Zutik erori da Lehen Mailan

Realari 1-0 irabazita, Eibarrek ezin hobeto hasi du Lehen Mailako ibilbidea.Javi Larak sartu zuen Eibarren lehen gola, faltaz, eta armaginen historiara pasatu da jokaldia

Javi Lara Eibarreko jokalaria, erdi-erdian, taldekideak inguruan dituela, Realari sartutako gola ospatzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
2014ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
«Lehen partidatik erakutsi dugu Lehen Mailan lehiakorrak izan gaitezkeela gure armak erabilita». Taldearen lana nabarmendu zuen Javi Larak atzo Ipuruan emandako prentsaurrekoan. Ez dabil oker. Eibarrek, izan ere, joan den denboraldian Lehen Mailara eraman zuen izaerari bere horretan eusten diola erakutsita irabazi zion Realari. Eta puntuak garesti salduko dituela erakutsi du.

Intentsitate handiko taldea da, eta aurkariari, goian presio eginda, ez dio uzten baloia lasai ateratzen. Larak oso argi du zein den beren jokoa: «Gure izaera deskribatzen duten bi ezaugarriei esker lortu genituen hiru puntuak: lana eta intentsitatea». Bere larruan bizi izan zuen hori Realak. Errasti, Dani Garcia eta Larak osatutako zelai erdiak txuri-urdinen zelai erdia ito zuen, eta baloia luze ateratzera derrigortu. Eta aireko joko horretan maisu dira eibartarrak. Albentosak eta Raul Navasek ez zuten arazo handirik izan pase luze horiek moztu eta berriz erasora jotzeko.

Erasoko jokaldietan Javi Lara nabarmendu zen beste guztien gainetik. Baloia ukitzen zuen bakoitzean arriskua sortzen zuen, atzelariak berekin eraman eta Realaren lerroetan hutsuneak sortuz. Egindako lan bikaina borobiltzeko, partidako gol bakarra sartu zuen, Lehen Mailan lehen garaipena lortzeko. Eta zer-nolako gola, gainera. Faltaz, ondoko lerrora itsatsita, ia angelurik gabe baloia Zubikarairen ate barruan sartu zuen, zutoina jo eta gero. Eibarreko zale guztiak, pozik; inor ez harrituta.

Eibartarrek ondo baitakite Lara maisua dela falta jaurtiketetan. Joan den denboraldian, Ponferradinan zebilela, Eibarri sartu zion gola. 2012an ere, artean Alcoyanoren jokalari zela, Realari sartutako golaren oso antzekoa sartu zion Real Madrili. Larari, baina, ez zaio burura igo lehen gola sartu izanaren ospea. Jakin badaki bere gola Eibarren historiaren parte dela, baina argi du taldea dela garrantzitsuena: «Hiru puntuak lortzeko lan egin nuen, taldekideek bezala».

Lararentzat, haren taldekide askorentzat bezala, Lehen Mailan jokatzen zuen aurreneko partida zen atzokoa. Garitanok zelairatu zituen 11 jokalarietatik hamarrek Bigarren Mailan jokatzen zuten iragan sasoian. Gauzak horrela, Larak normaltzat jotzen du beste taldeek «ahulagoak» direla pentsatzea, baina «gehiegi ez fidatzeko» gomendatu zien.

Ipuruaren babesarekin

Herenegungo garaipena berriz lortzeko, ezinbestekoa izango da Ipuruaren laguntza. Taldea deserosoa izango da etxean, aurrean duen taldea dena delakoa dela. Larak ere argi du: «Garaipenak argi utzi digu etxean indartsu izatea dela helburuak lortzeko bidea». Babes faltagatik ez da izango. Eibarren oso ondo ohitu ziren joan den sasoian etxean garaipenak eta puntuak biltzera, eta zaleak ez daude arrakastaren bide horretatik ateratzeko gogoz. Hasiera ikusita, badirudi sasoi honetan ere izango dutela zer ospatu.

Realak, berriz, azkar ahaztu beharko du derbia. etzi jokatuko du-eta Europako Ligako itzulikoa, Krasnodarren aurka. Gaur aterako dira txuri-urdinak Errusiara bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.