«Heriotza arrisku erreala du»

Hiesa eta psikosiarekin lotutako gaitz neurologikoak ditu Ibon Iparragirre presoak.Amari haren egoera larria dela aitortu zion epaileak, baina ez dio utzi zigorra etxean betetzea

Angelita Burgoa, Ibon Iparragirreren ama; Miren Arana medikua; Ane Ituiño abokatua, eta Ibai Bilbao, Etxerat-eko kidea, atzo. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Larri. Oso larri dago Ibon Iparragirre Ondarroako presoa. Hiesa du. C3 garapen aldikoa: oso garatua eta sendaezina. Horrek eragin dizkion gaitz neurologikoak ez dira arinagoak: krisi konbultsiboak eta dementzia koadroa ditu. «Psikosi motako jarrera oldarkorraren nahasmena nagusitu da harengan», ohartarazi du Miren Arana medikuak. Errealitatearen interpretazio eta fabulazio paranoikoak ditu, eta gero eta handiagoa da inguruarekiko harremanetan gatazkak izateko arriskua. Nabari zaio. «Izaera erabat aldatu zaio», dio Angelita Burgoa amak.

Espetxera ikustera joaten den aldiro nabarmentzen dio aldea: «Egunetik egunera okerrago dago; gero eta argalago, oso ahul, gero eta nahastuago». Eta ez da kasualitatea. Espetxean dituen baldintzek amildegira daramate. Sendagileen arabera, «inguru afektibo eta familiarra» ezinbestean behar ditu. Diotenez, horrek bakarrik «arindu» dezake gaixotasunaren zama. Baina hori sustatu ordez, kontrakoa ari dira egiten espetxean: Valdemoroko erizaindegian daukate, bakartuta. Horrek, gaixotasuna okertu eta jarrera oldarkorra susta dezakeela ohartarazi dute sendagileek; ondorioz, arazoak sor ditzakeela espetxean bertan.

Beldurtuta dauka egoerak gaixoaren ama. «Espetxean hilko den beldur naiz; bakarrik, lagunik gabe hilko den beldur. Izua diot horri. Oso gogorra da seme bat egoera horretan izatea. Oso».

Zigorra etxean betetzeko eskaerari ezezkoa eman berri dion epaileari ere zuzenean esana dio hori Burgoak. Harekin biltzeko egin dituen saioetako batean lortu zuen Jose Luis de Castro Espetxe Zaintzarako epailearekin egotea. Hnela esan zion epaileak, aurrez aurre: «Barkatuko didazu anderea, baina zure semea burutik erabat jota dago». «Horregatik nago hemen», erantzun zion.

«Gezurra esan zidan»

Lasaituta itzuli zen bilera hartatik. Epailea Iparragirreren egoeraz jakitun zela ikusi zuen, eta neurriak hartuko zituela agindu zion. Azken proba bat egin, fiskaltzak ez ziezaion arazorik jarri zigorra etxean betetzeko baimenari, eta, 100.2 artikulua ezarrita, espetxealdi arindua aginduko zuela esan zion. «Engainatu egin ninduen», dio desesperatuta amak. «Gezurra esan zidan».

Erabakia asko atzeratzeaz gain, ezezkoa jaso du. Espetxean orain arte bezala jarraitu beharko duela. Eta ez senideek ez abokatuek ez dute erabakia ulertzen. Legearen arabera zigorra etxean bete behar lukeela seguru daude, eta erreforma helegitea aurkeztu dute. Ane Ituiño abokatuak azaldu du De Castro epaileak berak ebatzi behar duela eskaera hori, eta ez duela horretarako eperik.

Iparragirrek ez duela damurik erakutsi argudiatu du epaileak ezezkoa, eta gaixotasun larri eta sendaezina izanagatik «egonkor» dagoela. Espetxeetako araudien arabera, ordea, gaixo dauden presoen inguruko erabakiak hartzeko gaixotasuna soilik hartu behar da kontuan.

Gainera, 2011tik aurtengo martxoan atxilotu zuten arte, etxean bete zuen zigorra neurri zorrotzekin, «inolako arazorik gabe». Beraz, presoa arrazoi politikoengatik heriotza zigorrera kondenatu dutela dio Ibai Bilbaok, Etxerat-eko kideak. Urtebetean hiru euskal preso hil direla ohartarazi du, eta gaur egun hamar oso larri daudela. «Sufrimendua luzatzen ari dira. Giza eskubideen etengabeko urratzea areagotzen. Hau da urgentziaz ebatzi beharrekoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.