Begiradak Marokon ezarrita

Europan atentatuak egin dituzten muturreko islamista gehienak jatorriz marokoarrak dira. Europan meskitak eta imamak kontrolatzeko eskatu du Latif Barne ministroak

Marokoko Polizia iaz atzemandako arma batzuk erakusten, Salen. Urteotan ehunka lagun atxilotu dituzte erasoak prestatzea leporatuta. FATIMA ZOHRA BOUZIZ / EFE.
Mikel Rodriguez- Ricard Gonzalez
2017ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroa Rabaten izan zen atzo. Kargua hartu zuenetik hirugarren aldiz bidaiatu du Marokoko hiriburura. Abdeluati Latif Marokoko Barne ministroarekin elkartu zen, eta hilaren 17an muturreko islamistek Katalunian egindako atentatuak izan zituzten mintzagai nagusi. Erasoekin zerikusia dutelakoan Poliziak hildako eta atxilotutako hamabi lagunetatik 11 Marokon jaiotakoak dira, eta hango Poliziak atzo bertze bi herritar atxilotu zituen, Kataluniako erasotzaileei laguntzea leporatuta. Azken bi urteotan muturreko islamistek Europa mendebaldean egin dituzten atentatu handienetan Poliziak erasotzailetzat jotako gehienak Marokon jaiotako herritarrak edo marokoar jatorrikoak izan dira. «Ahaztu ezin den datua» dela erran zuen Zoidok atzo, baina Latifek Europan paratu zuen arreta. «Europako herrialdeetan jaio diren marokoar migratzaileen bigarren eta hirugarren belaunaldiek arreta berezia behar dute, terrorismoaren atzaparretan eror ez daitezen». Marokoko Barne ministroaren ustez, «kontrolpean ez dauden meskitak eta muturreko imam batzuk» zaintzapean paratu beharko lituzkete Europan.

EI Estatu Islamikoak Sirian eta Iraken kalifa herria aldarrikatu ondoren (2014) handitu zen, erabat, muturreko islamistek Europa mendebaldean egindako atentatu kopurua. Sirian eta Iraken EIren alde borrokan ari diren atzerritarren jatorriaren estatistikak argitaratu direnetan, Maroko ez dute lehenbiziko bortzen artean sailkatu, eta, errate baterako, Tunisiatik eta Frantziatik baino boluntario gutxiago joan dira Ekialde Hurbilera —Tunisiak Marokok baino hiru aldiz biztanle gutxiago ditu, eta Frantziak, berriz, musulman deklaratutako populazio anitzez txikiagoa—.

Marokok 2003an jasan zuen muturreko islamismoaren lehenbiziko atentatu handia; hamabi erasotzaile suizidak 33 lagun hil zituzten Casablancan, hainbat eraso koordinatutan. Salafia Jihadia taldeak hartu zuen bere gain atentatua. 1980ko hamarkadan Afganistanen AEBen laguntzarekin sobietarren aurka borrokatu ziren beteranoek sortu zuten Salafia Jihadia, eta Casablancako atentatuaren aitzinetik dozenaka hilketa egin zituzten Marokon, «portaera islamikoa» betetzen ez zuen jendearen aurka. 2003ko erasoaren ondotik, gobernua imamak eta arduradun erlijiosoak kontrolatzen hasi zen, mezu salafistak kontrolatzeko. «Erregeak izendatzen du Ulemen Kontseilu Nagusia —doktrina eta zuzenbide islamikoko adituak dira ulemak—, eta imamek Auzi Erlijiosoetarako Ministerioaren baimen bat behar dute jarduteko», azaldu dio BERRIAri Yassine Suidi muturreko islamismoan adituak.

2003ko erasoen ondoren, muturreko islamistek atentatu handi bakarra egin dute Marokon—2011n Marrakexen, hamazazpi hildako—, eta EI muturreko islamismo sunitaren erreferente bihurtu zenetik, ez dute bakar bat ere egin; Suidiren iritziz, mugimendu horren aurka «eragile guztiek» parte hartu dutelako. «Estatuko eta gizarte zibileko eragileek parte hartu dute estrategia komun bat diseinatu eta gauzatzen». Hala ere, Marokok ezin izan du eragotzi ehunka herritarrek bat egitea EIrekin. Suidiren arabera, ez dago erakarpen hori azaltzen duen arrazoi bakar bat. «Hemezortzi motibo identifikatu ditugu pertsona bat erakarria sentitzeko. Gai dira identifikatzeko pertsona batek zein gabezia dituen, zein gauzak diren garrantzitsuak harentzako, eta hori eskaintzen diote».

Europan jasotako ideiak

Dena den, Europan atentatuak egin dituzten gehienak Europan bertan jaioak edo heziak izan dira, jatorria Marokon eduki arren. Kasu batzuetan atentatuaren ikerketek Marokorekin loturaren bat aurkitu badute ere, ezin da baieztatu muturreko ideologia hori Magrebetik ekarri dutenik. The Washington Institute AEBetako think tank-aren arabera, kontrakoa gertatu da. «Ideologia hori duen marokoar kopuru txikiak kanpora jo du babes bila, eta bertze batzuk Europako herrialdeetan erradikalizatu dira», Sarah Feuer eta David Pollock ikerlariek Bartzelonako atentatuen ondoren idatzi zutenez. Ezaugarri kuantitatiboek eta historikoek ere azalduko lukete erasotzaileen artean marokoar jatorrikoek duten presentzia handia. Europatik gertuen dagoen herrialde arabiarra da, eta diaspora handia du Iberiar penintsulan, Frantzian, Belgikan eta Herbehereetan, Espainiak eta Frantziak kolonizatu zutelako. Horregatik, EIren ideiekin bat egin duten musulman anitz marokoar jatorrikoak dira herrialde horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.