber, eskakizunak moldatu behar direla langile bakoitzaren premietara.

Onartu zuen, ordea, erresistentziak ager daitezkeela aldaketen harira. Sindikatuak aipatu zituen, besteak beste. Hor,«konplize» direla oroitarazi zion Bilbaok; bidean abaro izan daitezekeela elkarrentzat, edo akuilu. «Halako egoera batean, agian euskalgintzari dagokio interpelazioa egitea. Nik konplize izatea hor kokatzen dut», azaldu zuen. Berretsi egin zuen Dobaranek elkarlanaren plazaren defentsa: «Azken finean, gizarteak ere hori eskatzen du; jendearekin hitz egiteko, eta ahalik eta etekin handiena ateratzeko aurrekontuari».

[youtube]https://youtu.be/gDwMeP3wuXo[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.