Etxeko langileen %75ek astean 60 ordutik gora egiten dute lan

Kontratazio agentzien jarduna salatu du Etxeko Langileen Elkarteak, lan baldintzak ez dituztelako aintzat hartzen. Bost urtean, ia bikoiztu egin dira Gizarte Segurantzako altak

Lorea Ureta eta Isabel Otxoa Etxeko Langileen Elkarteko ordezkariak, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2017ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Etxeko Langileen Elkarteak urteetan dihardu salatzen besteen etxeetan lan egiten dutenen baldintza kaskarrak, eta beste hainbat urte egin beharko ditu horretan, oso poliki baizik ez duelako hobera egin haien egoerak. Hobekuntza nagusia da 2012. urtean Espainiako Gobernuak sektorearentzat atal berezia jarri zuela Gizarte Segurantzan. 2011. urtean, Hego Euskal Herrian 20.581 etxeko langile ageri ziren kotizatzen; atzo emandako datuen arabera, urtarrilean, batez beste, 37.084 izan ziren. Hau da, legea martxan jarri denetik ia bikoiztu egin da Gizarte Segurantzan kotizatzen ari diren etxeko beharginen kopurua. Baina hortik aurrera, gutxi dago ospatzeko.

Gaur-gaurkoz, langileen %82ek ez dute jasotzen jaso beharko luketen soldata. Egoera okerragoa zen duela sei urte, ordea. «Inork ez zuen jasotzen behar zuen soldata; beraz, esan daiteke soldatak igo direla, baina oraindik txarra da egoera», azaldu du Isabel Otxoa Etxeko Langileen Elkarteko bozeramaileak. Eta baieztapen hori egiteko ere datuen laguntza izan du. Langileen %37k 1.000 eta 1.200 euro artean irabazten dute hilean, eta %35ek 800 eta 1.000 euro artean.

Baina, era berean, etxeko langileen %75ek astean 60 ordutik gora egiten dituzte lan, eta, horietatik,%16k 91 ordutik gorako astea izaten dute. Datu horiei atseden orduena gehitu behar zaio, %29k ez daukatelako eguneko atseden tarterik ere, eta %46k bi ordu besterik ez dituzte izaten atseden hartzeko. Emandako datu horiek parez pare jarrita, agerian geratzen da, oraindik zer egiteko handia dagoela etxeko langileen sektorean.

Lan baldintza horien atzean kontratazio agentzien jarduera salatu du Otxoak, bezeroak eskatzen dienaren araberako lan baldintzak onartzen dituztelako, horiek legearen bermea duten ala ez zalantzan jarri gabe. «Proba egitea besterik ez dago; kontratazio agentzia horietako batera deitu, eta asteko egun guztietan ordu oro lan egingo duen pertsona bat eskatzen baldin baduzu, hori emango dizuete, zalantzan jarri gabe zeintzuk diren pertsona horren eskubideak ». Egoera hori Eusko Jaurlaritzaren aurrean salatu dutela nabarmendu du elkarteko bozeramaileak. «Ez dute jaramonik egin».

Langabezia saririk ez

Etxeko langile bat kontratatzen duen pertsonak Gizarte Segurantzan izena emateko betebeharra dauka, azken legearen arabera. Baina hori horrela izanda ere, behargin horiek, lanik gabe geratzen direnean, ez daukate eskubiderik langabezia sarirako. Etxeko langile horiek egoera horretan goizetik gauera geratzen dira askotan, gainera. Izan ere, langileen %26 lanik gabe geratzen dira zaintzen duen pertsona hori hiltzen denean, edo zahar etxebatera eramaten dutenean. Kasu horietan, diru iturririk gabe geratzen dira etxeko langileak; etxe barruko langileak badira, kasuren batean, baita lo egiteko lekurik gabe ere.«Askotan etorri izan zaigu langileren bat esanez zaintzen duen pertsonak okerrera egin duela; bada, kasu horietan langilea haren ondoan geratzen da, jakinik lanik gabe geratuko dela, eta ez duela izango langabezia saririk», esan du Otxoak. Egoera hori bidegabea dela salatu du, eta erakundeei eskaera egin die etxeko langileek langabezia saria jaso dezaten. Izan ere, egungo baldintzetan, «askotan, hobe izaten da azken hilabeteetan pertsona horren ondoan egon beharrean lan berri bat bilatzea».

Zaintzen dituzten pertsonen profila ere egin du Etxeko Langileen Elkarteak urtero egiten duen txostenean —462 langile joan dira elkartera aholku eske, eta kasu horietan bildutako datuetatik atera dituzte ondorio horiek—. Txosten horren arabera, etxe barruko langileek zaintzen dituzten adineko pertsonen %65 emakumeak dira, %16 gizonezkoak, eta %13, berriz, gizon-emakume bikoteak. Datu hori bestelakoa da langileak etxean bertan lo egiten ez duenean: %39 emakumeak direlako, %24 gizonezkoak, eta %8 bikoteak.

Datu bat ala bestea hartu, joera bat sumatu du Otxoak: «Emakumeei, zahartzen direnean, erakundeek ez diete bermatzen zaintzarik, eta, gehiago bizi direnez,pertsona bat hartu behar izaten dute». Otxoaren arabera, datu horrek agerian uzten du zaintza zerbitzuak hobetu ezean egoera horrek ez duela hobera egingo. Zaintza lanak emakumeen profila izatea, eta zainduak ere hala izatea «ez delako kasualitatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.