Inoiz baino hunkigarriagoa

Elizondotarrek uholdeen ondorioz egindako auzolana eta elkartasuna eskertu nahi izan dituzte.Gartzainek irabazi du aurtengo Baztandarren Biltzarraren orga lehiaketa

Irudian, Elizondoko orga, uholdeen ondorioz herritarrek izandako elkartasuna eskertzeko egina. IÑIGO URIZ/ ARGAZKI PRESS.
Elizondo
2014ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Elkartasuna. Hori da igandean gehien nabaritu eta eskertu zen hitza Elizondon (Nafarroa). Aurten 51 urte bete dira Baztandarren Biltzarra lehen aldiz egin zenetik, eta oraindik ere pil-pilean dago duela mende erdiko talde espiritua; aurten inoiz baino nabariagoa izan da, gainera. Izan ere, igandekoa hilabete honetako baztandarren bigarren biltzarra izan zen, uztailaren 4an uholdeek eragindako hondamendiaren aurrean ere herritar guztiak elkartu eta egoerari aurre egin baitzioten. Orduko auzolana eskertzeko, Elizondoko kuadrilla guztiak batu, eta orga bakarra egin zuten, Auzolana, izerdi tantek sortutako elkartasun uholdea lelopean.

Goizeko hamaiketatik aurrera, hamabost orga ibili ziren Elizondoko karriketan zehar; Baztango herri bakoitzeko, bat. Eguraldi kaskarra iragarrita zegoen arren, ia desfile guztia euri tantarik erori gabe egin zuten baztandarrek, baina, badaezpada ere, bazkaria Baztan pilotalekuan egin zen, urtero bazkaria egiten den Merkatuko zelaiak ez baitu estalperik.

Gartzaingoak irabazi zuen orga apainduen lehen saria; lehengo bizitza gogorra irudikatzen zuen. Sari banaketan, Jon Elizetxe herritarrak bertso batekin eskertu zuen lehen postua, eta, modu berean, herritarren batasuna goraipatu zuen. Berroetak jaso zuen bigarren saria, eta Elbetek hirugarrena. Orgen bidez, herri bakoitzak bertako historiaren zati bat irudikatu zuen, eta aldarriak ere izan ziren. Lekarozko karrozak, esaterako, eskola baten beharra nabarmendu zuen.

Orain arte Elizondon orga gehiago egin izan dituzten arren, uholdeen ondorioz lagun talde guztiak elkartu, eta jendearen auzolana eskertzeko karroza bakarra egin zuten. Orga orduko irudiz apaindurik zegoen, eta aurrean logotipo berezi bat zeukan: uholdearen azpitik ateratako hiru ukabil, auzolana irudikatzeko. «Duela bi asteko hondamendien ondorioz, festa kolokan zegoen, baina jendearen laguntza eta parte hartzea sekulakoa izan da, eta uste dut inoiz baino hunkigarriagoa izan dela aurtengo Baztandarren Biltzarra», nabarmendu du Ekhine Etxeberria elizondotarrak.

Berrikuntza modura, aurten orgen antzerkiak ez dira udaletxe parean egin, kultur etxe aurrean baizik. «Espainiako bandera jartzea inposatu digute, eta baztandarrak ere horren aurka gaudela adierazi nahi izan dugu aldaketa horrekin», adierazi du Jaione Elizagoien Baztandarren Biltzarraren antolatzaileak.

Helburuak, beteta

Uholdeek protagonismo handia izan duten arren, aurtengo leloa Baztanen eskuaraz barra-barra izan da, eta, horren harira, eskolak omendu dituzte, euskara sustatzeko egiten duten lanarengatik. Elizagoienek gogorarazi du «bikaina» dela Baztan osoa batzea euskararen inguruan, baina hizkuntza egunero landu behar dela. Alde horretatik, antolatzaileak pozik geratu ziren, eta euskara ia guztien ahotan zegoela nabarmendu zuten.

Giroari dagokionez ere, kontent azaldu da Elizagoien. Desfilearen ondotik, mutil dantza mistoa egin zen plazan, eta, jarraian, baztandar zein kanpokoek Baztan pilotalekuaren eta karparen babespean bazkaldu zuten. «Guztiok pilotalekuan sartzen ez ginenez, jendea bitan banatzea pentsatu genuen; B plana arras ongi atera da», adierazi du Elizagoienek. Horrez gain, inoiz baino zerbitzari gehiago batu izana eskertu du, 85 gazte inguru ibili baitziren lanean.

Baztandar askorentzat urteko egunik politena da Baztandarren Biltzarra, eta aurtengoak ere ez du hutsik egin. Bestondoa pasatuta, hurrengo urterako ideiak pentsatzen hasiko dira bailarakoak, datorren urtekoa ere aurtengoa bezain berezia izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.