Bost orduko galdeketa Benjamin Netanyahuri

Poliziak Israelgo lehen ministroa galdekatu du haren etxean. Bost dira agintariak zabalik dituen auziak, eta baliteke haren etorkizun politikoa kolokan egotea. Astelehenean Trumpekin elkartuko da

Kristina Berasain Tristan.
2018ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Benjamin Netanyahuk bost orduko galdeketa bati erantzun behar izan zion atzo bere etxean. Polizia Jerusalemgo haren egoitza ofizialera joan zitzaion goizeko lehen orduan. Israelgo lehen ministroari aurten egin dioten lehen galdeketa da, baina litekeena da azkena ez izatea; izan ere, iaz zazpitan galdekatu zuten, hainbat ustelkeria auziren harira.

Likudeko ordezkaria ataka zailean dago, haren agintaldia eta etorkizun politikoa kolokan egoteraino. Netanyahuk hamabi urte daramatza agintean, bozetan hirutan irabazita, eta orain babesa ematen dion koalizioak —kontserbadoreak, ultraortodoxoak eta nazionalistak elkartzen dituena— lehen ministroa sostengatzen jarraitzeko asmoa erakutsi du, hura inputatu arte bederen. Oposizioa, baina, gero eta irmoago ari da haren dimisioa eskatzen, eta kalean ere gero eta maizagoak dira haren kontrako protestak. Azkenekoa Tel Aviveko Habima plazan iragan otsailaren 16an egindako elkarretaratzea izan da. Herritarrek prime minister (lehen ministro) beharrean crime minister (krimenaren ministroa) leloa zeramatzaten afixak zeuzkaten eskuetan.

Hiru egun lehenago, otsailaren 13an, Poliziak txosten bat helarazi zion fiskal nagusiari, lehen ministroa inputa zezan eskatuz. Bi ustelkeria auziren harira egin zuten salaketa: bata iruzurragatik, eta bestea eroskeriagatik. Netanyahuk, baina, txostena «zuloz betetako gazta suitzar» batekin alderatu zuen, eta haren kontrako akusazio guztiak ukatu ditu orain arte.

Opariak trukean

Lehen ministroak bost auzi ditu zabalik; bi aipatzen dira poliziak fiskaltzari helarazitako txostenean. 1.000 zenbakia daraman auziaren arabera, lehen ministroak eta haren familiak 230.000 euroko opariak onartu zituzten bederatzi urtez; tartean bitxiak, puruak eta Frantziako xanpaina. Trukean, hobari fiskalak ematen zituen. 2.000 izeneko auzian, berriz, egunkari baten mesedean aritzea leporatzen diote. Yedioth Ahronoth Israelen irakurle gehien dituen egunkaria da, eta lehen ministroak komunikabide horren aldeko legezko neurriak babestu zituen, haren irudiaren eta interesen aldeko informazioa zabaltzearen truke.

Atzokoan, 4.000 zenbakia daraman auziaren harira hartu zioten deklarazioa Netanyahuri. Ustez, Bezeq telefonia operadoreari lehen eskuko informazioa ematen zion, enpresak babesten duen komunikabide batek haren izena eta jardun ona goraipatzearen truke. Auzi horrekin lotura dutelakoan, lehen ministroaren gertuko hiru lagun atxilotu dituzte honezkero, tartean Shaul Elovitch: Bezeq enpresako akziodun nagusia da, eta lehen ministroaren oso gertukoa.

3.000 auziaren inguruan ere deklaratzekoa zen lehen ministroa atzo, baina azkenean ez zen hala izan. Eroskeriarekin lotutako delitua leporatzen dioteauzi horretan: gobernuak urpekoak erosi zizkion AlemaniakoThyssenKrupp itsasontzi enpresari bi mila milioi euroren truke, eta ikertzen ari dira erosketa horretan estatuko hainbat ordezkarik eskupekoak jaso ote zituzten.

Baina ez dirudi Netanyahu amore emateko prest dagoenik, zabalik dituen auziak oso larriak badira ere. Legebiltzarrerako bozak aurreratzea eskatzen ari diren arren, lehen ministroak jada jakinarazi du asmoa duela datorren urtearen amaierarako iragarrita dauden hauteskundeetara aurkezteko; Netanyahuren bosgarren agintaldia litzateke. Eta, zalaparta honen erdian, agenda politikoari eusten dio; Donald Trumpekin elkartzekoa da datorren astelehenean Washingtonen. Etxe Zurira urtebetean egiten duen bigarren bisita da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.