Nafarroako Gobernuak 2002ko Berdintasunerako Legea berrituko du

Emakumeen eta gizonen gaur egungo egoeraren diagnostikoa egin du gobernuak. Legearen aurreproiektua hurrengo urtearen hasieran parlamentuan eztabaidatzea eta onartzea espero dute

Iruñea
2017ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Garai berrietara egokituko denberdintasun legea behar du Nafarroak. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak 2015eko akordio programatikoan hitzartu bezala, Berdintasunerako Legea berrituko du gobernuak. 2002an onartutako legea bere garaian aitzindaria izan bazen ere, gaur egun «guztiz gaindituta» gelditu dela nabarmenduzuen atzo Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak. Hala, foru lege berria garatzeko «momentu aproposa eta erabakigarria» dela gaineratu zuen.

Atzo goizean prentsaurrekoa eman zuen, Mertxe Leranoz Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendariarekin batera. Politika publikoetan genero berdintasuna lantzeko tresna berriak daudela aipatu zuten. Adibidez, duela bi urte Nafarroako Parlamentuan aho batez onartu zen Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko Legea eta, urte berean, 1995ean sortutako Nafarroako Berdintasunerako Institutua berrantolatu zen.

Lege berria lantzeko, gobernuak egungo egoeraren diagnostikoa egin du. Azken hilabeteetan, bai intereseko zenbait alorretan, bai administrazio publikoan, emakumeek eta gizonek egun duten egoera eta orain arteko bilakaera aztertu ditu gobernuak. Horrekin batera, berdintasuna eta generoa lantzen duten politika publikoak ikertu ditu.

Kontseilariaren arabera, diagnostiko horri esker genero berdintasunean dauden hutsuneak eta legearen aurreproiektuan landu beharreko alorrak antzeman dituzte. Diagnostikoan, datu eta estatistika ugari bildu dituzte,eta zenbait adituren iritziak ere jaso dituzte. Gainera, nazioartean berrikusitako legeak eta inguruko eskualdeetan garatutako legedia alderatu dituzte.

Nafarroako Gobernuaren asmoa da irailean edo urrian prozesu parte-hartzaile bat antolatzea. «Hurrengo urte hasierarako» aurreproiektua prest izatea espero dute, «parlamentuan eztabaidatzeko eta onartu ahal izateko».

DEMOGRAFIA

Azken errolda analisiaren arabera, Nafarroan 322.807 emakumezko bizi dira; hau da, biztanleen %50,4 dira. Horrez gain, gizartea zahartzen ari da, bereziki emakumeak: 65 urtetik gorako gizon bakoitzeko adin tarte bereko 1,27 emakume daude. Datu horrek adierazten du bizi itxaropen handiagoa dutela emakumeek eta, azterketaren arabera, osasun arloan oro har gizonak baino hobeto zaintzen direla.

LANAK

Enpleguari dagokionez, lan munduan emakumeen okupazio tasa gizonena baino %10,36 txikiagoa da. Gainera, batez beste gizonek baino %18 gutxiago irabazten dute. Datu txar hori Nafarroako ekonomian industriak duen indarrari egotzi dio kontseilariak;izan ere, eremu horretako langile gehienak gizonezkoak dira, eta sektorean soldata hobeak dituzte. Nahiz eta lan merkatuan emakumezko gutxiago izan, behin-behineko kontratuen %55 emakumeek izenpetzen dituzte. Lanaldi partzialeko kontratu gehienak emakumeenak dira: %79.

Aldi berean, etxeko lanen eta zaintza lanen banaketan pausoak eman diren arren, berdintasunetik urrun jarraitzen dute: emakumeek ordu bat eta 44 minutu gehiago eskaintzen dizkiete etxeko lanei gizonek baino, eta ordu bat eta 30 minutu gutxiago lan ordainduari. «Inkestetan jasotzen denez, gizonezkoek gutxitan ikusten dute euren lan bizitza zaintza lanengatik baldintzatuta», aipatu du Ollok.

ADMINISTRAZIOA

Administrazio publikoari dagokionez, hamar funtzionariotik zazpi emakumeak dira. Hala ere, «segregazio sektorial nabarmena» dagoela azpimarratu du kontseilariak. Izan ere, emakumeak gehiengoa dira osasun, hezkuntza edota giza eskubideen arloetan: bereziki zaintza lanekin zerikusia duten lanpostuak betetzen dituzte.

Aldiz, administrazioko goi-postuak gizonezkoek betetzen dituzte. «Orekatzen ari da egoera, baina oraindik kategoria handiagoko postu gehienetan gizonezkoak daude», nabarmendu du Ollok.

AISIA

Era berean, desberdintasunak daude aisialdiaren erabileran. Emakumeak gizonak baino beranduago hasten dira kirolean, eta gainera, emakume kirolari gutxiago daude. Goi mailako kirolarien artean, gizonak baino %23 gutxiago dira emakumeak. Mugikortasunari dagokionez, garraio publikoa erabiltzen dutenen %76 emakumeak dira.

INDARKERIA

Diagnostikoaren emaitzen artean indarkeriari buruzko datuak txertatu dituzte. Olloren esanetan, salaketa kopurua handitu egin da. 2007ko datuekin alderatuz, indarkeria jasan duten emakumeen salaketak ia bikoiztu egin dira: 2007an 438 salaketa egon ziren, eta iaz 837ra iritsi zen. Aldi berean, Poliziaren bitartez 2007an 989 salaketa jarri ziren, eta iaz 1.199 izan ziren.

«Datuak ikusita, ulertzen dugu sentsibilitate handiagoa dagoela gaiarekin», ondorioztatu du kontseilariak. Horrez gain, indarkeria psikologikoaren salaketek gora egin dutela azaldu du: «Foru legeak emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak jasotzen ditu, ez soilik fisikoa, baita psikologikoa ere». Horrekin batera, Ollok azpimarratu du «Nafarroan estatu osoko heriotza tasarik txikienetakoa» dagoela. Hala ere, argi utzi zuen, «heriotza bat bera ere» ez dela onargarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.