Azkeneko hiru urteotan %12,1 igo da Bilboko Portuko jarduera

Portuko trafikoa %5,1 hazi da 2015ean, eta urtea amaitzen denerako %3 handitzea espero dute.Gas naturala ere handitu egin da (%41), inportatzeari utzita esportatzen hasi baitira

Carlos Alzaga Bilboko Portuko zuzendaria, Asier Atutxa presidentea, eta Luis Gabiola operazio zuzendaria, atzo, urteko balantzea aurkeztu aurretik. L. JAUREGIALTZO / ARP.
Lander Muñagorri Garmendia.
Santurtzi
2016ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Krisia piztu aurreko datuetara itzultzen ari da apurka-apurka Bilboko Portua. 2007. urtean lortu zuen datu errekorretatik urrun dago oraindik ere. Orduko hartan, 40 milioi tonako trafikoa izan zuen portuak, baina iazko datuak «onak» direla azaldu dute, 32,4 milioi tonatara iritsi zirelako. Jarduera lehengoratzen ari dira pixkanaka, Asier Atutxa Portuko Agintaritzako presidenteak atzo nabarmendu zuenez. Eta emandako datuek hori erakusten dute: 2015ean merkantzien trafikoa %5,1 hazi zen, eta urte hau amaitzen denerako igoera %3 ingurukoa izatea aurreikusten dute.

Zenbaki horiek eskuan, azken hiru urteotan etengabe handitu da portuaren jarduera, epe horretan sartu-irtenen kopurua %12,1 igoz. Era horretan, 2008. eta 2012. urte artean izan zuen %25eko beherakadari aurre egiten ari direla azpimarratu du Atutxak. Oraindik, ordea, galdutakoa ez dute berreskuratu, eta horretarako denbora beharko dutela ere jakitun dira Bilboko Portu Agintaritzan.

Lehengoratzen ari da Bilboko Portuaren jarduera, eta horren lekuko da, esaterako, produktu solido eta likidoek trafiko guztian izan zuten pisua. %84ra iritsi zen, eta, hori bai, 2007ko datuen parekoa izan zen. Aurtengo hazkundea, berriz, produktu likido, kontainer eta ohiko salgaiek ekarriko dute, baina ez solidoek. Atutxak azaldu du ACBk gutxienez urtea amaitu arte itxita iraungo duela, eta horrek «ziurrenik» produktu solidoen trafikoari eragingo diola «zuzenean». Izan ere, Sestaon (Bizkaia) dagoen altzairu lantegiak orotara 610.000 tonako ekarpena egiten dio Bilboko Portuaren trafiko solidoari.

Produktu solidoek izan dezaketen jaitsierarik ez da aurreikusten, ordea, likidoetan. Hain zuzen, joan den urtean igoera nabarmena izan zuelako sail horrek. Zehatzago esateko, gas naturalaren trafikoa %41 hazi zen iaz. «Inportatzeari utzi, eta esportatzen hasi ginen, eta hortik etor daiteke hazkundearen arrazoia», Atutxaren arabera. Horrez gainera, Petronor findegiak iaz jarduera handiagoa eduki zuen, eta ondorioz, igoera hori Bilboko Portuan sumatu zen. Petrolioari lotutako produktuen sartu-irtenak %9 hazi ziren iaz.

Ferry edo transatlantiko bidez iritsi diren bidaiari kopuruak ere gora egin du portuan: 165.522bidaiari jaso ditu denera, 2014an baino %3 gehiago. Baina urtea amaitzerako transatlantiko gehiago iristea espero du Atutxak. %20 transatlantiko gehiago aurreikusten ditu presidenteak; bidaiari kopuruan %25eko hazkunde bat eragingo luke horrek.

Azpiegituren beharra

Hazten ari da Bilboko Portuaren jarduera, eta joera berari eustea izango da datozen urteetako helburua ere. Horretarako, dena dela, Atutxak ezinbestekoak diren azpiegituren beharra ikusten du. Izan ere, jarduera igoerarekin portuko okupazio maila ere hazi egin da. 2014an portuaren %75 ari ziren erabiltzen bertan kokatuta zeuden enpresak, eta, gaur egun, %80ra ailegatu da kopurua. «Gelditzen zaizkigun lurzatiak ez dira hain handiak, eta enpresak erakartzen jarraitu nahi badugu, erdialdeko kai muturra ere beharrezkoa daukagu».

Portu barruan egiten ari diren azpiegitura da hori, oraintxe esku artean daukaten proiektu garrantzitsuenetariko bat. 39 hilabeteren bueltan amaituta izatea espero du Atutxak. Eta kai mutur hori baliagarria izango da, besteak beste, enpresa gehiago erakartzeko. Edozein modutan, okupazio handia izanda ere, logistika eta ekoizpen industrialean jarduten diren lauzpabost enpresa berri Bilboko Portura joatea aztertzen ari dira.

Trenak portura iritsi ahal izatea erraztu behar dela ere adierazi du Atutxak. Iaz, 4.186 tren iritsi ziren Bilboko Portura, eta %5 haziz. Kontainerren %23 eta karga lehorraren %16 tren bitartez iristen dira gaur-gaurkoz. Beraz, «garrantzi estrategikoko garraioa» dela nabarmendu du Atutxak. Horregatik, Bilbo hegoaldeko trenbide saihesbidearen lanekin «ahal bezain laster» hasteko eskatu du: «Estrategikoa da portuarentzat, eta urte batean edo bitan hasi beharko lukete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.