Komunistak, jokoz kanpo

Ukrainako Gobernuak legez kanpo utzi ditu alderdi komunistak, eta aurrerantzean ezin izango dute bozetan parte hartu.Sobietar ikurrak kentzeko kanpaina abiatu du Kievek

Hondeamakina bat Leninen estatua suntsitzen, Ukraina hego-ekialdeko Sloviansk hirian. MIKEL ARREGI ASKASIBAR / EFE.
Sloviansk
2015eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Hondeatzailearen zarata ehunka metrotara entzuten da Sloviansk-en, Kievek kontrolpean eusten duen Donbass eskualdeko hiriaren erdialdean. Eguerdiko eguzki zorrotzaren azpian lan egin behar izatea eta asteburua izatea ez dira aitzakia hiriko plaza nagusian jo eta ke Leninen irudia botatzeko lanetan ari diren langileentzat. «Lotsagarria da; Lenin gizon ona zen, eta ez zuten irudi hau bota beharko», dio eszena ikustean haserrea adierazten duen gazte batek. Salbuespen izatetik urrun,Sloviansken ikusitakoa udaberritik hona komunisten kontra abian jarritako sorgin ehizaren beste kapitulu bat besterik ez da. Ukrainako Parlamentuak joan den apirilean onartutako deskomunizazio legearen barnean, Ukraina guztian ikur komunisten kontrako milaka ekintza egin ditu gobernuak.

Bada, ikurretatik harago doan erabaki politiko bat hartu berri du Kieveko gobernuak aste honetan, Ukrainako alderdi komunistei hauteskundeetan parte hartzeko debekua ezarri baitie Justizia Ministerioak. «Ukrainako Alderdi Komunistak eta beste bi talde komunistek ezin izango dute udal edo presidentetzarako hauteskundeetan parte hartu», iragarri zuen Pavel Petrenko Justizia ministroak joan den astean.

«Legea oztopatzen»

Hala, alderdi horiek ez erregistratzeko agindua eman die gobernuak Ukrainako hauteskunde organoei, komunistek «deskomunizazio legea oztopatzen» dutela esanda. Erabakia parlamentuko batzorde batek Ukrainako alderdi komunisten inguruan egindako azterketaren ostean hartu du gobernuak, eta, praktikan, alderdi horien legez kanporatzea esan nahi du. Neurri horrek Ukrainako Alderdi Komunistari, Alderdi Komunista Berriztatuari eta Ukrainako Langile eta Nekazarien Alderdi Komunistari eragingo die.

Gobernuaren erabakiak, baina, komunisten erantzun azkarra eragin du. «Debeku honen gainetik, udal hauteskundeetan izango gara modu batean edo bestean», adierazi dio RIA Novosti agentziari Petro Simonenko Ukrainako Alderdi Komunistako presidenteak. Hori bakarrik ez eta gobernuaren erabakiaren kontra egiteko nazioarteko legeetara joko dutela ere adierazi zuen komunisten presidenteak. Badirudi komunisten eta gobernuaren arteko gatazka hasi besterik ez dela egin. Izan ere, komunistek ahalegin handiak egingo dituzte datozen hauteskundeen zilegitasuna zalantzan jarri eta prozesua oztopatzeko.

Bide horretan, Ukrainako komunistek Errusiako Alderdi Komunista indartsuaren babesa izango dutela jakin da. «Erabaki hori azken urte honetan Kieveko gobernuak egin dituen politika neofaxisten erakusgarri da», esan du Ivan Melnikov Errusiako Alderdi Komunistako presidenteordeak. Ukrainako komunistei babes guztia eskaini die Melnikovek.

Komunistek boto kopuru handiak lortu izan dituzte historikoki, batez ere errusiar hiztun diren Ukraina hego eta ekialdeko guneetan. Eremuotan, boto-emaileen %15 ingururen babesa jaso izan dute; nahiz eta Kiev hiriburuan eta mendebaldeko lurraldeetan babes hori %5ekoa besterik ez den izan. Azken urteetan, baina, gainbehera handia sufritu du 1990eko hamarkada bukaeran Ukrainako alderdi indartsuena izatera heldu zenak. Gizarteak Sobietar Batasuna denboran gero eta urrutiago ikusteak eta, batez ere, ukrainar politikan nazionalismoak hartu duen garrantziak kalte handia egin dio mugimenduari. Horrela, 2014ko estatu kolpearen ostean egindako hauteskundeetan, parlamentutik kanpo geratu zen lehenengo aldiz Ukrainako Alderdi Komunista.

Komunismoa, «kriminal»

Joan den maiatzaren 15ean sinatu zuen Petro Poroxenko presidenteak hilabete lehenago Ukrainako Radak onartutako deskomunizazio legea. Horren baitan, sobietar garaiko ikur guztiak erretiratzeko agindua eman zuen Kievek, baita ukrainar ohituretan garrantzitsuak ziren beste zenbait izen aldatzeko ere. 22 hirik eta 44 herrik izena aldatu behar izan dute denbora tarte honetan. Arau hori hausten dutenentzat bost urtera arteko kartzela zigorrak aurreikusten ditu legeak. Kieveko gobernuaren ekimenak, gainera, nazismoarekin parekatu nahi izan du komunismoa, «totalitarioa eta kriminala» dela argudiatuta; Sobietar Batasunari ere egotzi dio Bigarren Mundu Gerran Ukrainak jasan zuen hondamendia.

Kieveko gobernuak sustatutako komunisten kontrako legeak hautsak harrotu ditu bai Ukrainan, bai nazioartean. Alde batetik, estatuak eta kale izendegiak aldatzen xahutu diren ehunka milioi euroengatik kritikatu dute Europako zor publiko handienetakoa duen gobernua. Bestetik, ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundea moduko nazioarteko erakundeek kezka agertu dute, legeak prentsa askatasunean zein gizarte zibilaren funtzionamendu demokratikoan izan dezakeen eragin ezkorrarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.